Inperialismoaren aurrean... altxa munduko herriak!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Behean eta zapalduak gauden herrioi altxa eta borrokatzea baino ez zaigu geratzen. Gure nortasun eta adorea berreskuratu eta aurrera egitea dagokigu. Herri langile eta herri zapalduak, hortzak erakutsi eta herri boterea dugu jo muga, garaipenerako ezinbesteko lanabesa.

Izan ere, asko gara munduan, miseriara kondenatuak, milioika herritar, emakume, langabetu, langile, lurrik gabeko nekazari, etorkizunik gabeko gazte, etorkin... asko gara, geroz eta gehiago, kapitalismoaren eta inperialismoaren basakeriatik urruntzeko beharra eta betebeharra dugunak.

Menderakuntza kapitalista, matxista, xenofobo, bortitz eta hedakorraren emaitza da Inperialismoa, estrukturalki estatuek mantendua eta mundu mailan ezarria, klase eta herrien arteko banaketaren bidez. Azken hamarkada honetan etengabea da zapalkuntza egitura hau mantendu dadin Inperialismoak areagoturiko oldarraldia. Modu honetan, interes berari erantzunez, Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa, AEB, Europar Batasuna eta NATOk, estatuen konplizitatearekin eta transnazionalen babesarekin eragiten ari diren diktadura ekonomiko, politiko eta militarra jasaten ari gara munduko txoko guztietan. Honela baino ezin genezake uler jasaten ari garen militarizazio etengabea, nazioarteko lege antiterroristen sakontzea, lista beltzak, kontrol eta espioitza makiabelikoak, golpe militarrak, ezkutuko inbasio militarrak, desegonkortze saiakerak..

Azken urteetan, baliabide naturalen lapurreta eta mundu mailako kontrolerako, hainbat herriren aurkako inbasioak ezagutu ditugu, besteak beste, Irak, Afganistan, Palestina, Mali-Azawad, Libano, Libia, Siria... Kapitalismoaren aurrean errenditu nahi ez duten Abyayala edo latinoamerikako herriek ere jasan dituzte estatu golpe saiakerak. Venezuela, Ekuador eta Bolivian esaterako, ez zuten lortu Honduras edo Paraguain lorturikoa, hau da, gobernu aurrerakoak paretik kentzea. Europan ere izan dugu honen berri, Troikak ezarritako gobernuak, Bruselasen erabakitako murrizketak.

Zentzu honetan beraz, han eta hemen estrategia berari erantzuten dioten indar ekonomiko, politiko eta militarren aurrean munduko herrioi, herri langile eta herri zapalduoi dagokigu etorkizunaren jabe egin eta hondamendira garamatzan gurpil zoro honi iraungipen data jartzea.

Inperialismoaren aurrean ...altxa munduko herriak!