2012ko Boliviako brigadaren 1. kronika

Cochabambara helduta, CEDIB Boliviako informazio eta dokumentazio zentrora hurbildu ginen. Bertan, Movimiento Boliviano de Soldaridad con Cuba taldeak antolaturiko kongresu batean parte hartu genuen.

Kongresuan, Boliviako 9 departamentuetako herri mugimendu ezberdinetako kideak zeuden, eta honez gain Kubatar enbaxadako pertsona baten presentzia ere izan genuen. Beraien helburua, neoliberalismoaren eta inperialismoaren aurka borrokan diharduten herrien arteko elkartasuna adieraztea da.

Hemendik abiatuta, alde batetik Hego Amerika eta Ertamerikaren artean batasuna lortzea da helburua. Bestalde, borroka honetan aurrera egin ahal izateko, Bolivia bertako sektore ezberdinen artean proiektu amankomunak eta akordioak lortzea ezinbesteko ikusten dute. Horixe izan da kongresu honen helburua.

Aurten, berebiziko garrantzia duten bi ekimen antolatuko dituzte:

Lehenenik, Che-ren erailketaren 45. urteurrena birgogoratzeko asmoz, urriaren hasieran topaketa internazional bat egingo dute, eta urriaren 9an Vallegranden hainbat jardunaldi egiteko asmoa dute. Era berean, aste honetan, herrien askapenerako hain garrantzitsua izan den pertsona honekin batera borrokatu zutenen inguruko dokumental bat aurkeztuko dute, mahai inguru batekin borobilduz.

Bigarrenik, Estatu Batuetan dauden bost preso politiko kubatarren askatasuna aldarrikatzeko asmoz hainbat ekintza burutuko dituzte. Besteak beste, preso horietako baten, Gerardo Hernandezen, emazteak Bolivia bisitatuko du hauen egoera zein den salatzeko. Bost preso hauen egoera ez da batere xamurra, batek kasu, bizi osoko bi espetxe zigor gehi hamabost urteko kartzela zigorra ditu bere gain.

Egoera honen guztiaren berri izan ostean, Euskal Herriko errealitatea, zein Askapenaren lana azaltzeko parada izan genuen. Gure ekarpenarekin, kongresuko kideek ezagutzen ez zuten errealitate honen berri izan ostean, berretsita gelditu zen herrien borroka ezin dela aurrera eraman herrien arteko elkartasunik gabe.