Palestinako brigadaren 6.kronika: El judío errante

Judio errante: urik gabe ere erraztasunez hedatzen den more koloreko landarea. Israelgo kibutz batean topatu genuen landare hau lehenengo aldiz. Bertako batek emandako definizioa, erraz aplikatu dezakegu Palestina eta Israelen arteko errealitate gordinera.

Jerusalemeko kale jendetsu eta zaratatsuak uzi eta Bet Shemesheko Tzora kibutz armoniatsu eta lasaiera iritsi ginen. Zer dira, ordea, kibutzak? Hasiera batean, komunitate sozialista puruak ziren. XX. mendearen hasieran sortu ziren komunitate hauek, komunismo sobietarra eredutzat hartuz. Kibutzen historia, hala ere, prozesu bat izan da. Bertako emakume batek esan zigunaren arabera, hasieran lanerako eta segurtasun bila etorri baziren ere, pixkanaka komunitateak forma hartzen hasi ziren.

Logela bakarreko etxeetan bizi ziren bikoteak eta dena komunitatean banatzen zen: arropa kopuru berdina denentzat, jatorduak batera, komun konpartituak eta errealitate bera. Haurrik izatea hasierako planetan sartzen ez bazen ere, lehenengo haurra iritsi zenean, planteamendua aldatu behar izan zuten. Haurrak komunitatearenak bihurtu ziren. Gurasoekin bizi beharrean, haurren etxea deitutakoan bizi ziren jaiotzetik eta euren izena ere komunitateak erabakitzen zuen. Ikerkea batzuek argi uzti zuten era honetan hezitako haurrek afektibitate falta zutela. Esperimentu honek ez zuen asko iraun eta haurrerago kibutzei planteamendu ezberdinak gehitu zitzaizkien.

Hasierako kibutzetatik gaur egungoetara alde handia dago. Pribatizazioa pausoz pauso sartu da. Lehenengo, diru kopuru bera jasotzen zuen pertsona bakoitzak behar desberdinetarako. Gero, diru kopuru bera ematen zitzaion bakoitzari, baina nahi bezala kudeatu zezaten. Gaur egun ordea, bakoitzak bere diru propioa dauka, baina kibutzerako zergak ordaintzen dituzte, komunitateko beharrak asetzeko. Erabaki garrantzitsuak era asanblearioan hartzen jarraitzen badute ere, kibutzak aukeratutako ordezkariek hartzen dituzte eguneroko erabakiak.

Koperatibismoa izan da kibutzetako ezaugarri nagusietako bat; hala eta guztiz ere, beherakada nabarmena eman da arlo honetan. Errentagarria ez den guztia itxi ala pribatizatu dutelako, alegia. Tzorako kibuzean, konkretuki, 1000 biztanle inguru dira eta zerbitzu ezberdin ugari dituzte (dialisia, ekinoterapia, haurreskolak, igerilekua, zaharren egoitzak, gazteentzako etxeak, ikuskizun aretoa, jantokiak, garbigailu gelak...), baina guztiak ordaindu behar dituzte gaur egun.

Dena den, kibutzeko biztanleak sionistak kontsideratzen dira eta lur okupatuetan sortu dituzte euren komunitateak. Beraz, proiektu sozialista hauek oinarritik akats handia dutela antzeman dugu. Hasierako landarearen metafora bezalaxe, okupatzaileak zabalduz doaz beldurrik gabe. Edo, agian, beldurrez. Tzoran gordeleku bat ere baitzuten, noizbait bonbardaketa bat iritsiko balitz ere. Argi geratzen da lapurrek ezin dutela lasai lo egin inoiz.