Lander Fernandez Espainiaratu egin du Italiak

Arratsaldeko lehen orduan Erromako Campino aireportura eraman du Poliziak, Madrilerako bidea hartzeko, Efe albiste agentziak dioenez. Goizean «herri harresi» batek bere atxiloketa ekidin du, eta ondoren komisaldegirako bidea hartu du abokatuarekin batera. 

Efe albiste agentziak aipatzen dituen iturri judizialen arabera, Lander Fernandez Espainiaratu egin du Italiak. Arratsaldeko lehen orduan Poliziak Erromako Campino aireportura eraman du eta handik Madrilerako bidean jarri dute, hegazkin batean.

Lehenago, gaur goizean, Italiako Polizia Lander Fernandez atxilotzen saiatu da Erroman. 20 bat polizia Fernandez bizi den etxera joan dira goizeko lehen orduetan. 60 bat lagunek etxearen sarreran eta beste 30ek «herri harresia» osatu dute atxiloketa ekiditeko. Bi abokatu eta bi parlamentari ere atxiloketa ekiditzen saiatu dira.

Azkenean, negoziazio luze baten ondoren, Lander Fernandez abokatuaren kotxean irten da bere etxetik. NAIZ-i adierazi diotenez, ez zegoen argi Justizia ministroak Espainiaratzea sinatu duen eta epe batzuk ez dituzte errespetatu.

Fernandez Erromako komisaldegian egon da baina, antza, Italiako Poliziaren asmoa bete egin da eta gaur bertan Espainiaratu dute. Senatari batek estradizioa etetea eskatu dio Justizia ministroari eta Espainiaratzearen kontrako helegiteak aurkeztu aukera izatea eskatu du.

Iragan urtarrilaren 15ean, Erromako Auziegiak Fernandezen estradizioa onartu zuen. Santutxuarrak, ordea, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen eta honek atzo jakinarazi zuen azken ebazpena. Espainiaratzeko baimena berretsi du eta gainera epaiketaren gastuak ordaintzera behartu du Fernandez.

Efe albiste agentziaren arabera, estradiziorako prozedura abian jarriko du orain Italiak eta «epe motzean» Espainiaratuko dutela dio.

Fernandez pasa den ekainean atxilotu zuen Italiako Poliziak Erromako bere etxean, Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua tarteko.

Espetxeratu egin zuten lehenengo, eta ondoren etxe barruko espetxeratzea agindu zuen epaileak. 

2009an jazarpen poliziala jasan izana salatu zuen eta handik gutxira Barajasko aireportuan atxilotu zuten Venezuelatik bueltan zetorrela. Espetxeratu egin zuten, autobus baten kontrako eraso batekin zerikusia zuelakoan.

Gutxira askatasuna berreskuratu zuen, fidantzapean.

2010ean Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion eta urtebete beranduago Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen.

(Naiz.info-argitaratutako albistea)

Lander Fernandez Erromako polizia-etxean egon da Justizia ministroaren erabakiaren zain

Italiako 20 bat polizia Lander Fernandez atxilotzera joan dira gaur goizean Garbatella etxera, Erroman, baina ez dute lortu, etxeko atarian 60 lagunek harresia altxatu baitute. Negoziazio luzeen ondoren abokatuaren autoan eraman dute polizia-etxera. Italiako Auzitegi Gorenak etxean preso 10 hilabete baino gehiago zeramatzan santutxuarra espainiaratzea onartu zuen apirilaren 16an.

Italiako Polizia Lander Fernandez bilbotarra atxilotzera joan da gaur goizean Erromako bere etxera, baina atarian topatu duen herri harresiak ekidin egin du atxiloketa. Garbatella etxeko atarian 60 lagun bildu dira eta etxe barruan beste 30, tartean abokatuak eta bi parlamentari. Eserialdia egin dute etxeko ataria oztopatzeko. Negoziaketa luze baten ondoren, Fernandez abokatuaren kotxean irten da bere etxetik. Momentu hauetan Erromako komisaldegian aurkitzen da bere abokatuarekin, lagun batekin eta parlamentari batekin. Gaur bertan Espainiaratuko zuten baina senatari batek estradizioa etetea eskatu dio Justizia ministroari eta Espainiaratzearen kontrako helegitea aurkezteko aukera izatea eskatu du.

Orain atxilotze agindua eman duen ministroak erabaki beharko du estradizioa edo errekurtsoa onartuko duen. Gertuko iturrien arabera, gaur behintzat ez da Espainiaratua izango ez baitago hegazkinik.

Paola Severino Justizia ministroak atzo sinatu omen zuen atxilotze agindua eta goizean goiz haren idazkaria eta 20 bat polizia Fernandezen etxean bertaratu dira.

Lander Fernandezek 10 hilabete baino gehiago daramatza etxean preso. Iazko ekainean atxilotu zuten, Espainiak eskatuta, 2002. urtean kale borrokari lotutako ekintza batean parte hartzea leporatuta. Urtarrilean haren estradizioa argi berdea eman zion Erromako Kasazio Auzitegiak eta orain dela bi aste Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia.

Bilbobranka.info

Herri harresia eraiki dute Erroman Lander Fernandezen atxiloketa oztopatzeko