Palestinako brigadaren 5.kronika: Arabiarrak Israelen

Israelgo estatuaren barruan errealitate desberdinak daude. Nazionalitate israeldarra duten palestinarrak; palestinar musulmanak, palestinar juduak eta palestinar kristauak. Israelen jaiotako judutarrak eta munduko txoko desberdinetatik etorritakoak. Siriarrak. Siriar arabiarrak, batzuk musulmanak eta besteak drusoak. Eta abar luze eta korapilatsuak.
 
Dena den, demokrata deritzon Israelgo estatuak ez ditu maila berean zaintzen batzuen edo besteen eskubideak. Palestinarren sakabanaketa eman zenean, %20 Israelgo esatuaren barruan gelditu zen. Bertan bizitzeak diskriminazioa eta zapalkuntza suposatzen diete; israeldar hiritartuak badira ere, palestinar arabiarrak direlako berez.
Gobernuak arabiar eta judutarren komunitateetan inbertitzen duena ez da inondik inora antzekoa ere.
Esaterako, palestinarrek lurren %30aren jabetza dute soilik, 30 pertsona langabetik 28 arabiarrak dira eta arabiar palestinar haurren %52 pobreziaren mugen azpitik bizi da. Hezkuntza sistema ere segregatua da: ortodoxo, kolono, judu eta arabiarren sistema desberdinak dituzte eta guztiak daude estatuaren kontrolpean; curriculum propiorik sortu ezinean. Esanguratsua da estatuak arabiar haur batentzat shekel 1 inbertitzen duen bakoitzean, haur judutar batentzat 8 ematen dituela.
 
Baladna elkartekoekin egon ginen. Talde honek gazte eta haurren hezkuntzaren inguruan lan egiten du. Haien hezkuntza israeldar gobernuaren esku dagoenez, eskoletan historia, hizkuntza eta balore juduak irakasten dituzte, arabiarrek beren identitate propioa lantzeko aukerarik izan gabe.
 
Baladnakoek, gobernuak sortu nahi duen arabiar israeldar nortasun berriaren aurka lan egiten dute, palestinar izaera kontuan hartzen ez duelako. Horretarako, ezjakintasun historikoa eta pentsamendu kritikoa lantzen dituzte kanpaina desberdinen bitartez, jendeak kontzientzia politiko-soziala har dezan. Horrez gain, erlijio desberdinen arteko elkarbizitza, genero berdintasun progresiboa, indarkeriaren aurkako lanketak eta hizkuntza arabiarrak euren nortasunarekin duen lotura zuzenaz konturarazteko lanketak bultzatzen dituzte.
 
Golaneko kasua desberdina da, baina okupazioaren atzaparretatik ezin atera dabiltza berdin-berdin. Hauek berez siriarrak dira, baina Israelgo estatuak 1967an lurrak Siriari lapurtu eta herri batzuk bitan banatu zituen. Bere menpe zeuden 200 herri suntsitu eta 5 besterik ez ziren geratu zutik. Bere garaian ez zuten israeldar hiritartasuna onartu, baina bidaiatzeko baimen bereziak badituzte.
 
Palestinarren kasuan bezala, Golaneko arabiar siriarren hezkuntza ere Israelen menpe dago. Horregatik bertako ikasle gehienek dakite hebreoz eta historia judutarraren inguruan (askotan judutarrek baino hobeto); eta hezkuntzari garrantzia handia ematen diete erresistentziaren izenean. Esan beharra dago Golan oso militarizatuta dagoela eta inguru guztietan daude minak, askotan etxeetatik metro gutxira, ilegalak izan arren. Majdal Shamps izeneko herri batean, esaterako, base militar bat dute herriaren erdi-erdian (hau ere ilegala da) eta baseak herria babestu beharrean, herriak babesten du modu batean base militarra; gobernu siriarrak ezingo lukeelako base hori erasotu herritarrik ukitu gabe.
 
Majdal Shamps su-eten mugan dago zehazki. Alde batean base militarra, bestean siriarra eta Nazio Batuen Erakundearen basea ondoan dauzka, azken honek babes handirik eman ez arren. Familia asko Siria eta Golan artean banaturik daudenez, muga horretara gerturatu eta bozgorailuak erabiliz komunikatzen dira, bestela elkar ikusteko baimenik ez dutelako.
 
Honek guztiak argi erakusten du Israelgo estatuan bizitzea ez dela batere erraza, judutarra ez zarenean behintzat. Harresi baten beharrik ez dago apartheida nabaritzeko.