Xabier Mina, jaurdunaldien kronika Mexikotik

Gilberto López y RivasIturria: www.8herrialdea.org, argazkian Gilberto López y Rivas

Gilberto López y Rivas antropologoak nazioatasunaren gaineko azterketa berritua egin du Mexiko Hirian, Javier Mina eta Euskal Herria jardunaldien lehen hitzaldian

Espainiako ezkerrak bat egin du ezker abertzalearen kontra eta, oro har, Euskal Herriaren burujabetza lortu nahian dabiltzanen kontra agintari espainiarrak sustatu errepresioarekin. Horixe azpimarratu zuen Gilberto López y Rivas antropología doktore mexikarrak joan den asteartean, "Javier Mina eta Euskal Herria. Autodeterminazioaren bila dabilen herria" izeneko jardunaldien lehenengo hitzaldian. Mexiko Hirian, Kazetarien Elkartearen egoitzan aztertuko dute, ostirala bitartean, Euskal Herrian gaur bizi den egoera. Duela gutxi Katalunian eta Espainian izana den antropologoak esan du Euskal Herriko aferaz eta monarkiaz galdetzea nahikoa dela, ustez ezkerrekoak diren intelektualen eta politikoen benetako pentsakerak ezagutzeko.

Hirurogei lagun baino gehiago bildu ziren lehen ekitaldi horretan. Mexikarrak gehienak, euskal herritar batzuk ere izan ziren hitzaldian, nahiz eta amaieran parte hartu zuten guztiak bertokoak izan ziren. López y Rivasek naziotasunaren gainean hitz egin zuen, nazioaren ikuspegi burgesa bezala, ohiko marxisten ikuspegiak ere gainditu eta herritartasuna nazioarekin lotuko duen ikusmolde berriaren alde egiteko. Zentzu horretan, Mexikoko hegoaldean armada zapatistak nazio askapenaren ikuspen berrituan izan duen eragina azpimarratu eta goraipatu zuen La Jornada ezkerreko egunkarian azterketa politikoak egin dituen antropologoak.

López y Rivasek Floren Aoiz historilari euskalduna izan du mahaikide jardunaldion lehen ektialdi honetan. Aoizek Mexikok eta Euskal Herriak nork bere independentzia eskuratzeko izan dituzten ibilbide historiko eta politikoak aztertu zituen, jakinak diren ezberdintasunak ahaztu gabe ibilbide bi horiek izan dituzten antzekotasunak aztertuz. Javier Mina nafarrak Mexiko aldean izan zuen eragina gogoratzeaz gainera, Euskal Herriko jauntxoek izan zuten eskuartze mingotsa ere aipatu zuen historialari nafarrak. Lehen eskuartze honetan batez ere historiaz hitz egitekoa bazen ere, Aoizek gaur egun Euskal Herrian bizi denaz hitz egin behar izan zuen, horren ingurukoak izan baitziren hizlariek amaitu ondoren jendearen parte-hartzeari bidea eman zitzaionean entzule mexikarrek adierazi edo galdetutakoak. Izan ere, birritan aipatu zituzten zazpi euskal errefuxiatuak Espainiaren esku utziaz agintari mexikarrak gatazkan izan zuten eskuhartze lotsagarri bezain zuzena.
Kapitalaren neokolonialismoa eta nazioartekotasunaz jardungo dute gaur, jardunaldion bigarren ekitaldian. Aoizekin batera, mahaian izango dira Carlos Fazio eta Luis Hernández Navarro ekintzaile mexikarrak. Aipatu hitzaldiokin batera, euskal zinemaren gaineko agerraldia antolatu dutela Euskal Herriaren Lagunakek eta Javier Mina euskal Diasporak, 8. Herrialdea elkartearen laguntzaz.