Itzulerako zubiak eraikiz

Berria egunkarian argitaratutako artikulua

'Ez dugu izaterik aske haiek gabe! Euskal preso eta iheslariak kalera!' lelopean, munduko txoko askotara iritsi da aurten ere, zazpigarrenez, Euskal Herriarekiko elkartasuna.

Ikusi Nazioarteko elkartasun asteko argazki galeria

Alemanian ere hamaika ekimen antolatu egin dira

Europa eta Amerikako hainbat hirietan 197/2006 doktrina salatzeko antolatu dira. Ikusi argazkiak

"Herriok elkarren laguntza eta samurtasuna behar dugu: joan eta etorriko elkartasuna". Horixe da  Askapena erakunde internazionalistaren oinarrietako bat. Mende laurdena bete berri du, eta urtez urte aritu da hamaika herrirekin elkartasunezko zubiak eraikitzen; horien bidez antolatu zuen, joan den martxoaren 2tik 10era, Euskal Herriarekiko VII. Elkartasun Astea ere. Eta etorri zen elkartasuna Europako zein Latinoamerikako hamaika herritatik: hogeita hamar ekitaldi baino gehiago egin dira, besteak beste, Mexiko DFn, Buenos Airesen, Londresen, Bretainian,  Madrilen, Belfasten, Parisen eta Dublinen. Baita Milanen, Torinon, Bolognan eta Napolin (Italia) eta Bordelen (Okzitania), Naoneden (Nantes, Bretainia), Roazhonen (Rennes, Bretainia) eta Parisen ere. 1.000 pertsona inguruk parte hartu dute.

Euskal preso eta iheslarien gaia landu zuten, bereziki, aurtengo edizioan. Ez dugu izaterik aske haiek gabe! Euskal preso eta iheslariak kalera! lelopean egin zituzten hitzaldi, mahai inguru, elkarretaratze eta abarrak. "Salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe eta zigor politika suntsitzailea desegin beharra" nabarmendu zuten antolatzaileek Elkartasun Astea aurkezteko agerraldian. Espainian eta Frantzian ez ezik, munduko beste herrialde askotan ere badaude, espetxean edo ihesean, euskal herritarrak.

Elkartasun Astearen ondoren, askapen prozesuan preso eta iheslariek "subjektu protagonista gisa" duten garrantzia nabarmendu zuten Askapenako kideek. Haien esanetan, "inoiz baino beharrezkoagoa" da gaur egun herri langileen arteko elkartasuna, "blokeo politikoaren eta egiturazko krisiaren testuinguruan". Preso eta iheslarien itzulerako zubia eraikitzen dihardute, munduko hainbat herrialdetan, Euskal Herriaren Lagunak taldeetako kideek ere, "bere-bereak dituzten ildo internazionalistetan oinarrituz".

Errealitateak ezagutarazten

Euskal Herriko eragileen jarrera ere txalotu dute Askapenako kideek. Izan ere, han eta hemen egindako ekitaldietan izan dira Elkartzen, Herrira, Ahaztuak 1936-1977, Bilgune Feminista, Euskal Herrian Euskaraz, EPPKren bitartekariak eta Ernai, besteak beste. Mexiko DFko euskal etxean, adibidez, hitzaldia egin zuten, Bake prozesua Euskal Herrian izenburupean.

Mahai ingurua izan zen Bolognan EPPKren bitartekariekin, euskal presoen egoeraren eta kolektiboaren ibilbidearen eta helburuen inguruan. "Errepresioa herri mugimenduen ikuspegitik" landu zuten Napoliko unibertsitatean, eta, antolatzaileen esanetan, "ikusmin handia" piztu zuen. Gainera, euskal presoen argazkiak jarri zituzten pasilloetan, baita ikurrin bat ere unibertsitateko balkoi nagusian.

Bost euskal presoren esperientzia kontatzen duen Barrura begiratzeko leihoak filma ere izan zen Napolin bertan, baita munduko beste hainbat bazterretan ere. Parisen, bestetik, Bertsolari filma ere ikusi ahal izan zuten. Ahaztuak elkarteko kide Martxelo Alvarezek hitzaldia eman zuen Dublinen, eta Frankismoaren krimenak eta horien egileek gerora izan duten "inpunitatea" izan zuen hizpide.

Madrilen, martxoaren 3a oroituz

Gasteizko Martxoaren 3ko gertakariak oroituz hasi zuten, hain zuzen, Madrilgo elkartasun astea, joan den martxoaren 3an. Hilketa haiei buruzko bideo bat ikusi ostean, Askapenako kide batek hartu zuen hitza. Erakunde internazionalistaren lanari buruz aritu zen, munduko herriak eta langile klasea pairatzen ari den "erasoaldiari buruzko" solasaldi baten abiapuntu gisa. Herri bazkari batekin eta kontzertuekin jarraitu zuen egunak. Martxoaren 4an, berriz, ikuspuntu feministan oinarrituta landu zuten errepresioa. "Emakume presoek zapalkuntza gehigarri bat izan ohi dute emakume izate hutsagatik", azaldu zion BERRIAri Madrilgo Euskal Herriaren Lagunak plataformako Pilar Parrilak.

Besteak beste, Etxerat elkarteko kideak eta Segikoa izatea leporatuta auzipean den gazte bat ere izan ziren jardunaldietan. "Jendea harrituta geratu zen gazte hark zuen formakuntza politikoaz", dio Parrilak. Aurten jende berria bildu dela nabarmendu zuen, gazte dezente tartean. "Errespetuz entzun zuten Euskal Herriko egoeraren berri", azaldu zuen: "Iaz ezinezkoa izango zen hau horrela egitea". Izan ere, gogorarazi zuenez, oraindik ere ez da erraza Madrilen "zenbait gairi buruz" hitz egitea.

Hala ere, urte dezente darama talde horrek, Euskal Herriarekin elkartasunez, ekimenak egiten. Auzitegi Nazionaleko hainbat epaiketa ere salatu izan dituzte. Orain Madrilen ere "errepresioa areagotzen" ari dela dio Parrilak, azken greba orokorrean atxilotu zuten Alfonso Fernandez Alfon gaztearen kasua gogoratuz.

Hodei Iruretagoiena