Quecha eta Aymarako komunitateen kultura antolatuz
Bolibiako brigadak jatorrizko herrien kultur antolakuntza eta bere adierazpenak gertutik ezagutzeko aukera izan du.
Kronika berri honetan Ayllu Ñan taldearekin bizitakoa kontatzen digute.
Bolibia ulertzea kosmobisio andinoa kontuan izan gabe ezinezkoa da. Hizkuntzarekin batera badator pentsamendu bat eta hemen hizkuntzari baino bizia ulertzeko modu horri garrantzi gehiago ematen diotela ohartu gara. Quechua nahiz Aymarak Ayllutan, komunitateetan, banatzen dira. Tradizionalki herrietako antolakuntza modua bada ere Cochabamba hirian indartzen ari dira antolakuntza modu hauek.
Ayllu Ñan taldearekin elkartu ginen lehenengo. Hauek, musikaren bitartez beraien kultura-kosmobisioa berreskuratzeko darabilten prozesua azaldu ziguten. Gehiengoa hirian jaioa bada ere, beraien familiak komunitateetatik inmigratutakoak dira eta hiriratzean jatorrizko kultura galtzen joan ziren ohitura kolonizatzaileak hartzen joateko. Gaur egun ordea, kontrako bidea hartzen ari dira. Konstituzio aldaketak jatorrizko herriak baloratzea ekarri du eta honekin batera Ayllu berriak eratzen joan dira.
Ayllu Ñaneko kideek kontatzen ziguten nola beraien komunitateetara bueltatzen hasi ziren, musika, jantzi eta ohituretaz ikasteko. Gaur egun, instrumentu pila dituzte eta hiriaren barruan bada ere, komunitatean bizitzen saiatzen dira.
Jatorrizko hizkuntzen irakaskuntza beste hizkuntzen irakaskuntza metodoarekin irakastea posible ez zela azpimarratzen zuten, kosmobisioa ez baizuten kontutan izaten. Adibide gisa, quechua hizkuntzan ordurik ez zegoela kontatzen ziguten, denbora ulertzeko modu zikliko bat baitute, iragana eta etorkizuna hitz berbera izanik.
Hurrengo egunean, bi Ayllutakoekin hizkuntza eta kulturaren inguruko hausnarketa ireki bat izan genuen Arkeologia museoan. 30 lagun bildu ginen gutxi gora behera. Lehenengo guk euskararen berreskurapen prozesua eta gaur egungo egoeraz hitz egin genuen eta gero beste ayllutakoek beraien prozesuak azaldu zituzten. Prozesu oso antzekoa bizi izan dugu debekuak, gutxiezpenak… eta horrek elkarrengandik asko daukagula ikasteko irakatsi zigun.
2013ko Bolibiako Brigada