Argentinako brigada: Mar del Platara egindako bidaia

Buenos Airestik Mar Del Platarako bidaia egin genuen pasa den astean. Mapa batean hurbil dagoenaren sentsazioa eman arren hiriburu bien artean 410 kilometroko distantzia dago. Guztira bost ordu terdiko bidaia eginez iritsi ginen, eta autobusetik jaitsi bezain laster,  han zeuden  Maria Teresa Rodriguezko kideak guri itxaroten.

Aurkezpenak egiteko ia denborarik eduki gabe, euren erakundearen egoitzara jo genuen eta, bertan, euren lanaren berri eman ziguten. Hau guztia bazkari gozo baten inguruan egin genuen.

Bazkaria eta mahai ostea bukatuta, Mar del Platako unibertsitatera hurbildu ginen. Erran ziguten eraikina Argentinako diktadura sasoian egina zegoela, hori, bereziki arkitekturan nabari daiteke “segurtasun indarrak” euren nahierara erabiltzeko egina dagoelako: Zaldiak igotzeko egokitutako eskailerak, gas negargarriak gorantza bideratzeko igarobideak, dena kontrolatzeko egitura... .Baina bertan ikasle borrokalari antolatuen kutsua nabari da: kartel aldarrikatzaileak, euren txokoaren hartzea eta mantentzea...
 
Argentinan negua da eta behin neguko oporrak igarota, ikasleek benetan indartsu helduko diote ikasturteari!!!! Hainbat elkartek “Elikadura burujabetza” katedra antolatu eta martxan jarri dute. Izugarrizko arrakastarekin gainera! Aurreikuspenak betetzen badira 400 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute. Baina, ahaleginak egin arren, ez dute lortu irakasgai ofizialen barruan sartzea agintari kapitalisten ondorioz, baina datorren urtean lortuko dute. Seguru baietz!

Argentinak bere populazioaren hirukoitza mantentzeko beste ekoizten du elikagaietan, baina biztanleriaren erdia gosez bizi da. Benetan datu adierazgarria da. Gainera, sojaren landaketa transgeniko neurrigabea ikaragarri igo da, hori gutxi ez, eta burgesen diru gosearen ondorioz, fumigazio kontrolgabeak ingurugiroa guztiz kaltetu eta osasunean arazo nabarmenak sortu ditu. Mar del Platako kideak benetan buru-belarri daude egoerari bira emateko, eta bestelako elikadura baten alde egiteko.

Agroekologiari bide ematen ari dira poliki-poliki bai lurren eskuraketarekin, bai  solo ekologikoak sortuz,  adibidez  Via Organican. Gainera, azoka ekologikoa bultzatzen dute, berau larunbatetan  eta asteartetan egiten dutelarik. Inguruko nekazariek parte hartuz eta kontsumitzaile eta ekoizleen arteko  distantziak moztuz.

Hurrengo egunean, ostiralean, Luz y Fuerza sindikatuaren egoitzan hitzaldi bat eman  genuen Frente Antirrepresivo eta Fogoneros-ek antolatua. Gure harridurarako, oso arrakastatsua izen zen, 40 pertsona inguru hurbildu zirelako. Gainera, hitzaldia aitzakitzat hartuz, hainbat komunikabidek elkarrizketatu gintuzten. Besteak beste, bost brigadistak De La Azotea irrati alternatibora joan ginen, bertan ordu erdiko solasaldia eduki genuen.

Mar del Platako bidaian Fogoneros partidu politikoa ezagutzeko aukera izan genuen, berau, “Votamos Luchar” antolakundearen barruan kokatua dago. Euskal Herriko egoera politikoa eta sozio-ekonomikoaren inguruan solasaldia edukitzeko aukera izan  genuen, baita Argentinako egoerari buruz ere. Gustura geunden denok, oharkabean, hiru ordu iraun zuen. Hurrengo egunean Argentinan barne hauteskundeak direla aprobetxatuz, euren jarrera azalarazi ziguten. Argentinan “primaria libre”-en hauteskundeak egin ziren herrialde osoan (legez derrigorrezkoa da bozkatzea hamazortzi urtetik hirurogeira, eta hamaseitik hamazortzira aukerazkoa). Gainera, aurreko egunean tabernak itxi egiten dira eta horrez gain, debekatuta dago alkohola saltzea eta batzarrak egitea.

Fogoneroak bileran argi utzi ziguten gobernuak eta politikari burgesek euren boterea zilegitzeko hartutako neurriak direla (derrigorrezko bozkaketa etab.), baina denak ustelduak zeudela. Hauteskundeetan, “Votamos Luchar”-ek ez bozkatzera deitzen dute, antolatzeko eta egunerokotasunean borrokarako aldarria eginez.

Guztira, Mar Del Platan 3 egun egon ginen, eta agenda bete beteta eduki genuen. Udan biztanleria hirukoizten duen herri honetan, aldaketak badatozela antzematearen sentsazioarekin trenean lo kuluxka eginez bueltatu ginen Buenos Aires hirira.