Gazte independentisten bira internazionalista Andaluzian: kronika eta argazkiak

rafael gordillo euskal herriaandaluzia gazteak jaleo

Pasa den astean gazte independentistek hitzaldi sortabat eman zuten Andaluzian, hemen duzue kronika mamitsua, Bi gauza dira nabarmentzekoak, batetik hitzaldien arrakasta, parte hartzea eta sentitutako beroa, bestetik polizia eta neonazien jazarpena.

argazkiak

"Gazteria eta Errepresioa Euskal Herrian" zen hitzaldien goiburua baina ikusi ahal izan genuen bi elementuok sistema baldintzatzen duten borroka ororen errealitate direla, Euskal Herrian eta munduko edozein txokotan. Andaluzian giroa bero zegoen iritsi ginenerako, Europa Press agentziak hitzaldiei buruzko albistea bideratu zuen bertako zenbait komunikabidetan. Diario de Granada egunkarian esate baterako hau zen titularra : "Una asociacion de victimas pide prohibir un acto proetarra".

Gauzak horrela, lehen hitzaldia "Centro Andaluz del Pueblo, Blas Infante" izeneko gunean izan zen. 35 pertsona bertaratu ziren, tartean inork ezagutzen ez zuen eta jokaera arraroa zuen tipoa. Hitzaldia bukatu orduko joan zen galdera eskas bat egin eta bertan zeuden eskuorriak hartu ostean. Hitzaldiak ordubete eta hogei minutu iraun zuen jendearen parte hartze handiarekin, galdera eta hausnarketa asko egon ziren. Honen bukaeran, auto batean bost tipo ibili ziren eraikinaren inguruan mehatxu faxistak oihukatuz. Giroa arraro bilakatu zen eta badaezpada bizkor alde egin behar izan genuen argidun patruilak eta bestelako auto arraroak sahiestuz. Hala ere, afalostean kaletik gindoazela euskaldun eta andaluziarrez osatutako seikotea polizia nazionalak hormaren kontra eduki gintuzten identifikatuz.

Bigarren hitzaldia Cadizko "Er Temporá Centro Social" gunean izan zen. Hemen inongo arazorik ez genuen aurkitu, 40 lagun bertaratu ziren ordu ta berrogei iraun zuen hitzaldira. Jendearen parte hartzea oso ona izan zen, ideia eta esperientzia trukaketa interesgarria gertatu zelarik.

Azken hitzaldia Sevillan egitekoa zen baina bertan behera uztea erabaki zuten arduradunek mehatxuak larriak izan zirelako. Voces Contra el Terrorismo taldeak kontzentrazio baterako deialdia egin zuen areto kanpoan eta neonaziek telefonoz eta internetez mehatxatu zituzten bertako kideak. Esan bezala, guzti honen ondorioz ez zen egin hitzaldirik, segurtasuna bermatu nahi izan zen. Gauzak horrela, larunbatean Marinaleda herria ezagutzera joan ginen bertako alkatearen eskutik. Aipatu beharra dago herri berezia dela hau, sozialismoa praktikara eramaten saiatzen den gune berezia. Bertako telebistako programa batean ikusle moduan egoteko aukera izan genuen, non gonbidatua Adeila Guevara zen, Ernesto Che Guevararen alaba. Alkatearen eskutik berau ezagutzeko aukera izan genuen eta telebista saioa amaitu zenean, alkatearekin luze eta sakon hitz egiten egon ginen udaletxe kanpoko eskaileretan eserita. Beste behin ere mundua konpondu nahian.

Esan genezake herrien arteko elkartasuna garrantzitsua dela eta internazionalismoa ezinbestekoa geure zilborrari begira ez egoteko beti. Ikusi genuen andaluziako gazteriak pairatzen duen errepresioa ere, ekonomikoki egoera larria dagoen lurralde honetan gazteen aurkako isunak ikaragarriak dira, modu honekin hipotekatzen dituzte gazteak beraien proiektu iraultzaileak gara ez ditzaten. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu hemendik prozesu judizialak irekirik dituzten Jaleoko kideei, eta amaitzeko eskerrik beroenak eman harrera zoragarria eskeini ziguten kide andaluziarrei. Hamaika herri, borroka bakarra!!! Salú!