Mexikoko brigada, 2. kronika: 'La Neta'
Calderonen agintaldia Mexikon 2006an hasi zen hauteskundeetan emandako iruzur baten ondorioz. Hilabete gutxiren buruan, narkotrafikoaren aurkako politika finkatu zuen, bere politikaren ardatz nagusia izango zena. Horretarako hainbat hiri militarizatu zituen horien artean Ciudad Juarez, hirian zehar polizia federalak eta militarrak zabalduz.Federalen presentziarekin bahiketa, bortxaketa zein desagerpen kopuruak gora egin du nabarmenki. Herriak mobilizazio, salaketa eta elkarteen sorrerarekin salatu du egoera; honen aurrean, Estatuak jarrera errepresibo eta kriminalizazio sozialaren bidez erantzun du. Azken hiru urteotan egindako giza eskubideen urraketak estaltzeko, gobernuak narkoen aurkako guda erabili du aitzakiatzat.
Abuztuaren 6an goizeko hirurak inguruan, 400 bat polizia federal matxinatu ziren ostatu hartzen zuten lekuan, La Playa Hotelean, inguruko kaleak hartuz eta moztuz. Lehen aldiz Estatuko erakunde baten barnean piztu da narkoen aurkako borroka, orain arte kanpo ekintzetan soilik oinarritua izan dena. Ekintza horrekin barne ustelkeriaren aurka agertu dira matxinatuak eta kapo moduan lan egiten duten polizia agintarien kargu kentzea exijitu dute, horien artean: Ikuskari Nagusi den Salomon Alarcón Olvera eta honen ingurukoak diren Joel Ortega eta Ricardo Duque. Matxinatuek horien gelak miatzean droga eta arma ugari topatu zituzten, biktima errugabeei delitu ezberdinak leporatzeko erabiltzen zirenak.
Salomoni kargu hartu zion polizia bat izan zen bere ustezko biktimetako bat, Víctor Manuel D´Cid, atxilotu, drogak sartu eta PGRra (Procuraduria General de la Republica) kontsignatu zuen delitu federalengatik. Matxinatuek polizia honen askatasuna aldarrikatu zuten eta heriotza zein espetxe mehatxupean Salomon Alarcón Olverak bahiketak gauzatzera, estortsiok egitera etab. behartzen zituela salatu zuten.
Hotelaren parean 8 orduz egon ondoren, 4 agintariren kargu kentzea eta ikertzeko konpromisoa lortu ondoren, manifestaldiari amaiera eman zioten. Horrez gain, Víctor Manuel D´Ciden kasua aztertzeko konpromisoa hartu du negoziazioak eraman dituen gobernuaren ordezkariak.
Gertakari hauek herriaren salaketekin bat datoz, beste behin ere gobernuaren sinesgarritasuna kolokan jarriz.
Mexiko Iparraldeko Brigada 2010