Gdeim Izik-eko kanpamenduaren II. urteurreneko hitzaldia

2012ko udan Saharako lurralde okupatuetan egon ziren askapenako brigadistek hitzaldia eskaini dute Arrasateko Irati tabernan. Bertan salatu dute Marokoko gobernuak, saharar herriaren aurka orain arte egindakoa. Baina horretaz gain estatu frantsez eta espainiarrak saharako gatazkan duten erantzunkizuna ere agerian utzi dute, salaketa irmoa eginez.

Sahararen okupazio basati haren hasieratan Napalm edo fosfato zuriz herritarren aurka egin zuten; gartzela sekretuak, gartzela beltzak, desagertuak... Azken urteetako etengabeko torturak, erailketak, atxiloketa arbitrarioak, muntaia polizialak..., nor bere herrian arrotz sentiarazterainoko beldurra eta debekuak, hizkuntza, bandera eta nortasuna ixilaraztea, minaz jositako 2700 km-tako harresia eraikitzea…. Hau guztia eta paragrafo sarrera batean sartuko ez liratekeen beste mila eraso mota gutxi dira nonbait marokiar agintarientzat.

Saharar herriak 1991tik hona, garbi erakutsi du bere nahia konponbide adostu bat bilatzea dela, herrion erabakitzeko eskubidearen arabera eta horretarako eman beharreko pausu guztiak eman ditu, duintasunez, askotan ulertzea ere kosta daitekeen neurriraino. Marokoz gain, gainerako ordezkariek ordea zer egin dute? Espainiar eta frantses estatuetako agintariek esaterako, esan dituztenak eta orain arte esandakoak badakizkigu, baina hitzek ezer gutxi balio dute, esandakoak egiteko asmorik ez denean. Guri bitartean hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu zaigu, sahararrei elkartasuna adieraztekoa kaleetan, marokiar zein espainiar eta frantses ordezkariei kontuak eskatzekoa. Inperialismoak ez dezala zirrikiturik aurkitu gurean, azter ditzagun beraz, zein diren sahararren kontura aberasten ari diren enpresak, fosfato eta bestelako mineralen ustiaketetan, saharar uretatik aberasten ari diren arrantzontziak, ez gaitezen hitzetan gera, saharar herriak, gureak bezala, izan dezala bere burua ordezkatzeko eskubidea behingoz, hitzek benetako balioa izan arte behintzat:

Gora Sahara askatua!