Biladi Had, euskal kultur brigada: 1. eguna – Al-Quds (Jerusalem)
Goizeko bederatzietan, Damaskoko atean genuen zita Biladi Brigadako 2. multzoko kideok. Hala ere, bezperarako hemen ginen gehienok, bata handik, bestea hortik etorrita. Ikasleak, kazetariak, musikariak… saltseroak, hantxe. Ez guztiok, baina, jakingo duzuenez, ezertan hasi aurretik eman baitigute hatzaparkada Israelgo indarrek. Aupa Martxelo!
Iritsi orduko, bertakoak eta bertakotuak lagun, Palestinako lurrean murgildu ginen. Hala, jakin genuen Ramadanaren amaierak eta urte berri judutarraren ospakizunek ezohiko giroa izatea eragin zutela bestela ere bizia den hiri honetan.
Hala eta guztiz ere, gaur goizean, kale zaratatsuetan asti gehiegi galdu gabe lotuta genuen Stop The Wallekoekin genuen zitara zintzo asko azaldu gara. Autoan sartu eta Al Quds-en inguruetako kolonia Judutarrak bertatik bertara ikustera abiatu gara.
Hiritik atera eta berehala lehenbiziko Check Pointa topatu dugu. Deigarria da Sionistek Check Point deitu beharrean “terminal” hitza nahiago izatea, edozein bidaiarik aireportu batekin lotuko lukeen terminoa, denez ere, pasa beharreko pasaporte kontrol batekin. Inolaz ere ez Check Point batek duen izaera militarrarekin. Izena aldatzea nahikoa balitz.
Bertatik pasa gabe, ditxosozko harresia eskuinetara genuela kolonia baten bihotzera eraman gaitu lagunak.
Bertan, eraikitzen ari diren trenbidearen lanak ikusi ditugu, kieto. Zortzi linea izango omen ditu tranbiak eta helburu bakarra: asentamenduetako biztanleak hirigunera maizago joan daitezen ahalbidetzea, Estatu zentralistenen moduan. Honekin zer lortu nahi da? Hiriguneak egun ez duen itxura judutarra hartzea.
Baina esan dugu trabidearen eraikitze lanak gelditu antzean ikusi ditugula. Ziur jai eguna zelako izan dela, baina eraikitzen ari zen Veolia enpresak nazioartean boikot gogorra jasan izanak eragin zuzena izan duela esan digute gure lagun palestinarrek, harro.
Handik, beste lagun bat gidari genuela 1948an, Nakban suntsitutako, husturiko, lapurtutako herrixka palestinarrak nola dauden ikusi dugu. Deigarriena, etxe gehienek sabaian zuten zulotzarra, Israel “eraiki” zutenek egindakoa etxe horretan, behintzat, aurrerantzean inor bizi ez zedin.
Lifta, Sataf eta beste hainbat herri hustuak dira egun, baina herriko etxeetako giltzak bertan bizitakoen eta euren seme-alaben paparretan daude, harro, noizbait itzuliko baitira euren etxeetara, euren herrira.
Irailaren 9a, Al-Quds
Biladi Hadi Brigada