Saharako lurralde okupatuetatik idatzitako kronika

Dakhla: ur kirol eta luxuzko hotel naiz kanpinen gibelean etengabe haunditzen ari den hiria da. Bertan, Israelgo estatuak Palestinan egiten duen ereduari jarraituz,1990eko hamarkadaz geroztik (frente polisarioa eta Marokoren harteko su etena) iristen ari den Maroko iparraldeko kolonoen etorrera ikaragarria da.
Lehengo hiri zaharraren hegoaldean, ehundaka etxebizitza eraiki dira kolonoei aterpea emateko; hiritik kanpo baina era berean berau inguratuz. Erran daiteke hiri hunek bi martxa izan dituela: bata 1975eko martxa berdea eta bertzea 1990az geroztik gertatzen ari dena. Badirudi 1975ean iritsitako marokiarrak nolabait integratu edo egin zirela, eta herri sahararrak hain itxarona duen erreferendumaren aurrean mehatxu bat bihurtu direla marokoko agintarientzat.
Hortaz, bigarren kolonialismo bat antolatu dute, Marokoko herritar pobreenak hartuz eta Mendebaldeko Saharan bizi hobe bat eskainiz


Lehen erran bezala, kolono hauek Dakhla hegoaldean dauden bi auzo haunditan banatzen dira, nolabaiteko ghetto bat sortuz.Bertan denak dira marokoarrak eta auzoen egiturak militarrek zainduak dira. Hunat iristen diren kolonoei buru garbitze bat egiten die momentu oro gobernuaren agindutara egon daitezen.Bertzalde,hemen bizitzeagatik jasotzen dituzten laguntzak erranguratsuak dira. Kolono familia bat iristen denez geroztik, bere etxebizitza eraikitzeko lursail bat (ura eta argia barne) eta 30000dirhaneko (3000€) laguntza jasotzen du. Behin eraikitakoan gainontzeko herritarrek ez bezala, ez dute inolako zergarik pagatzeko beharrik.
Sortzen den haur bakoitzeko razio bat ematen zaie (elikagaiak, gasa, baita beraien ahuntzaren egunerako ahuntza ere) hunen erdia etxean erabiltzen dutena eta bertze erdia kolonia barnean duten merkatu batean saltzen dutena.
Sahararrei aldiz, 200dirhaneko (20€) laguntza ematen zaie haur bakoitzeko (aintzinekoa baino aunitzez gutiago) eta hirugarren haurretik aintzin laguntza kentzen zaie. Kolonoen zenbatekoa jakitea ezinezkoa da militarrek kontrolatua baitago; baina aipatzekoa da auzo honen erdi batean  12 eskola daudela. Atera hortik beraien sortze tasa.
Guzti hunekin Marokoko gobernuak lortu nahi duena gauza garbia da. Batetik erreferendumaren aintzinean bere jarrera lagunduko duten biztanle gehiago izatea; bertzetik sahararren artean beldurra sortzea. Izan ere ugariak dira kolono hauek gainontzeko herritarrei egiten dizkien erasoak (betiere poliziaren onespenarekin) gan den udazkeneko gertakariak kasu, non saharar batena zen eskola bat ere erre baitzuten, hiru egun iraun zuen istilu odoltsuetan.
Herri bat inbaditua, ixildua eta zentsuratua denean, beti interes batzuk daude horren gibelean. Izan daitezke politikoak, estrategikoak, ekonomikoak...
Herri hunek ordea, baldintza guztiak betetzen ditu Afrika guztiko azken herrialde kolonializatua izateko.
Denen gainera ordea, interes ekonomikoak gailentzen dira. Izan ere, aski aberatsak baitira hemengo lurretan aurkitzen diren mineralak, gasak, eta baita lurpean oraindik erabili ezin den  petrolioa ere.
Marokoko gobernuak Mendebaldeko Saharan gastatzen dituen milioika eta milioika euroak (bai lotsaren harresia zaintzen duten milaka militarretan naiz bertako hiriak kolonializatu dituzten marokiarren azpiegitura guztietan...) ez lituzke jarriko ordainetan sari handiagorik jasoko ez balu.
Mudu guztiko arrain erreserbarik handiena ere hemen aurkitzen da. Ugariak dira Mendebaldeko Saharan dauden sardina naiz hegaluzeen bankuak. Honen guztiaren harira, Dakhlan hainbat enpresa aurkitzen dira arrain komertziora loturik daudenak. Bai marokiarrenak eta baita Europa nahiz bertze herrietakoak ere.
Alde batetik enpresa haundiak daude (goi kargudun marokiar batena kasu, non gutxienez arrain transporterako hamabi kamioi aurkitzen diren) arrain esportaziora dedikatzen direnak. Bertzetik itsasontzi internazionalak ere, inolako kontrolik gabe itsasoa ustiatzen ari direnak (Dakhlako lurmuturrean itsasontzi errusiar bat dago urte guztian gora ta behera gelditu gabe dabilena).
Hauetaz aparte, Dakhla hiritik bortz bat kilometrora, lur mutur bukaera aldera, arrantzale marokiarren herrixka bat dago. Bertan hamarnaka oihal eta taulaz egindako txabolatan banaturik dauden sakeatzaileak bizi dira. Hauek, denbora baterako etortzen dira ur hauetan arrantza egitera, eta gehien biltzen dutena olagarroa da. Plastikozko ontzi batzuk erabiltzen dituzte horretarako. Ez da ordea hau era honetako herrixka bakarra. Izan ere, Mendebaldeko Saharako hegoaldean (Rio De Oro) honelako bortz herri daude eta Dakhlakoa da txikiena.
Hunek guztiak, eta hainbertze urtetako kontrolik gabeko era guztietako esplotazioak, arrain kopuruan ere eragina izan du eta garai batean hain emankorra zen kostaldea deus gabe uzten ari dira.
Akitzeko, erran beharra dago bertako edozein aberastasunen explotazioa ilegala dela. Mendebaldeko Sahara konflikto batean dagoen herria izanik; eta herrialdearen geroa zehazteke dagoen bitartean, ez baita bertan aurkitzen den lehengairik ustiatzen ahal. Marokok ongi aski daki hau dena; hortaz hemen arrantzatzen dena, Agadir-era (Maroko hegoaldeko hiria) tranportatzen dute kamioien bitartez, handik produktu marokiarra bailitzan esportatu ahal izateko.