Mexikoko brigada: Lomas de Poleo
Autoa hartu dugu Juarez Hirian, bilera batera joateko asmoz. Bidean, poliziek gelditu gaituzte eta gure harridurarako “kontrol ekologikoa” egin digute. Nola da posible egoera larrian dagoen hiri batean gurpil ekologikoak ez eramateagatik isuna jartzea? Dirua ateratzeko aitzakia ona. Gure ibilbidea jarraitu dugu eta errealitatearen beste aurpegia aurkitu dugu: pobrezia. Auzo txiroak Hiriaren kanpoaldean aurkitzen dira. Gainera hemendik hurbil Mexiko eta Estatu Batuetako harresia aurki genezake, amets ugari eta bi Estatuak erdibituz. Inperioaren aldean fabrika handiak ikusten ditugu, poluzioa Mexiko aldera bideratzen dituztenak.
Aurrera jarraitu dugu eta bat-batean leku apartera heldu gara. Basamortuan berdez eta horiz margoturiko oasi modukoa ikusten dugu, mendiz inguratuta. Leku eder hau, Mexikoko izkina ahaztuetako bat dela esan dezakegu: Lomas de Poleo. Hemen, herri kolonoa aurkitu dugu eta bertako biztanleek haien lurretatik bidegabekerien bitartez bota ez ditzaten erresistentzian jarraitzen dute. 40 urte daramate borroka honetan, hasieran 250 familia ziren, gaur egun, berriz, 13 familia bakarrik geratzen dira.
Gure helmugara heldu gara, eta bertako etxe baten kanpoaldean biltzera goaz. Borobilean eseri gara eta bilera hastera doa. Familia hauen senideak pertsona nagusiak dira eta beraien umeak ere ikus ditzakegu. Pertsona hauek burutzen ari diren borrokagatik nekaturik daude eta desgaste fisiko eta psikologiko handia jasan dute erresistentzia garaian; horren ondorioz, geldotasuna ikusten dutela esaten dute eta gehiengoak negoziazio batera heldu nahi du. Normalean, haien lurretatik desjabetu nahi dituztenean, etsaiak banan-banan eskaintza ezberdinak egiten dizkie kolonoei, beraien artean eztabaidak sortzeko eta tentazioan erortzeko. Baina beraien eskubideak bermatzeko negoziazio kolektiboa egitea eskatzen dute gehienek, batek izan ezik oso gaixorik dagoelako. Esan beharra dago, gehienek ez dutela ezer jaso beraien etxeak modu injustuan bota dizkietelako.
Zaragoza Fuentes familiak (esne produkzioa, eraikuntza garapenerako proiektuak, hotelak, lurrak etab. dauzkatenak) 1963. urtean Lomas de Poleoko lur zati batzuk erosi zituztela konturatu ziren. Orduan, lur eremuak eskatzen hasi ziren eta 1970ean, kolonoak haien egoera erregularizatzeko eskakizunak hasi zituzten, bertan bizitako urteak zirela eta legeak horretarako eskubidea ematen baitzien. Horrela jarraitu zuten urteetan zehar, eta 2003an koloniako biztanle batzuei jakinarazi zieten bizitza osoan zehar bizi izan ziren lurrak beraienak ez zirela. Lur eremu batzuk zaragozatarren lurrak eta beste lur batzuk Mexikoko gobernuarenak zirela legeztatu zen, kolonia bitan zatituz.
Horren ondorioz, familia boteretsua espekulazio proiektu bat burutzen hasi zen, lehenagotik aztertua zeukatena, baina orain arte ezin zutena praktikara eraman. Errepidea egin zuten kolonia bitan zatituz, mugaren alde bietako enpresarien arteko proiektu binazional baten parte zena. Juarez Hiriaren eta San Jeronimoren –Santa Teresa makila motako enpresez beteriko hiri berria- arteko lotura izango da errepidea. Garapenerako proiektu horretan, enpresa aeroespazialak eta autogintza enpresek hartuko dute parte. Ondorioz, Lomas de Poleo komertziorako eta ekoizpenerako leku estrategikoa dela argi dago.
Pedro Zaragozaren lurrak zehazte aldera burdin hesiekin harresia jarri zuten. Hala, kolono batzuen etxeak harresiagatik preso geratu ziren beraien lurretan. Lur eremu horiek, guarda armatuz zainduak daude eta lur zati horietan bizitzen diren pertsonei zailtasun ugari ziurtatzen dizkiete.
Horretaz gain, argindarra kendu zioten kolonia guztiari eta bertako farola guztiak. Askori beraien etxeak erre edo bota (200 auzokideen etxeak), ondasunak lapurtu eta modu askotako errepresioa jasan dute, hala nola: xantaiak, mehatxuak, indarkeria… Kasurik larriena koloniako kide baten hilketa izan zen. Bere izena Luis Guerrero zen, Zaragozaren gizonen kolpeen ondorioz oso larri geratu zen lurrean eta ospitalean hil zen koloniako kidea.
Hori guztia gutxi izan ez balitz, 2003ko irailean, koloniako kapera bota zuten, erreforma bat egiten ari ziren bitartean; lur horiek beraienak ez zirela eta bertan ezin zutela eraiki esanez. Gainera, eskola ere bidegabekerien helburua izan da, geletako aulkiak lapurtu zituzten eta komunak desagertu ziren.
Eguzkia sartzera doa eta ikusten ari garen ikuskizunak ez dauka preziorik. Bi ordu igaro ditugu hemen eta maitemindu gara paradisu honen edertasunaz. Imajinatu hemen bizitza osoa pasatu duten pertsonek zelako lotura daukaten lur hauekin eta zergatik daramaten 40 urte borrokan. Asko hunkitu gaituzte kolonoen testigantzek, eta oso harro daude urteetan zehar emandako erresistentziaz. Lau haizeetara oihukatzen dute: “Lurra, Justizia eta Askatasuna!”.