Unai eta Gabiren ongi etorriak

gabi ongi etorri

unai ongi etorri

Hemen dauzkazue herrikolore eta etengabe webguneetatik arrantzatutako kronikak. Walter gaur helduko da Gasteizera eta honekin batera atxilotuak izan ziren 8 lagunak kalean dira, denak ere baldintzapeko askatasunean (batzuk egunero eta beste batzuk astero epaitegietan sinatu beharrez eta 5.000 eta 60.000 euro tarteko dirutzak ordainduta).

Gabiren ongi etorriaren kronika eta Unairena:

Harrera bero eta jendetsua egin zaio Gabi Basañezi gaur iluntzean Algortan.

14:15ean inguruan irten da gaur Gabi Alcalako espetxetik. Algortan 21:00etan zuen hitzordua, eta 21:15ean iritsi da Amnistia tabernara. Bertan 300 lagun baino gehiago zituen zain. Bengalen argitan, euskal presoen aldeko aldarrikapenen artean iritsi da. Lagunen besarkaden ostean lorak, Palestinako zapia eta aurreskua eskaini dizkiote. Gero bertsolari bandaren txanda izan da: ALBEko bertsolariek eta Arkaitz Estiballesek bertso bana kantatu diote. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Askapenaren lana azpimarratu du. Ume kuadrila ere hurbildu zaio. Eta Gabik eskerrak eman die bertaratutakoei eta espetxean izan den denboran mota bateko edo besteko laguntza eman dioten guztiei. Horretan ari zenean, inguruan ziren ertzainek ekitaldia eten dute, errepidea zabaltzeko aitxakiarekin. Didea zabaldu, jendea bi aldetako espaloietan eta ertzainak errepidearen erdian presoen aldeko aldarrikapenak, Eusko Gudariak abestu eta trikitrixaren muxikarekin jarraitu dute. Gero Gabik tabernatik bere argazkia kendu, brindisak egin eta festak bidea egin du gauean, ertzainek aldi baten ondoren bertatik alde egin dutelarik.

Ongi etorri, Gabi!
Euskal preso guztiak etxera!

 

Unairen ongi-etorriaren kronika:

Kartzelan 6 hilabete luze eman ostean gure artean dugu Unai Vázquez militante internazionalista barakaldarra. Igarotako ostiralean ariniketan zabaldu zen berri pozgarria, SMS, e-mail eta ahoz aho: "Audientzia Nazional Espainiarrak ezarritako 10.000 eurotako fidantza ordaindutakoan libre geratuko da Unai". Larunbat gauean iritsi zen Unai bere jaioterrira. Gaueko ordu batetan urduritasun puntu bat nabaria zen Bagatzako plaza inguruan. Ordurako, hamarnaka herritar bertaratuak ziren enparantzara, Unairi ongi etorri beroa eskeini asmoz.

"Arrigorriagan daudela diote!" oihukatu zuen bapatean neska batek eta hortik bost minututara Unairen kotxea azaldu zen Bagatzan askatasun etorbidean barrena. Hortik aurrera emozioek eztanda egin zuten. Poztasunek eragindako negar malkoek, besarkada estuek, barre algarek... gauaren hoztasuna epeldu zuten. Dantzari batek agurra eskeini zion Unairi eta bukatutakoan lore sorta bat  oparitu ere. Preso oihiak hartu zuen hitza orduan eta bertaratutakoei eskerrak eman ostean, kartzelan geratu diren kide guztientzako oroimen bizia izan zuen. "Sentipenak kontrajarriak dira oso" aipatu zuen Unaik. Eusko Gudariak abestuz bukatutzat eman zuten atzoko ongi etorria.