Palestina eta Nazio Batuak

 

Palestinarrek Estatu bezala onartuak izateko aldarrikapena aurkeztu dute Nazio Batuetan. Nazioarteko erakunde honek berebiziko garrantzia izan zuen egungo Palestinako egoeran.

1947an Palestinako lurraldea bi estatutan banatzea erabaki bait zuen, bata judutarrentzat bestea arabiarrentzat. Ondoren, 1948an Nakba pairatu zuten palestinarrek, Israelek garbiketa etnikoa burutu zuelarik, tartean, ez zegokion lurraldeak indarrez bereganatuz.  NBEk ezarritako banaketa hori egitasmo bezala gelditu zen, jarraipenik gabe.

1967an Israelek Gaza eta Zisjordaniako lurraldeak okupatu zituen, etengabeko kolonizazio prozesu bati ekinez. Ordutik hona palestinarren alde onartu diren ebazpenak (errefuxiatuen itzulera eta okupazioarekin amaitzea eskatzen dituztenak) ez dira indarrean jarri. Beraz, estatu palestinarraren aldarrikapenarekin nazioarteko komunitateak gatazka honen gainean izan duen itxurakeria agerian uzteko aukera paregabea da oraingoa.

AEBek NBEan betorako duten eskubidea erabiltzeko prest azaldu izanak argi eta garbi erakusten du itxurakeri hau. Bestalde, gatazkaren konponbidean aurrera pasua izan daiteke, palestinarren egoera mundu mailako agenda politikoan kokatuko baitu. Halere, eskaera horrek alde ilunak ere baditu.

Bilanaren alde positiboen artean, Palestina Estatu gisa onartuz, egungo egoerarekin alderatuta aurrerapausua izango da. Egun, Aginte Palestinarra erakunde autonomo bat baino ez da, Osloko Akordioetan Israelek emandako apurra.Zentzu honetan, estatu bilakatzea aurrerapausua da.Honekin batera, palestinarren batasun nazionala indartzeko pausua izan daiteke. Palestinako Askatzeko Erakundeko (PAE) talde guztiek sostengua adierazi diote ekimen honi. Hamasek ere ez du begi txarrez ikusi proposamen hau.

Elementu negatiboak ere badira ordea. Estatu palestinarraren lurraldea 1967ko mugetara murriztuko bailitzateke. Modu honetan, 1948an Nakba pairatu zuten palestinarrek, erbesterako bidea hartu behar izan zutenak eta egun errefuxiatu eremuetan bizitzera behartuta daudenak ahaztu egiten ditu ebazpenak.

Honekin batera, kontuan izan behar da Zisjordaniaren barnean Israelek kolonia ugari ezarri dituela urte hauetan, balizko Estatu palestinar horren bideragarritasuna kolokan jarriz.Bestalde, palestinarrek nazioarteko hitzarmenen aurrean mesfidati izateko arrazoi ugari dute. Nazioarteko komunitateak sostengaturiko itun ugari sinatu dituzte azken hamarkadetan eta beste behin ere, iruzur baten aurrean egon gaitezkenaren ustea, ez da nolanahikoa.
                                                                Askapena