Ikasle abertzaleak: Independentistak eta internazionalistak.

urriak 12 ikasle abertzaleakGaur Ikasle Abertzaleak agerraldia egin du Gernika urriaren 12an klasera joan eta herri eskoletan parte hartzeko deia egiteko. Jai arrotzentzako intsumisioa eskatzeaz gain egun berean Independentistak sareak deituriko Independentziaren aldeko Martxa Berdearekin bat egiten duela jakinarazi du. Ameriketako herrien erresistentzia eta askapen borrokei gure babesa eta elkartasuna eman eta espainiar inperoaren izaera inperialista salatzeko. Gainera testuinguru berdinean urriaren 16an Askapenak Gernikan ospatuko duen Internazionalista Egunera agertzeko deia zabaldu dute.

Era berean Askapenak bat egiten du Independentistak sarea eta Ikasle Abertzaleak urriaren 12rako deituriko ekimenekin.

Komunikatua:

Urriaren 12an, jai egun arrotzei intsumisioa!

Hezkuntza sistema nazionalaren bidean, euskal egutegia!

Gaur, dozenaka ikasle Gernikako Institutu honetan bildu gara, datorren urriaren 12an, ikasleok ezer ospatzeko ez dugula esan eta intsumisio eta desobedientziaren bitartez burutuko ditugun Herri Eskolak aurkezteko.

Gernikako institutu honetan batu gara, izan ere, berton, euskal egutegi propio baten aldeko borroka urte luzez garatu izan da.

Euskal egutegia, euskal ikasleok urte luzez borrokatu dugun lanlerroa izan da. Dozena bat urte baino gehiago dira jada Ikasle Abertzaleak jai egun inposatuetan intsumisio jarrerak bultzatu eta ikastetxeak irekitzen hasi ginela. Espainiar eta frantziar estatuek inposatutako jai egunetan, milaka izan dira klasera urterik urte joan garen ikasleak. Administrazio ezberdinen mehatxuei aurre egin eta bai ofizialki zein Herri Eskolen bitartez ikasle andana bildu gara urtero ikastetxeetako korridoreetan.

Hala ere, estatu inposatzaileek, jai egun arrotz hauek Euskal Herriaren asimilazio estrategiaren baitan kokatu dituzte. Herri honi bere egutegi propioa eraikitzeko duen eskubidea ukatu diote. Honen aurrean, ikasleok, Hezkuntza Sistema Nazional baten eraikuntzaren bidean, gure egutegia aldarrikatu eta urriaren 12a bezalako jai egun arrotzetan klasera joango gara.

Urtero legez, tokian tokiko errealitateei erantzunez, ikasleok ikasleontzako eta auzolanean, hainbat tailer, hitzaldi, jolas edota mahai-inguru antolatuko ditugu. Oraingo honetan, Herri Eskolen gai zentralean Ameriketako herrien askapen prozesuen historia landuko dugu. Honekin batera, herri horietan brigadetan ibilitako Ikasle Brigadistekin batera emango ditugu aipatutako eskola horiek ikasle eta abertzaleok.

Irekiko ditugun ikastetxeei dagokionean, aipatu, aurten Araban 9, Bizkaian 18, Gipuzkoan 17 eta Nafarroan 7 ikastetxetan burutuko ditugula Herri Eskolak. Hauetan burutuko diren egitarau osoak, www.ikasleabertzaleak.org webgunean aurkituko dugu. Baita urriaren 12ko zuzeneko jarraipen berezia ere.

Webgunean bertan ere, Herri Eskolen datu guztiekin batera, azaroaren 6, Amurrion burutuko dugun Ikasle Eguna 2010 eta Manifestazio Nazionalaren informazio guztia topatu dezakegu.

Gainera, gaurkoan, kamiseta berdeak jantzita burutu dugu agerraldi hau. Independentistak sarearen kamisetak dira, independentiston kamisetak. Ondo dakigu ikasleok euskal egutegi propio batetik haratago ere Independentzia beharrezkoa dugula herri honek behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala egi bihurtu dadin. Gauzak horrela, hemendik, Ikasle Abertzaleak-ek bat egin nahi du urriaren 12an, arratsaldeko 5etan, Golem zinemetatik aterako den Independentziaren aldeko Martxa Berdearekin.

Gainera, aurtengo gure gai zentrala herri ezberdinen independentziaren bidean garatutako askapen prozesuak izanik, ezin ahaztu dezakegu herrien elkartasunaren alde lan egiteagatik atxilotutako Askapenako kide internazionalistak. Hau esanda, euren askatasuna eskatu eta dei egin nahi diogu ere, euskal ikasleriari, datorren urriaren 16an Gernikara, bertora, gerturatu dadin Internazionalista Eguna 2010era.

Beraz, estatu espainiarraren inposaketen aurrean, Hispanitatea eta arrazaren egunean, euskaldunok ezer ospatzeko ez dugula adierazi eta goizean ikastetxeak irekiz Herri Eskoletan eta arratsaldean Martxa Berdean mobilizatzeko deia luzatu nahi diogu euskal jendarteari.


2010eko urriaren 7an,
Ikasle Abertzaleak