Marcha patriotica-ko kideekin hitzaldia Arrasaten

 “Marcha Patriotica” mugimendu kolonbiarreko Juan Torres-ek hitzaldi zoragarria eskaini zuen Arrasateko Dat Tabernan. Kolonbiako historiari errepaso txiki bat egiteaz bat, Kolonbiako egungo egoera izan zuen hizpide. Bake prozesua, mugimendu politiko eta sozialen egunerokoa, eta mugimendu antifaxistaren erronkak izan ziren jorratutako gaiak. Jendearen jakinahiaren eraginez hitzaldia luzatu behar izan genuen.

 

 

Mundu mailan barne errefuxiatu gehien duen herrialdea da Kolonbia Sudanen ostean. Lau miloi lagunek alde egin behar izan dute beren etxeetatik azken bost hamarkadetan: gehienak, nekazal guneetatik hiriguneetara joan dira paramilitarren jazarpenak eraginda, hau da, latifundio eta multinazionalen interesak babestearren herritarren aurka burututako ekintzen ondorioz. Paradisu bikaina da Kolonbia atzerriko interes ekonomikoentzat: espainiar transnazionalak, esaterako, 160tik gora dira. Izan ere, langileen eskubideak ez dira existitzen herri honetan: mundu mailan erahiltzen diren 3 sindikalistetatik bi bertakoak dira. Edari freskarri bat baino ez dirudien Coca-Cola enpresak hamarnaka langile erahil, dozenaka desagertu, eta sindikatuetan egoteagatik kaleratuak milaka batzuk baditu. Lur emankor eta natur baliabide ugariko eremuak, berriz, nekazari eta jatorrizko herritarrik gabe geratzen ari dira, ezin utziko ditu Kapitalak bere horretan hain gutizia desiragarriak.

Barne errefuxiatuez gain, ondoko herrietan nahiz Europan babesa topatu behar izan duten Kolonbiarrak jadanik 6 milioi inguru dira. Izan ere, Kolonbiako biztanleriaren erdia pobreziaren mugan bizi da, dolar bat baino gutxiagorekin eguna pasa beharrean eta 6 milioi inguru miseria gorrian. Desagertuak, aldiz, 50.000tik gora dira, hobi komunetan ezkutatuak inpunitate osoz. 4.000 hobitatik gutxi batzuk baino ez dituzte aztertu, eta sendiei DNA gisako probak egitea ukatzen zaie askotan, froga garestiak antza. Positibo faltsuen estrategiaren bitartez erahilak jadanik 5.000 inguru dira. Gehienak nekazari edo nolabaiteko elkarte zibiletan antolatutako kideak, eta armadak erahilak, prentsaren aurrean gerrilari moduan agertuz. Kartzeletako egoera ere ez da hobea, 7.500 preso politiko dituzte bertan, eta Euskal Herrian hainbestetan gertatu ohi den bezala, han ere fikziozko akusazio eta epaiketa faltsu, nahiz komisaldegietako tratu txarrak egunerokotasun bilakatu dira, tamalez.