libano-2019

Libanoko brigadaren azken kronika!

Ekialde Hurbilak garapen historiko zehatza izan du; bere baitan eman baitira kolonialismo eta inperialismoaren interes gordinenetariko batzuk. Hala nola, Bigarren Mundu gerraren ostean Aliatuek, hasieran zegoen herrialdea banatu zuten haien interesen arabera eta gaur egun, askatasun nazional mugimenduen ondoren inperialismoa jasaten ari dira haien aberastasun naturalaren kontrola bermatu nahi baitu.

Garapen historiko horren barruan Libanoko herrialdea aurkitzen dugu, herrialdea frantziar kolonia bat izan zen, baina honen egitura soziala berezia da beste herrialdeekin alderatuz. Hala nola, erlijio desberdinen arteko oreka ematen den herrialde bat, bai politikoki bai sozialki. Hori gutxi balitz, interes inperialisten ondorioz Estatuaren ahultasuna oso handia da, horren adibide dugu zerbitzu minimoen berme eza; hezkuntza, osasuna, trafikoa, errefuxiatu kanpamenduen kontrol eza… Horretaz gain, erlijio eta alderdi politiko desberdinek zerbitzuak bermatzen dituzte.

Libanoko brigadaren 3. kronika: Palestinar Herri Askapen Frontea eta Saida inguruko protestak

Jada Badawiko palestinar errefuxiatu esparrua atzean utzi dugu eta Libano hegoaldera etorri gara. Saida kostalde hirira etorri gara, bertan dagoen Ayn Al-Hilweh esparruan egoteko, Libanoko handiena dena. Aurreko bigarren kronikan aipa genuen bezala Badawiko zelaia zeharo desberdin egin zaigu Shatila esparruarekin alderatzean, atera ditugun ondorioek horrela utzi gaituztelarik. Badawin izandako elkarbizitza gehiena PAHF (FPLP) alderdiarekin izan da, haien egunerokotasunaren berri izateko aukera paregabea bilakatuz. Era honetan argi utzi digute epe ertainean aldaketa positiboak emango direla eta erabat baikor dira hamarkada honetan izango dituzten erronkei ongi erantzuteko duten gaitasunaz. Are gehiago, Entitate Sionistari aurre egiteko kapaz ikusten dira alderdi ezberdinen arteko batasun militarra mantentzen bada, historiak iraganean erakutsi dizkien lezioak direla eta hau adostutako zutarria izanik.

Irakurri osorik!

Libanoko brigadaren 2. kronika Badawitik

Gure bidaiarekin jarraituz Shatila kanpamentuan astebete eman dugu eta iada berora ohitu gara. Bertan jende ezberdina ezagutu dugu, baina batez ere Cuban ikasitako palestinar errefuxiatu bati esker lortu dugu esparru honetan zehar harremanak egitea eta antolakunde ezberdinekin elkartu ahal izatea. Bertako egoera “kaotikoa” ikusirik oso baliagarria izan zaigu halako laguntza bat aurkitu izana.

Irakurri osorik!

Libanoko brigadaren lehen kronika Shatilatik!

Hirugarren eguna daramagu Shatila eremuan eta dagoeneko berora ohitzen hasi gara. Shatila Beirut hiriko eremu metropolitanoko esparruan dagoen palestinar errefuxiatu kanpamentu bat da,  hemengo errealitatea beste mundu batekoa dela dirudi,  kablez jositako adreiluzko hiri bat, kale-bizitza kaotiko baten baitan. Hasieran, 50.etako hamarkadan, denda-etxebizitzak ziren, gaur zementu ta adreiluzko etxeak dira zeinak  gorantz eraikitzen diren espazio faltarengatik.  Are gehiago, eguzki izpiak nekez sartzen dira Shatilako txoko askotara. Elektrizitateari dagokionez,  argindar publikotik elikatzen dira eta kanpamendu osorako bost generadore dituzte, askotan argindarraren joan etorriak ematen dira baina hauen bizitzak “normaltasunez” jarraitzen dute. Etxeetako ura itsasotik hartzen dute, beraz egunero ur botilak erosten egon behar dira, kaleak plastiko hondakinez josiz.


Shatila esparruan, ez dago datu zehatzik baina 13.000 errefuxiatu erroldatuta daude baina 35.000 errefuxiatu bizi dira non hauetatik %60 palestinar errefuxiatu diren. Gainontzekoak siriarrak eta libanoarrak direlarik”. FPLPko kide batekin elkartzean helarazi zizkigun datuak dira,  jakin badakigu ere, irakiarrak, kurduak,  ipar Afrikako eta Bangladesheko biztanleria ere daudela. Ideia bat egiteko,  2Km2tan 40.000-45.000 pertsona bizi dira.


Kanpamentuan bertan,  pertsona ezberdin asko ezagutzeko parada izan dugu, 1982. urtean Shatilako sarraskia (Israeldar armada eta Libanoko Falangeek burututa) bizi zuten hamaika pertsona, mediku diren beste batzuk, baita ere Kubara medikuntza ikastera joan ziren beste profesional batzuk. Haien bizipenak eskuzabaltasun guztiz partekatu dituzte, horrela, jakin izan dugu 1982an kanpamentuan bertan sarrerak blokeatu eta israeldarrak sartu zirela aurrean topatzen zituzten eraikinak suntsituz bertan bizi ziren palestinarrak gorpuak eskonbroekin nahastuz. Ondoren, atxiloketak gauzatu zituzten jakin gabe oraindik ze gertatu zitzaien atxilotuei.


Kuban ikasteko aukera eduki zuten emakume-gizonekin ere elkarrizketetan murgildu gara, Fidel eta Che-ren irudia hitz politez josi dute eta hamaika aldiz azpimarratu dute kubatar herriak eman dien elkartasuna, gainera han ikasketak gauzatu dituztenak lanpostu duinenak betetzen dituzte kanpamenduan. Guri dagokigunez, bereziki haien laguntza eta babesa ezinbestekoa izan da kanpamenduaren kale kantoi umeletan mugitzeko eta biztanleekin komunikatzeko, itzultzaile lanak gauzatu baitute haiek.


Horrela, palestinarrek sufritzen duten arazo sakonena lanaren afera dela ohartu gara. Errefuxiatu palestinarrak Libanon ez dute eskubiderik 72 lanpostutan lana egiteko, ondorioz, ez dute baliabide ekonomikorik euren bizitza duintasunez gauzatzeko. Azken egunotan, Libanoko Lan Ministroak sua hauspotu du, errefuxiatuak lana egiteko beharkizun berezi bat beharko zutela helaraziz, kanpamenduak eguneroko protestekin erantzun diete hitz probokatzaile hauei.


Azkenik, hiru egun eskas hauetan zehar frente ezberdinekin egoteko aukera izan dugu hauen errealitate eta ikuspuntu ezberdinak jasoz. Kontatutako perspektiba ezberdin hauek nahiko anitzak izan dira ezen 1948a baino lehen zegoen eskenatokira itzuli eta Israeli inongo zilegitasunik ez eman edo 1967ko mugak hartuz bi estatuen arteko elkarbizitza eta negoziaketa parekide bat emateko bi taktiken arteko pentsamoldearekin topa baikara, Palestina Okupatu osoa askatzeko estrategian guztiek bat egiten badute ere. Halabeharrez gaur egun ez dute horretarako indarrik ezta haien herrira itzultzeko eskubiderik ezta ere, herrialdeek mugak itxi dituztelako palestinarrentzat, horregatik frente eta erakunde guztien batasunarekin eta dituzten baliabide guztiekin haien herrialdera borrokara batzeko ahaleginetan jarraituko dute.