Uberka Bravo libre gelditu da 50.000 euroko bermea ordaindu ondoren

uberka bravoIrundarra pasa den astean Espainiaratu zuten bere aurkako euroagindu baten ondorioz. Gaur eraman dute Entzutegi Nazionalera eta bertan libre utzi dute, 50.000 euro ordaindu eta gero. Astero joan beharko du sinatzera. Irungo haibat taldek eskatu zuten bera eta besteen askatzea.

Askapenaren aurkako polizia operazioa-ren harira bera atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Entzutegi Nazionalak eta Hendaian atxilotu eta espetxeratu zuten. Guztira 8 lagun atxilotu dituzte, haietarik 5 daude espetxean eta beste 3 bermepean daude kalean.

Besarkada bat Uberka, bere senide eta lagunei.

David, Haritz, Unai, Walter eta Gabi askatu!!!

Uberka eta Askapenako beste kideak askatzea eskatu dute Irungo hainbat taldek

Urriaren 12an Uberka Bravo gazte irundarra atxilotu zuten Hendaian Askapenaren kontrako sarekadan. Irunen egindako lana azpimarratuz atxilotuen errugabetasuna azpimarratzeko idazki bat plazaratu dute.

Lakaxita Gaztetxearen, Irungo Bilgune Feministaren, Irungo AHT-aren kontrako taldearen, eta Irungo Antifaxistak taldearen oharra:

Sobera ezagutzen dugu Uberka eta bere zeregina Irungo hainbat elkartetan. Lakaxita gaztetxeko kide izan da urte askoz eta bere lana ezinbestekoa izan da Gaztetxeak aurrera eraman dituen hainbat proiektu bultzatzeko.

Adiskidetuak elkartean, kultur aniztasuna sustatzen ere aritu da lanean Uberka, herrien eta jatorri ezberdinetako jendearen arteko harremana hobetzen saiatzen, betiere. Antxeta irratian kolaboratu du; gazte mugimenduaren irratsaioa den Antxetaminan eta munduko egoera zein gatazka ezberdinak gure eskualdera hurbiltzen zituen Azken gaua irratsaioa ekoizten ere lagundu du.

Horrez gain, haurrentzako zein helduentzako irrati tailerrak ematen ere ibili da. Urte asko darama, beraz, Uberkak,gure eskualdeko errealitatea hobetzeko eta herrien arteko ezagutza bultzatzeko lanean. Uberka eta atxilotutako Askapenako beste kideak ez dira terroristak, internazionalistak baizik.

Euskal Herriak bizi duen gatazka munduan ezagutzera ematea eta hemen, Euskal Herrian, beste herrialdeen egoerak zein borrokak ezagutzera ematea da haien lana. “Izan zaitez gai, mundu zabalean ematen den edozein injustizia bihotz bihotzez sentitzen. Hori da iraultzaile baten ezaugarri garrantzitsuena.” Horrela dio Ernesto “Che” Guevarak egindako adierazpena, eta gogoz betetzen dute irizpide hau Askapenako lagunek.

Horren adibide da, iaz Irungo Askapenak beste eragile batzuekin batera antolatutako manifestazioa Palestinar herriari elkartasuna adierazteko.

Honegatik guztiagatik, adierazpen honen sinatzaileok Uberka zein Askapenako beste kideak askatzea exijitzen dugu.

UBERKA ETA ASKAPENAKO BESTE KIDEAK ASKATU! INTERNAZIONALISMOA EZ DA DELITUA!