Askapenak antolatutako brigadek krisiari aurre egiteko aukerak aztertuko dituzte (GAUR8-tik)

zanon obrerosA zer abiada daraman munduak! Krisi ekonomikoak herrialde askotako langileak kalean dauzka, Japoniako istripu nuklearrak energia kontsumitzeko eta ekoizteko erak kinkan jarri ditu, arabiar herrialdeak agintarien aurka altxatu dira, Wikileaks eta tankerako mugimenduek gobernuen trapu zikinenak aireratzen ari dira, elikagaien salneurrien etengabeko igoerak mundu osoko makina bat herrialde mobilizazioaren bidean ipini ditu... eta Euskal Herria aro politiko berrira sartzen ari da, kostata bada ere.

Jose Angel Oria/GAUR8

Testuinguru interesgarrian iristen da aurtengo brigaden kanpaina. Askapenak GAUR8ri adierazi dionez, «esperientzia interesgarriak ezagutu, elkarbanatu eta Euskal Herrira ekarri nahi genituzke brigaden bitartez». Dozenaka lagun joango dira aurten Argentina, Venezuela, Bolivia, Mexiko, Palestina eta Uruguaira, bertako indar aurrerakoiekin aste batzuk lanean egin eta ahal duten guztia ikasteko asmoarekin.

Buenos Airesen Bauen hotela ezagutzeko aukera izango dute brigadistek, esaterako. Askapenakoentzat leku ezaguna da hori, Euskal Herriaren Lagunak izeneko elkartasun taldeak ekitaldiak antolatu izan baititu leku horretan.

Langileak nagusi

Oraingo honetan, ordea, hotela langileek nola kudeatzen duten ikusteko aukera izango dute, horixe baita Argentinako langileen mugimenduak krisiari aurre egiteko -corralito ezagunaren herrialdeaz ari gara, hau da, bat-batean Lehen Mundutik Hirugarren Mundura pasa zuten herrialdeaz- zutitu duen alternatibetako bat, langileek beraien lantokiko gidaritza zuzenean hartzea, bestelako bitartekaririk gabe.

Nabarmentzekoa da aurtengo brigadistek Argentinan ezagutu ahal izango duten beste esperientzia bat, FaSinPat (Fábrica Sin Patrones, Nagusirik Gabeko Lantegia) izenekoa, nahiz eta munduan ezagunagoa den Zanon esanda. Bertan zeramika-baldosak egiten dituzte.

Neuquen hiriko lantegiko kontrola langileek dute 2002az geroztik. Aurreko enpresak, Ceramica Zanonek, 2001ean egin zuen porrot eta langileak erabaki guztiak hartzen hasi zirenetik beharginek berreskuratutako enpresen mugimenduko kasurik aipagarriena da. Horrelako zerbait egiteko zenbat aukera sortuko da Euskal Herrian datozen urteetan?

Alejandro Lopez bertako sindikatuko ordezkariak nabarmendu izan du Zanon lantegia diktadura garaian zabaldu zela, eta enpresak sekulako diru laguntzak jaso zituela probintziako zein Argentinako Gobernuen aldetik, lanean hasi baino lehen. Lur publikoetan eraiki zuten, bestelako laguntzak nahikoa izango ez balira bezala. «Dirutza hura ez zuten inoiz itzuli», gogorarazten du.

Aipatzekoa da italiar jatorriko Luigi Zanonek inaugurazio ekitaldian Gobernu militarra goraipatu zuela, «Argentina inbertsiogileentzat leku seguru bihurtzeagatik», hau da,diktaduraren aurkako ekintzaileak desagerrarazteagatik.

Sindikatuak, iparra galdu

Carlos Menem presidentearen garaian izan zuen enpresak momenturik onena. 90eko hamarkadan, legediak ia ez zituen langileak babesten Argentinan, eta garai hartan enpresan nagusi zen sindikatuak iparra galdu egin zuen eta bere burua aberastu besterik nahi ez zuten pertsonak iritsi ziren zuzendaritzara. Langileek garai hartako sindikatuko ordezkariei leporatzen diete enpresarekin langileen aurkako neurriak adostu izana. Edonola ere, azkenean, 2000n, sindikatuak berreskuratu zuen bere iparra eta lan baldintzak -urte askotan txarrera egin ondoren- hobetzeko exijitzen hasi zen.

Oso gatazka gogorrak izan zituzten orduan. Langile ugari kaleratu zuten jabeek aurrena, eta Zanon lantegia itxi, ondoren, aurrerago langile otzanagoak kontratatzeko asmoarekin.

Lanpostuari eutsi nahian, langileek hartu zuten lantegiko erantzukizuna. Behingoz, makroekonomiatik zetorren berri batek mesede egingo zien langileei. 2002. urteko krisi larriaren eraginez, Gobernuak «pesifikazioa» agindu zuen, alegia, dolarretan zeuden kontuak pesotara pasatzea. Herritar ugari pobretu zuen neurriak, baina FaSinPat berriz errentagarri bihurtu zuen.

