Wikileaks-etik gehien harritzen nautenak
Ruben Sánchez, Askapenaren kontrako operazioa auziperatua, info7-rako.
Sentitzen dut baina ez daukat azken orduko filtrazio harrigarririk. Hala ere, wikileaks-etik datorren berri-uholdeen inguruan gauza batzuk oroitaraztea garrantzitsua delakoan nago.
Batetik hedebideen inguruan. Nola heltzen zaizkigu albisteok guri? Ba, aurrena Wikileaks-ek Ameriketako Estatu Batuen boterearen galbahea (estatu departamentuaren bidez) pasatu behar du derrigorrez informazio horrek sortu litzakeen kalteak (pertsonei, estatuari...) ekiditeko. Gero gainera munduko 5 egunkariri eman diete informazioaren jabetza. The Guardian, New York Times, Le Monde, Der Spiegel eta El País. Horrek esan nahi du gureganaino heltzen diren informazioak oro galbahe horietatik iragazi dituztela. Filtrazio iragaziak, beraz, hau da, iragazien iragaziak. Garrantzitsua da hau aintzat hartzea zurrunbilo hau ulertzeko.
Baina iragaziak iragazi, nola jorratzen da oro har informazioa? Bada bi bide daude: lehena 'no comment' da (hau da, adibidez, estatu gehienek hartu duten jarrera), bigarrena hedabide ofizial gehienen ildoa: batetik prentsa horirantz makurtzen dena: halako agintaria harroputza dela esanez, edo hango estatu-burua aspergarria edo karismarik gabekoa dela edo beste honi gustatzen zaizkiola parrandak... eta bestetik 'egur interesatua', hau da, informazio guztien artean, hau eta hau, hautatzen ditut honegatik edo horregatik.
Egia da bestalde, informazio gehienak aski ezagunak zirela lehenagotik ere, adibidez Iñaki De Juanari ezarri zioten zigor erantsia, krimen 'asmatu' baten bidez egin zutela, bagenekien, bai, eta bagenekien jakin estatu batuek mundu osora zabaltzen dituztela beren atzapar inperialistak eta han eta hemengo estatu eta herrien burujabetza urratu eta kutsatzen dituztela etangabe, neurri apalagoan Europar Batasunekoek, Errusiak edo Txinak berdin egiten duten bezala.
Bestalde, kontu guztiak gehiago nahaste aldera Wikileakseko Julian Assange aurpegi ezagunenari bortxaketa salaketa egotzi diote Suedian. Ur nahasi horietan murgiltzen ez naiz ausartzen, baina edozein kasutan, afera gehiago korapiltzen dela argi dago.
Eta orduan zer? Zein jarrera hartu?
Bada, inperioen kontra eta herrien alde gaudenontzat Wikileaks-eko iragazien iragaziek balio behar digute ekinean jarraitzeko, behintzat orain 'frogak' ditugu eszeptiko askoren aurrean, inperioen jardun beltza eta zikina gure asmakeriak ez direla argitzeko, jada da ez da geuk, hau da betikook, hau da denaren kontra gaudenok esaten duguna, orain enbaxadoreek, lehendakariek, diplomatikoek esana da!!!!