Ikasle Abertzaleen bira Italian

Ciao Euskal Herria!!! 

Italiako iparraldea utzi eta Romara bidean jarri gara, atzean utziz Toscana eta Italia iparraldeko hiri eta herriak. Esperientzia asko jaso eta elkartrukatu ditugu bertako ikasle nola gaztetxeetako gazteekin, bi herri oso ezberdinetan borroka bera dugula ulertuz. Egun hauetan zehar, etxean bezala sentituarazi digute, gure herriarekiko maitasuna eta elkartasuna modu txalogarri batean adieraziz. Horregatik ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiogu egun hauetako iniziatibak prestatu dituzten zein hauetan parte hartu duten jende orori. Mila esker!!!

Italiako ikasle mugimendua ulertzeko italiar ezkerra ulertzea ezinbestekoa da. Panorama Politikoan italiar ezkerra atomizatua dago, horrela, ezker mugimenduaren artean dauden ezin ulertuak eta banaketak handiak dira. Era berean, ikasle mugimenduari ere berdina gertatzen zaio. Lekuan leku ikasle kolektibo ezberdinak daude, eta horrek fakultate bakar batean oso antzekoak diren 3 ezker kolektibo egotea eragiten du. Horrez gain, Ikasle mugimenduan eskubia ere aktibatua dago, eta horrek ikasleen arteko konfrontazioa ere eragiten du. Ikasle mugimenduaren batasuna egoera konkretu batzutan soilik lortzen da, Abenduaren 14ean Roman eman zen Manifestazioan bezala, non poliziak atzera egin behar izan zuen ikasle masaren aurrean.

argazki galeria

Hala ere, Unibertsitateetan lan egiterako orduan, Ikasleek baldintza onak dituzte. Fakultateetan kamarak egotea ez da oso normala, eta gutxiago segurtasun indar pribatuak. Horrek, asko errazten du haien jardun politikoa. Horrela erantzuten zidaten gure unibertsitateetan kamarak eta segurtasun indar pribatuak genituela esaten nienean: 'Bai? Egunero? Hori ez da normala!?'. Badirudi Euskal Herriko unibertsitateei asko falta zaiela ainbeste maite duten Europar Unibertsitateen mailara iristeko... Hala ere, zailtasunak ere badituzte, Florentzian kasu, debekatu egin zieten hitzaldia eman behar genuen gela erabiltzea (zergatik ez zait arraroa egiten?),eta ikasleek beste gela bat zabaldu eta beraien kabuz erabiltzea erabaki zuten. 

Unibertsitateko paretetan kartelak daude non nahi eta ikasleek egindako muralak ez ditu unibertsitateak kentzen. Azken urteetan unibertsitateek hartu dituzten jarrerak ikusirik, poztu egiten gara beste leku batzuetan hau horrela ez dela ikustean. Hein batean arrazoia kentzen die Euskal Herriko unibertsitateei hau Euskal Herrian bakarrik gertatzen dela esaten dutenean, kartelak kentzea baita normala ez dena. 

Beste aldetik, Italiar ikasleek harreman handia dute herrietako Gaztetxeekin, eta horrek, unibertsitate nahiz ikastetxeetako iniziatibak naiz arazoak herrira sozializatzerako orduan laguntza asko ematen die. Adibide bat ematearren emaniko 4 hitzaldietatik 2 gaztetxeetan izan dira, harreman horren erakusgarri. Adibidez, Italiatik ikasteko dugun gauza garrantzitsu bat hezkuntzaren herritaratzea da, horrela arazo isolatu bat izatetik gizartearen arazo bat izatera pasatzen baita. Horrez gain, oso barneratua dute ikasleen prekarietatea ondorengo langileen prekarietatea izango dela, eta horrek langile eta ikasleen arteko lanketa handiagoa izatea ekartzen du.

Bukatzeko, polizia politikoaren jarrera salatu nahiko nuke. Ez da egon egun bat, non poliziaren presentziaez dugun izan. Genovan, gaztetxearen sarreran egon ziren kontrolatzen. Florentzian berriz, Trenez iristean gure atzetik ibili ziren eta Bolognarako trena ezin izan nuen hartu nik trena hartzea itxaroten zeudelako galdeketa bat egiteko arriskuarekin. Kasu hontan kotxez eraman behar izan ninduten Bolognara. Bolognan, Hitzaldian pertsona susmagarri bat egoteaz gain, hitzaldia bukatu bezain laster, Polizia politikoak kalean gelditu eta identifikatuarazi egin gintuzten. Eta Valdernon berriz, ni hitzaldia ematen nengoen bitartean polizia kalean zegoen, eta bukatzean gaztetxetik ateratzen zen ororen kotxea gelditzen zuten. Hau ikusirik, 5 minututan egiten den bidaia 30 minutura luzatu zitzaigun Poliziaren kontrola sahiesteko. Italiar eta Espainiar estatuek, ez dute gustoko Euskal Herritar bat Kanpora joatea bertako errealitatea kontatzera, eta hau izaten da haien erantzuna.

Ba jakin dezazuela, guk gure jarduna egiten jarraituko dugula, eta zuen presentziak ez duela bi herriren elkartasuna geldituko!!! Bai Italian eta Bai Euskal Herrian Ikasle Borrokaz Lortuko dugulako!!!