Venezuelako brigadaren 5.kronika: Unibertsitateak, oraindik irabazteko guneak

Duela 12 urte hasi zen prozesu iraultzaileak aurrerapauso asko eman ditu arlo ezberdinetan; hezkuntzan , osasunean eta ongizatean, oro har. Hala ere oraindik ere prozesu bat den heinean, lan handia dago egiteko hainbat esparrutan. Horien artean garrantzitsuenetako bat, unibertsitate publikoan. Izan ere, oraindik eskuinaren esku baitago erabat.

Unibertsitatea oposizioaren menpe egoteak, arazo eta ondorio larriak sortzen ditu. Unibertsitatea ez baitago guztien esku. Sistema klasista erabiltzen dute nor sartzen den eta nor kanpoan gelditzen den erabakitzeko. Hau da, dirudunek sarbidea erosten dute eta dirurik ez dutenentzat, oso zaila izaten da bertan sartzea. Honela, ezkutuko negozio normalizatua izaten jarraitzen du.

Bestalde, sartzea lortzen dutenek ere, klasismoaren ondorioak jasaten jarraitzen dute, diskriminazio egoerak pairatuz. Hemen ere, beste esparruetan bezala, emakumea, oraindik ere, zapalduagoa da. Sistematikoki  sexu jazarpena jasaten baitute asko eta askok irakasleengatik. Maiz gertatu da, ikasgai bat gainditu ahal izateko irakasleak sexu harremanak izatera behartzea. Honela, egoera hori onartzeko prest ez dagoena lizentziatu gabe geratu izan da.

Beraz, eskuinaren menpe unibertsitatean dauden injustiziak ikusiz, oso nabarmena da egoera goitik behera aldatzeko beharra. Injustiziak ekiditeko eta unibertsitateak duen zikloarekin amaitzeko. Azken finean, unibertsitateak kudeatzen eta zuzentzen dituztenak, berdinak dira, eskuinekoak dira, eta haiek erabakitzen dute nor sartzen den eta nor ez. Honela, goi-mailako postuetan eta unibertsitatean bertan “botere postuak” eskuinaren esku daude. Eta herria ikasteko aukerarik gabe geratzen da.

Egoera aldatu nahian, Gobernuak pauso batzuk eman ditu, baina Unibertsitatetik kanpo, oraindik ez du esku-hartze zuzena egiteko aukerarik izan. Beraz, unibertsitate “paralelo” bat sortzen hasi da. Hori “Mision Sucre” deiturikoarekin egiten ari da. Unibertsitate publiko autonomotik kanpo beste unibertsitate bat sortu dute, honela, ikasteko aukera eman nahi die guztiei. Hala ere, oraindik unibertsitate berri honek ez du besteak duen “prestigioa” lortu eta gehienek beste unibertsitatera joan nahi dute.

Unibertsitate barruan sortu den mugimenduetako bat “M-28” da. Berau, orain 10 urte sortutako unibertsitate barruko mugimendua da. Lan gogorra egiten dute, izan ere, eskuinaren menpe dagoen unibertsitatean lan egiten dute justizia eraman nahian. Unibertsitate mailan prozesuaren aldeko borroka egiten dute. Garrantzitsua baita prozesuak aurrera egin dezan gune guztiak irabaztea eta gunez gune lanean jarraitzea.