Eraso inperialistari ez Malin!

Frantziar Estatuak gidatuta, Malin aurrera eramaten ari den interbentzio militarrak beste behin ere erakusten digu inperialismo europarraren eta frantziar estatuaren injerentzia sistematikoa. Honela, eraso eta kontrol politiko, ekonomiko eta militarrak ez du etenik afrikar kontinentean.Afrikako erregio honetan ematen diren gatazka armatuek, miseriak, desberdintasunak eta pobreziak potentzia kapitalista-inperialista europarrak kontinente afrikarrean historikoki eta modu estrukturalean ezarritako menpekotasun, ekonomiko, politiko eta kulturalaren ondorioa besterik ez dira.Estatu frantzesaren kultura politiko kolonialista eta txobinistak, Euskal Herrian ondo dakigun lez, ez dauka inongo intentziorik ez eta inongo interesik ere afrikar herriek beren arazoak beraien kabuz konpontzen uzteko ez eta beraien etorkizuna libreki erabakitzen uzteko ere. Izan erregimen autoritario eta ustelak babestuz, edota Costa de Marfilen gertatu moduan, zuzenean esku hartuz. Izan UMPren edota PSren eskutik, Frantziako Estatu politikak bere kolonia ohien kontrol absolutua izaten jarraitzen du. Transnazionalek, baliabide naturalen demaseko xahutzea gero eta beharrezkoagoa dute, irabazi asmoak handitzeko, eta geroz eta kriminalagoa den lehia batean estrategikoak diren sektore energetikoen monopolioa izateko.Beraz, estatu frantzesak, hitzez hainbeste defendatzen duen demokraziatik urruti, eta arrisku islamistaren diskurtsopean (libian islamistak defendatu dituzte inongo eskrupulorik gabe, eta gaur egun Sirian ere babesten ari dira) Sahel lurraldeko kontrol geopolitikoa ziurtatu nahi du eta bertako baliabide naturalak xahutu nahi ditu; gasa, petroleoa, diamanteak, urrea eta batez ere, uranioa. Zentzu horretan, Askapenatik, estatu frantzesaren politika inperialista salatu nahi dugu, eta horrekin batera, Afrikako herri kaltetuei elkartasun keinu bat helarazi nahi diegu. Gure Estatu propioaren beharra geroz eta urgenteago ikusten dugu, herri mugimenduekin elkarlanean egiazko elkartasun erlazioak izateko gainontzeko afrikar herriekin, guztion emantzipazio nazional eta soziala lortze bidean.

Europar Batasunaren gainean Askapenak eginiko irakurketa Garan publikatua.

Eraso inperialistarik ez!