2012ko Venezuelako brigadaren 3. kronika

Jatorri afrikarreko komunitateen borroka

Orain hirurehun urte inguru Espainiako inperialismoa Venezuelako landen ustiaketarako afrikako esklabuak ekartzen hasi zen. Milaka ekarri zituzten, horietako anitz itsasontzietan hil ziren eta iritsi zirenak esklabu gisa aritu ziren espainiarren hacienda direlakoetan. Geroztik esklabutza akitu bada ere, afrikar jatorriko venezolarrek bazterketa etengabea jasan dute, prozesu bolibartarrarekin antolatzen hasi diren artio.

Testuinguru horretan Vargas estatuko Osma herrirat joan gara, Caruao parrokian. 1948. urtean sortutako jatorri afrikarreko komunitatea da; herria eratzerako  ibilaldi luzea egin zuten, toki desberdinetatik kanporatu baitzituzten, azkenean, haatik, herrixka sortzeko lekua bilatu zuten. Osman Albertok hartu gaitu, kontseilu komunaleko ordezkaria da eta Voces antiimperialistas mugimenduko kidea; halaber, voces juveniles afrikar jatorria dutenen elkartekoa. Komunitatearen memoria gordetzeko eta identitatea mantentzeko Caracaseko unibertsitateko antropologia eskolakoekin dokumental etnografikoa egin dutela jakinarazi digu, zeienean komunitateko zaharrenen lekukotzak jaso baitituzten.

Alberto afrikar jatorriko herritarren egoeraz mintzatu zaigu eta prozesu bolibartarrarekin nola harremantzen diren azaldu. Horrela estatuak aitortu ditzan afrikar jatorriko komunitateak eta taldeak elkartzen ari direla erran digu, ezaugarri bereziak dituen talde sozial moduan ezagutu ditzan: kultura, erlijio... aldetik dituzten aintzinako berezitasunak hain zuzen. Modu berean, prozesu bolibartarrak bulkatzen duen eraldaketa prozesuarekin eta herri boterearen eraikuntzarekin bat egin dutela erran digu eta horren adibidea orain lau urte Osman kontseilu komunala eratu zutela da.

Albertok aipatu digunez pixkanakako prozesua da, hala, batzarreetan hartzen diren erabakiak betetzen direla ikusterakoan eta egunerokoa hobetzeko eraginkorrak direla, jendeak gero eta gehiago parte hartzen duela aipatu digu; herritarren kontzientzia ere modu berean handituz doa. Horrela, kontseilu komunalaren bidez infozentroa eraiki dute eta orain lehengo hacienda zegoen tokian ekimen sozioproduktiboa hasi nahi dute. Modu berean  komunitateko lurren aberastasuna ikusirik nekazaritza sustatu nahi dute, baita, komunitatea buruaskia eta iraunkorra izan dadin ekimen desberdinak ere.

Albertorekin eta bere adiskideekin herrian barna itzulixka egin dugu eta herritarrekin solastatzeko aukera izan dugu. Egiten dituzten danbor eta egur tailak ikusi ditugu, horietako batzuk erlijio sinkretismoaren erakusgarriak dira; zentzu horretan, aipagarria da Afrikako erregea irudikatzen duen egur-taila bat. Aginte katsabea du esku batean eta kakao fruitua bertzea esklabutzaren ikur gisa.

Osmako komunitatean lurraren jabetzaren inguruko arazo historikoa dute. Albertok erran digunez lurrak komunitatearenak dira baina hainbat egitasmo turismo-enpresarial direla eta eztabaida bizi-bizi dago.