Giro onean Usansolon ere, Altsasura joateko deia egin dugu

Joan de asteazkenean, Usansoloko herriko tabernan Askapenaren 25.urteurrena ospatzeko  jai internazionalista antolatu eta Azaroaren 10an Altsasura joateko deia egin genuen.

Giro onean, hurbildutakoek janari mexikarra (tako mexikarrek arrakasta handia izan dute), erakusketa, eta bideo emanaldia ikusteko aukera izan zuten.
1987ko urtean jaio zen erakunde internazionalista, harrezkero joan etorriko elkartasunak ez du etenik izan Euskal Herrian. Herri ezberdinen alde lan asko egin den neurri berean, gure herriaren borroka aldarrikatu dugu munduko txoko ezberdinetan

Argazki galeria ikusteko

Herri honek emandako adibide internazionalistak ugariak dira. El Salvadorren FMLNko (Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontea) kideekin borrokan aritu diren Alba, Marta eta Pakito bezala edota urtero Palestina, Venezuela, Bolivia eta beste herri askotatik pasatu diren ehundaka brigadistak horren lekuko dira. Modu berean, Euskal Herriak nazioartetik elkartasun handia jaso du.

Bizitako esperientzia internazionalista guztiak hitz gutxitan laburbiltzea ezinezkoa zaigu. Errazagoa da agian sentimenduen bidez laburtzea; elkartasuna, konpromisoa eta mundua norbere errealitatetik aldatzeko grina. Horrela ulertzen baitugu internazionalismoa, pentsamendu globalarekin eta ekintza lokalarekin.