Kooperatibaren arrakasta

Luigi Zanonek enpresa berreskuratzeko ahalegina egin zuen orduan, berriz negozio usaina iritsi zitzaionean, alfer-alferrik ordea. Mehatxuen eta indarkeriaren bidea ere hartu du garai batean nagusi izandakoak, eta 2005ean, bertan lan egiten zuen emakume bat bahitu eta torturatu ere egin zuten.

Hala ere, Zanonek ez du lortu langileek aukeratutako bidea okertzerik eta esperientziak sekulako arrakasta lortu du.

Lehenengo urteetan 170 langile kontratatu zituzten, 410 izatera iritsi arte, eta lantegiaren eta inguruko herritarren arteko harremanak gero eta hobeak dira: lantegiak baldosak eskaini ditu komunitateko makina bat proiektu -auzotarrek erabiltzen duten zentro bat eta erietxea- aurrera ateratzeko, kultur ekitaldiak antolatzeaz gain.

Nueva España auzo pobrean, esaterako, bertakoek agintariei aspalditik exijitzen zieten klinika, hiru hilabete eskasetan eraiki zuten FaSinPat kooperatibakoek. Azkenean, erakundeen onarpen ofiziala lortuko zuten, 2009ko abuztuan.

Edonola ere, nabarmentzekoa da herritarrek emandako sostenguari esker eutsi ahal izan zaiola lantegiari unerik gogorrenetan, mehatxuak eguneroko ogi bihurtuta zeudenean.

Zanon eta Bauen bi esperientzia zehatz besterik ez dira, Argentinan tankerako beste 250 jarri baitituzte abian azken urteotan, bertako krisiak eraginda. Errusiako Iraultzaren garaiko lehen sobietak, 1936ko Espainian anarkistek sortutako esperientziak edo Allenderen garaian Txilek ezagutu zituen autogestio jarduerak ekartzen dituzte gogora argentinar langileek, harrotasunez, euskal brigadistei erakutsiko dieten esperientziek.

Aurtengo brigadek demokrazia parte-hartzailean sakontzeko aukera ere eskainiko dute, herri antolakuntza eredu zehatz batzuk bertatik bertara Venezuelan ikusita.

Jatorrizko herriek ere izango dute aurten brigadisten bisitarik, urtero bezala. Aurten Bolivia eta Mexikoko indigenekin bizitzeko aukera izango dute.

Brigadistek memoria historikoaren inguruko kezka eta lanean sakontzeko aukera ere izango dute. «Ez ote da oso gai astuna izango, ez ote da errepresioari bueltaka jarraitzea, aurrera begiratu beharrean?», galdetu diegu antolatzaileei: «Uruguaiko esperientzia hartzeak Euskal Herrian beti pizten du sentimendu goxoa; oraindik ere jende askok ez du ezagutzen Euskal Herriaren alde 1994an gertatu zena, eta oso gutxik daki urtero-urtero gogoan hartzen dela orduan egindakoa. Bestalde, memoria historikoaren kontua era positiboan ere har daiteke Argentinako kasua aztertuta, izan ere, han errepresioaren arduradunak epaitzen ari dira eta uste dut hori denok pozez hartzen dugula». Arrazoia eman behar.

Uruguaiko Plenaria Memoria y Justicia izeneko mugimendua ezagutzeko aukera izango dute bertara joaten diren brigadistek, horiek baitira Filtro erietxeko sarraskia gogorarazten dutenak, orduan gertatutakoa inoiz ahaztu ez dadin lanean ari direnak.

Arabiarren iraultzak

Eta Palestinara ere iritsiko dira, gainerako arabiar herrialdeetako protestaldiek itxaropen gehien eraman duten herrira, hemendik aurrera Israelek ezin izango baitio orain arteko indar korrelazioari eutsi, batez ere Egipton benetako demokrazia bat zutitzen bada.

Palestinan bertan egin da «tunisiar haizeak» eragindako mobilizaziorik, Gazan zein Zisjordaniako hirietan. Manifestariek Hamasek eta Al Fatak bat egin dezaten exijitzen dute, eta badirudi zerbait lortzeko bidean direla, bi aldeetako buruak diskurtsoa aldatzen hasi dira-eta. Brigadistek Palestinan egingo dituzten solasaldietan askotan aipatuko dira arabiar iraultzak, aurten horixe baita gai berri nagusia, eta itzultzen direnean guztioi kontatuko digute prozesu horiei bultzadatxo bat emateko Euskal Herrian zein munduan zer egin daitekeen, Palestinan urtero elkartzen diren mundu osoko ekintzaileen arabera.