Golango Altuak: sionismoaren estrategia espantsionistaren erakusgarri

Igor Goikolea brigadista gaztea atxilotua izan baino egun batzuk lehenago Palestinan dagoen brigadak Golango Altuetara egindako bisitaren kronika bidali zigun.

Ez dago egunero Golango Altuetara joateko aukera, baina Askapenak Palestinan dituen brigadistek horretarako aukera izan dute. Izan ere, Majdal Shams herrian, Israelgo okupazioaren ondorengo suntsiketari bizirautea lortu zutenetariko batean, aukera izan dute hango erakundeekin lehenengo eskutik egoera ezagutzeko eta okupazio sionistaren ondorioetaz jabetzeko.

Okupatutako Golango Altuak eremu zabalak (1250 km2 inguru) eta emankorrak dira, Tiberias lakuak ematen duen ur kantitateagatik eta ur honek ahalbidetzen duen nekazaritza oparoagatik: sagarrak, mahatsak, fruitu ezberdinak... Baina honetaz gain, zonalde honen altuerak eta kokapenak (Libano, Siria, Jordania eta Estatu Sionistaren artean) eremu estrategikoa bihurtzen dute. Izan ere, aspektu militarretaz gain, zonalde honen okupazioak Tiberias lakuaren kontrola ziurtatzen du, gaur egun Israelgo akuiferorik nagusia hain zuzen ere.

1967ko Sei Egunetako guda baino lehen, Golango Altuak Siriako Quneitra probintzian zeuden, okupazio israeldarra gauzatu arte, Estatu sionistaren asmo espantsionisten barne. Momentu horretatik aurrera, bertakoak kanporatzeko eta judutarrekin ordezkatzeko prozesuari ekin zioten. Hain bortitza izan zen kanporatzea, non bi hiri, 139 herri eta 61 ukuilutik, soilik 5 herrik lortu zuten suntsiketatik bizirautea: Masadah, Buqatha, Ain Qinya, Ghajar eta Majdal Shams. Izan ere, sionistek dena suntsitu zuten aurreko zibilazioaren aztarnarik ez uzteko. Beste datu bat okupazioaren kokapen grafikoa egiteko: 139.000 biztanle izatetik 6.396 biztanle izatera pasa ziren kanporatzearen ostean. Gaur egun, nahiz eta populazio arabiarra 20.000 biztanletara heldu, kanporatutako gehienek eta euren ondorengoek ezinezkoa izan dute beren sorterrira bueltatu, Siriara ihes egin ondoren.

Kanporatze-prozesu honi lotuta, eremu hau judutarrekin betetzeko helburua dago, Gazan bere momentuan eta, bereziki, Zisjordanian eman ohi den bezala. Ingeniaritza sozialaren estrategia hau aurrez zehaztuta zegoen, World Zionist Organization-ek 1967ko disenatutako plangintzan jaso zuen bezala. Hartara, Merom Golan izeneko asentamendua ezarri zuten okupaziotik hilabete soil batera. Gaur egun, 18.000 biztanle judutar biltzen dituzten 34 koloniak ostutako lurralde haietan sakabanatzen dira. Aipatzekoa da, hasierako lurretatik arabiarrek bakarrik %6a kontrolatzen dutela gaur egun.

Golango errepideetatik gidatzean, ezinezkoa da bost minutu igarotzea militarren presentzia nabaritu gabe. Kanpamendu militarrak edonon daude, baita herrietan bertan ere, populazio zibila armarri bezala erabiliz balizko siriar eraso baten aurrean. Harroputz metrailetadun hauen “segurtasun ekintzen” artean, 2011n Majdal Shamseko sarraskia biztanleen oroimenean dihardu oraindik ere. Urte horretan, inposaturiko muga Siriatik zeharkatzen saiatzen ari ziren 17 palestinarrei bizitza lapurtu zieten tiroka, beste dozenaka zauritu muga artifizialean bertan utziz. Soldadu sionistek duten agindua argia da: muga zeharkatzen saiatzen denari buruan tirokatu.

Okupazio militarrak dakarren eta nazioarteko komunitateak ahaztuta daukan beste arazo larri bat minak dira. 1967tik 16 hildako eta 50 zauritu egon dira minen ondorioz, Al-Haq erakunde palestinarraren arabera, horietako asko jolasten ari ziren umeak izanik. Herriak inguratzen dituzten minak mehatxu bat dira gaur egun ere, eta ez litzateke lehenengo aldia izango euriaren indarrak minak etxeetaraino barreiatzen dituela.

Presentzia militar fisikoaz gain, badaude beste ezaugarri batzuk ere beste herrien okupazioarekin, Euskal Herria barne, komunak direnak, haien artean, asimilazio saiakera. Leku ezberdinetako arabiar izenak ezabatu eta izen hebreoak emateaz gain (edozein mapan antzeman daitekeenez), okupazioa gauzatu zenetik gobernu sionista ezberdinak Golango biztanleria Israeldarra bihurtzen saiatu dira. Modu honetan, okupazioa normalizatuko lukete, nazioarte komunitateari begira, hango biztanleak Israeldarrak izanda, lurra Israelekoa denaren itxura emanez. Hala ere, entitate sionistaren eskaintza, presio eta mehatxuen aurrean Golango arabiarren %95ak ezetza eman dio Israeldar nazionalitateari, egoera berezi batean geratuz, hiritar Israeldar bezala onartuta baina nazionalitate Israeldarrik gabe. Honen ondorioetako bat beren eremuan hauteskundeak ez egotea eta Israelgo legediaren barruan beren ordezkaririk aukeratu ezin izatea da, gobernu Israeldarrak ezarritakoak jasan behar izanez. 1981tik aurrera Golan Altuetan Israelgo lege zibilak eta administrazioa ezarrita dago.

Honelako opresio egoeraren aurrean, eta populaziorako zerbitzuekiko utzikeria Israeldarraren aurrean (populazio bertatik joatea erraz dezakeena), Golango biztanleak antolatu dira eta erakunde ezberdinen bidez osasun, hezkuntza, kultura-zerbitzuak edota nekazaritzarako aholkularitza ematen dute, herriaren oinarrizko beharrak asetuz. Horretan aritzen diren profesionalak maila altukoak dira, haien artean Damaskon hezitako mediku ugari.

Golanen egonda, oso nabaria da Estatu sionistaren presentzia, batez ere militarra, baina oso agerikoa da ere lur hauen biztanleen asimilazioarekiko erresistentzia, lapurtutako lurrak berreskuratzeko, familiak berriz batzeko eta Siriaren parte izateko grina. Majdal Shams-eko kaleetan ikusten denez eta bertakoen jarrerak erakusten duenez, sionismoaren estrategia espantsionista, boteretsua eta bortitza bada ere, ez du erraza zonalde honen populazioa bereganatzea.

Askapenaren Palestinako brigada