Oreretako Afede jostailu dendan ere: Israeli boikot!

Azaroak 29, Palestinarrenganako Nazioarteko Elkartasun eguna dela eta, Oarsoaldeko Askapenak ekintza ezberdinak burutu ditu "Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin" kanpainaren barruan.

Inguruko komunikabide lokaletara gutun informatiboa bidali die, Oiartzungo Afede dendako arduradunei eskutitza eman eta dendaren barruan 729 barra kodedun pare bat jostailu markatu.

Kartelak jarri dituzte ateetan eta bertako langile zein bezeroekin hitz egin eta triptiko informatiboa banatu.

Oreretako udalak jostailurik egokiena aukeratzeko egitasmoa martxan jarri duenez merkatu zaharrean kartelak jarri eta tritikoak banatu dituzte.

Ikusi triptikoa (portada eta barrukoa)


Orereta, 2011ko azaroak 29
ISRAEL? EZ, ESKERRIK ASKO!

Gaur, azaroak 29, Palestinarrenganako Nazioarteko Elkartasun Eguna dugu, ia oharkabean pasatu bada ere. Ia oharkabean pasatzen dira 1948ko Nakba egunetik egunerokoan gertatzen diren palestinarren aurkako jazarpen, bazterketa, arrazakeria eta erasoak ere. Ia oharkabeak dira Israelgo estatu sionistaren barruan bizi diren 1,2 milioi palestinarrak, bigarren mailako biztanle bihurtu dituztelako. Oharkabean pasatzen dira Apartheid Harresiaren zazpiehun kilometroak eta honen sakabanaketa ondorioak. Ia oharkabean Gazako 1,5 milioi biztanleen blokeo eta etengabeko setioa.

Egunerokotasuna bizitzea ezinezko duten honetan Palestinako jendarte zibilak Israelgo gobernuaren aurkako BDS nazioarteko kanpaina jarri zuen abian 2005ean; Hegoafrikako Apartheid erregimenaren kanpaina eredu hartuz. BDS. Boycott, Divestment and Sanctions. Boikota, desinbertsioa eta zigorra. Mundu osoan geroz eta norbanako eta erakunde gehiagoren babesa ari da jasotzen eta kanpainak Israel presionatzea du helburu nagusi; okupazioa, koloniak eta harresiarekin amaitzeko, Israelen bizi diren palestinarren eskubideak bermatzeko eta errefuxiatuek beren etxeetara itzultzeko duten eskubidea bete arte.

Askapena eta Euskal Herria-Palestina sareak bat egin dugu Palestinarrenganako elkartasuna erakusteko BDS mugimendu honekin eta iaz hasitako kanpaina jorratzen hasi gara aurtengoan ere. Gure ildoa jostailuen alorretik dator. Jostailuak funtsezkoak dira haurren hezkuntzarako, harremanetarako eta jolaserako. Horregatik, jostailuak aukeratzerako garaian kontuan hartzen dira garapen kognitibo eta emozionalarekin lotutako irizpideak. Baita balioekin lotutakoak ere. Beraz, onartezina da gerra krimenak egiten dituen estatu baten lantegietan eraikitako jostailuak saltzea. Zapalkuntzaren bidez haur palestinarrei etengabe debekatzen zaie haur izatea edo jolas egiteko eskubidea bera. Itxuraz hain kaltegabeko diren produktuekin, Israelgo estatuak, ordea, dituen harreman komertzialak bere erregimena legitimatu eta Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen aurkako urraketak estaltzeko baliatzen ditu.

Abenduaren ateetan gauden honetan, poltsikoetan behar baino zulo gehiago ageri diren arren, izango da zer erosia aurten ere, ziurrenik. Honexegatik, EZ JOLASTU PALESTINARREN ZAPALKUNTZAREKIN! egitasmoarekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu, gure jostailu dendetan “made in Israel” jostailuak (729 barra kodea dutenak) saleros ez daitezen. Izan ere, gaur egun Imaginarium, Toys ‘R’ Us edota Afede bezalako dendetako adin txikiko haurren apaletan sarri aurki baitaitezke jostailu hauek.

Guk ez dugu parte hartu nahi Palestinarren aurkako eskubide urraketa eta zapalkuntzan. Jolasteko eskubidea guztiona den heinean, gure jolasek ez dezatela besteen jolasik oztopa.

Oarsoaldeko Askapena