2012ko Boliviako brigadaren 3. kronika: CEDIB eta Rafael Puente

Cochabamban geundela probestuz, CEDIB dokumentazio zentrora hurbildu eta bertako zuzendaria den Marco Gandarillasekin elkarrizketa bat izan genuen.

CEDIB irabazi asmorik gabeko erakundea da, beraien Dokumentazio zentroaren bidez 40 urte baino  gehiago daramatzate Boliviako historia babesten. 7 milioi albiste baino gehiago bildu dituzte 500 gaietan eta egunetik egunera, albistez albiste hazten doa. Gaur egun, 12 egunkari nazional prozesatzen dituzte, 7900 albiste hilabetean. Zentru hau, Bolivian bakarra, iragana eta oraina aztertzeko eta Bolivia, eskualde eta munduaren etorkizunean eragiteko aztertzeko tresna bat da.

Gertakizun historiko desberdinei (Banzer eta Mesaren estatu kolpeak, Tolanza eta Epizanaren hilketak, Bizitzaren aldeko Martxa, Ura eta Gasaren gatazkak eta Tipniseko martxa indigenak) buruzko ikuspuntu desberdinak jasotzeko aukera ematen du. Informazioaren analisi bat gabe ezinezkoa da benetako parte hartze sozial ea politikorik egotea.

Bertan, informazio trukaketa egin eta gero, Euskal Herriari buruzko materiala uzteko aukera izan genuen bertakoa guk ere eramanez.

Rafael Puente, Evoren gobernuaren lehenengo legealdiko barne ministro ordea izandakoarekin eta MAS-IPSP gazteen formakuntza politikoaz arduratzen zenarekin bildu ginen. Gaur egun, CUECAko (Colectivo Urbano por el Cambio) kide da eta hainbat komunikabideetan parte hartzen du. Besteak beste página 7 egunkariko zutabegilea da ostiralero.

Rafael, betidanik aldaketa prozesuaren aldekoa izan da eta jarraitzen du izaten baina aldi berean gobernua era eraikitzaile batean kritikatzen du. Bere ustez, Boliviako gaur egungo eztabaida nagusienetako bat TIPNISeko errepidearen inguruan kokatzen da. Honen inguruan, herriaren parte hartzea eta kontsulta ezinbestekoa direla uste du, hauek aldaketa prozesuaren oinarriak baitira. Gobernuaren aldetik kontsulta lurralde indigena horretan bakarrik egitea planteatzen dute. Baina, errealitatean zonalde horretatik kanpoko toki batzuetan ere burutzen ari da, El Chaparetik gertu (poligono 7). Rafalen  ustez TIPNISeko zonaldea parke nazional bat izanik eta parte hartze prozesu hau ondo bideratzeko kontsulta estatu mailara zabaldu beharko litzateke.

Rafaelek arrisku bat ikusten dio errepide hau eraikitzeari. Behin hau eraikita, beste sektore batzuek  aukera izan dezakete, zonaldean asentatu, indigenei lurrak erosi eta kolonizazio moduko bat emateko. Gertaera historikoetan oinarritzen da hau esaterako garaian, izan ere, El Chapareko errepidea egin zenean horrelako prozesu bat eman zen eta  han bizi ziren indigenak alde egin behar izan zuten.

Gatazka hau eta beste hainbat gertakari ikusita, gobernu honen lehen urteetan demokrazia parte hartzailea oinarri izan bazen ere, konstituzioaren eraketa eta gero prozesua ildo honetan ematen ez dela iritzi du.