Palestinako brigadaren 3.kronika: okupazioaren aurpegiak

Okupazioak aurpegi asko ditu. Ezagunena lurren lapurretarena bada ere, forma gehiago ere hartzen ditu. Oinarrizko eskubideen urraketa modu interesatu eta kontzientean egiten du Israelgo estatu sionistak.

Estatuaren kolonien eraikuntzak kolonoentzako ura bermatzearekin nahikoa ez, eta palestinarren ura kontrolatzen dute nahi bezala, herritarrak gutxietsi eta desagertarazteko nahian. Gainera, herritarrenganako kontrola areagotzeko, haur eta gazteen ezjakintasuna zabaltzen dute euren hezkuntza eskubidea murriztuz, gaitasun kritikoa garatu ez dezaten.

Adibide askoren artean Hebron, Beit Omar eta Bil'in topatu ditugu. Hebroneko hiri zaharreko kasua ez da kasualidadea, judutarrentzat duen izaera sinbolikoagatik. Harresirik egon ez arren, apartheida eta gutxiespena egunerokoak dira. Soldadu eta militarren presentzia ere mingarria izan daiteke, bertan bizi diren kolonoak babestu eta, aldi berean, palestinarrak umiliatzeko. Hebroneko etxeetako teilatuetara igota argiago ikus daiteke egoera. Kolonoen teilatuetan soldaduak daude guztia kontrolatzen eta kolonoak, berriz, leihoetatik palestinarrei zaborra bota eta egoera jasangaitza bihurtzen, hiria beraientzako utz dezaten presioa egiten. Palestinarrek egoera gogorra dute urari dagokionean.

Israeldarren bidoi erraldoien aurrean, palestinarrek litro gutxitako bidoi garestiak pilatzen dituzte euren teilatuetan, estatuak ura moztea erabakitzen duen aldiro edan eta garbitzeko adina ur izan dezaten. Halare, zenbaitzuetan soldaduek, euren punteria probatzeko-edo, bidoi hauek tirokatzen dituzte egoera are gogorragoa bihurtzeko. Alde zaharreko dendariek ere jasaten dituzte erasoak. Zaborra gainera botatzeaz gain, kaleak hormatzen dituzte, dendak istera behartuz.
 
Beit Omarreko egoera ez da batere erraza ezta ere. Nekazalgune honetan antzeman genituen arazo larrienen artean, haur eta gazteen hezkuntza eta nekazarien lurrena daude, besteak beste. 16 000 biztanleko herrixka honetan 18 urtetik beherako 220 preso daude. Honek dakartzan arazoak, batetik, beren hezkuntza ibilbidea etetea eta, bestetik, Palestinaren aldeko militantziari beldurra izatea dira. Honetaz gain, herriaren ekonomiaren iturri nagusiena ere ederki astintzen dute.

Hasteko, landatu gabeko eta landu gabeko lurrak Israelgo estatuak bereganatu egiten ditu, besterik gabe, lurrak lapurtu eta kolonien eremuak handitzeko. Hau ekiditeko, olibondo landaketa kanpainak sustatzen dituzte herritarrek; baina honek ez du lurrak mantentzeko eskubidea bermatzen. Izan ere, batzuetan ura epe luzez kentzeaz gain, besteetan ur kutsatua bideratzen dute kolonietatik, era honetan bere landareak lehortzen edo usteltzen utziz.
 
Orain arte aipatu ditugun erasoak herriz herri gertatzen dira, baina herri lanketaz eta borrokaz garaipen txikiak lor daitezkeela ere ikusi dugu. Bil'inen kasuaz ari gara hain zuzen ere. Sei urtetan zehar ostiralero egindako mobilizazioei eta presioari esker apartheidaren harresia 500 metro atzeratzea lortu dute. Garaipen txiki handi hau ez da doan izan, ordea. Borrokaren bidean herritar batzuen bizitzak galdu dituzte. Adibiderik esanguratsuena Bassemena da.

Bassem harresiaren aurkako borroka baketsuaren ikur bihurtu zen urtez urte Bil'inen eta oso gizon maitatua zen bertan. Ostiraleroko manifestazio batean Israelgo soldaduek tirokatutako negar-eragile batek bete-betean jo zuen bihotzean eta bertan hil zen 2009an, lagunek ezer egin ezin zutela. Bere arreba ere gasaren eraginez intoxikatuta zendu zen beranduago. Hala ere, herritarrek ostiraleroko hitzordua mantentzen jarraitzen dute aurrerapausoen bidean.
 
Eskubide zibil, sozial eta politikoak palestinarrentzat orain!