Prozesu Bolivartarra izango dugu hizpide UEUk eta Askapenak antolatu ditugun jardunaldietan
Ekainaren 5ean Iruñean egingo dira Prozesu Bolivartarra: oztopo eta erasoen gainetik “La Patria grande” eraikitzen jardunaldiak, UEUk eta ASKAPENAk elkarlanean antolatuta. Bilkura honen helburua proiektu bolivartarren jatorria, kontzeptua eta nondik norakoak hausnartzea da, bai eta aurrean dituen erronkak, arriskuak eta potentzialtasunari buruzko gogoeta egitea. Bertan izena emateko epea maiatzaren 30ean amaitzen da, www.ueu.org atarian.
UEU y Askapena analizarán los retos del proceso bolivariano (gara.net)
Prentsaurrekoan Lore Erriondok, UEUko Zuzendariak eta Julen Zulaika, Askapenako kideak hartu dute parte.Lore Erriondok hartu du lehendabizi hitza: “jardunaldi hauek egiteko proposamena ASKAPENAtik etorri zitzaigun. ASKAPENA munduko beste hainbat herrialdeekiko elkartasuna bultzatu eta globalizazioaren aurkako mugimenduan lan egiten duen erakunde ezaguna da. Testuinguru honetan, prozesu bolivartarraren gaineko hausnarketa eta eztabaida egin nahi zuten, izan ere, medioetan ia egunero zeharka agertzen den gaia baldin bada ere, muinean ezagutzen ez den gaia baita.
Hori horrela izanik, aztergai hau era formalean lantzeko asmoz jarri ziren gurekin, UEUrekin harremanetan, arlo akademikoan eskarmentua izateaz gain, argitaletxea ere garelako eta honek dibulgaziorako bide berriak irekitzen dituelako. UEUn gaia aztertu ondoren baiezkoa eman genion proposamenari, izan ere, gure helburuetako bat gizartearentzat aberasgarriak diren gaiak landu eta horiek partitzeko foroak eskaintzea baita, eta jardunaldi hauen gaiak arras ongi betetzen du helburu hori”.
Ondoren, Julen Zulaikak jardunaldiei buruzko xehetasunak azaldu ditu: “Jardunaldiaren izenak islatzen du nahiko ondo Latinoamerican garatzen ari den prozesua eta xedea: “Prozesu bolivartarra: oztopo eta erasoen gainetik “La Patria grande” eraikitzen”. Hain zuzen ere, Latinoamericarako proiektu askatzaile eta integratzailea ez da berria. Bere bultzatzaile nagusia, Simón Bolivar, orain dela ia bi mende formulatu eta gauzatzen hasi zuela. Hala ere, Latinoamerica inperialismo yankiaren atzeko patioa bihurtuta eta oligarkia lokalek beren probetxurako erabilita, momentu horretatik ezin izan da gauzatu.
Hala ere, azken urteetan proiektu integratzaile hori berpiztu da, eta pausu oso garrantzitsuak ematen ari da Latinoamericako bigarren independentzia lortzeko bidean. Hugo Chavez bultzatzaile nagusia izanda, beste gobernu aurrerakoi batzuek bat egin dute proiektu bolivartarrarekin, azken hamarkadako zapalkuntza egoerari buelta ematen eta integrazioari benetako potentzialitatea ematen. Gobernuez gain, herri mugimendu asko lan egiten ari dira ere herriaren aldeko proiektu hau aurrera ateratzeko, multinazionalen eta oligarkien botereari aurre egiten. Herri borrokekin gertatu ohi denez, komunikabide handietatik prozesu bolivartarrari buruz jasotzen dugun informazioa desitxuratua da, hango aurrerapenak ezkutatzen, gertakizunak desitxuratzen eta sistematikoki diseinatutako intoxikazio kanpainak erabiltzen. Herriaren aldeko neurriak eta sozialismorantzeko pausuak populismoz eta autoritarismoz mozorrotzen dituzte.
Zentzu honetan, jardunaldi hauen bitartez proiektu bolivartarraren hausnarketan sakondu nahi dugu, kontzeptua, garapena eta jokoan dauden agente eta faktore ezberdinen papera analizatuz, ikusmira etorkizunean jarrita ere, eta herri ezberdinen prozesu askatzaileak aurrera egiteko internazionalismoaren ezinbestekotasuna azpimarratuz.
Jardunaldia 5 atal nagusiz osatua dago:
EGITARAUA:
9:30-11:30: Prozesu bolivartarraren aurkezpen orokorra.
Unai Vázquez, Soziologoa.
11:30- 12:00: Atsedenaldia
12:00- 14:00: ALBA eta bere proiektu estrategikoak gaur eguneratua
Antxon Mendizabal, UPV-EHUko irakaslea
14:00- 16:00: Bazkaria
16:00- 17:30: Integrazioaren aldeko beste mugimenduak eta gerrillak
Julen Zulaika, Hala Bedi irratiko esataria, ahozkotasun eta bertso irakaslea eta Latinoamerikako egoerataz aditua
17:30- 18:30: Jatorrizko herriak: Abya Yalaren aldarrikapena
Gabi Basañez, Jatorrizko herriei buruzko ikerlaria
18:30- 19:00: Atsedenaldia
19:00- 20:30: Mahai-ingurua: Prozesu bolivartarra: erronkak, arriskuak eta potentzialitateak
o Iñigo Bilbao, kazetaritzan lizentziatua, sindikalista eta Latinoamerikako egoeran analista politikoa
o Ruben Sanchez, Ingeniaritzan eta euskal filologian lizentziatua eta nazioarteko komunikabideen analista
o Iñaki Etayo, EHUko irakaslea.
o Moderatzailea: Naroa Iturri, kazetaria eta 11 Telebistaren erredaktore-burua
Jardunaldiak ekainaren 5ean izango dira, Iruñeko IWER eraikineko aretoan (Martxelo Zelaieta kalea, 75. zenbakia. Errotxapea)
MATRIKULA PREZIOA
o Ohikoa: 50 euro
o UEUkide eta Askapenako kideak: 35 euro
Izena emateko epea maiatzaren 30ean amaitzen da.
Informazioa eta matrikula: www.ueu.org
Prentsa-harremenatarako: Idoia Torregarai Martija
komunikazioa@ueu.org
629 48 24 74