2012ko Boliviako brigadaren 4. kronika: Hugo Moldizekin bilera

Joan den abuztuaren 20an, Hugo Moldiz gobernuko aholkulariarekin biltzeko aukera eduki zuen Boliviako brigadak. Bere burua auto-definitzeko eskatu ziotenean ordea, komunistatzat jo du bere burua.

Aipatzekoa da ere MAS alderdiko ildo politikoa diseinatu duela. Elkarrizketa biziki interesgarria izan dugu berarekin, izan ere mundu mailan sozialki, politikoki zein ekonomikoki eragin izugarria izan duten hainbat pertsonen teoriak hartzen ditu kontutan, besteak beste Marx, Engels, Che, Fidel Castro. Hauen irakurketa sakona egitearekin bat, Hego Ameriketako  zein gaur egungo testu ingurua aztertzen aditua da.

Teoria hauek, ideologia gisa hartzeaz gain, errealitateko testuinguru materiala zein den ohartzea erabat beharrezkoa dela iruditzen zaio.  Izan ere, ideal erromantikoetan erortzearen arriskua gainditzeko, aipaturiko errealitatearen analisia egitea ezin bestekoa da.

Boliviako egoeran zentratuz, bere historia osoan izan duen aldaketa prozesu sakonena bizitzen ari da. Izan ere, azken 184 urtetan, hau da Espainiarekiko independentzia lortu zenetik, Evo gobernura iritsi arteko urtetan, etengabeko krisiak egon dira eta hauetatik ateratzeko, etengabeko konponbideak eman dira, baina beti ere boteredun klase zapaltzaileen onurarako. MAS alderdiak 2005. urtean, babes sozial ikaragarriarekin gobernua irabazi zuenetik ordea, oligarkia zaharra boteretik urrundu da. Ala eta guztiz ere, iraultza politikoa eman den arren, iraultza sozialik eman ez denaz ohartarazi gaitu.

Honetaz gain, egitura sozialean aldaketa handi bat eman dela dio, ez ordea iraultza bat aipatu  bezala. Gaur egungo subjektu protagonista erabat aldatu da, orain nekazaria eta indigena delako. Subjektu honek bere buruarengan konfiantza lortu du, indioak bere burua indio gisa baloratzen baitu, lehen ez bezala.

Hugoren arabera, garapen sistema ezberdin bat behar da, izan ere kapitalismoak arriskuan jartzen ditu alde batetik gizakia eta bestetik planeta. Erronkarik garrantzitsuena, errekurtso naturalen erabilera arrazionala eta halaber gizakiaren beharren asetzearen arteko oreka bilatzea da.