Palestinako alderdi politikoekin bildu da Askapenaren brigada

Aurreneko astean zehar Palestinako Hamas eta Al Fatah alderdi politikoko ordezkariekin biltzeko eta Palestinaren egungo egoeran baita etorkizunean ere eragina duten kontu ugariren inguruan haien iritziak jasotzeko aukera izan dugu.

Iritsi eta berehala elkartu ginen Palestinako legebiltzarreko  Al Fatah-ko diputatua den Fayez Saqqa-rekin. Ordezkatzen duen alderdi politikoa Palestinaren askapenerako mugimendu bezala azaldu zigun, okupazio sionistaren amaieraren eta Palestinako herriaren askapenaren alde egiten duena.

Egunetara, Hamas alderdiko ordezkari batekin elkartzeko aukera izan genuen, honek ordea, segurtasun kontuak direla eta, ez zigun izenik eman. Hamas, Palestinaren okupazioaren aurka eta haren askapenaren alde egiten duen mugimendu islamistatzat azaldu zigun, XX. mendean Egipton sortutako Anai Musulmanek bultzatuta 1987.urtean eratu zena. Alderdi honen oinarrian erlijio musulmana dugu hortaz.

Biak ala biak okupazioaren amaieraren eta Palestina herriaren askapenaren aldeko alderdiak izanik ere, oso iritzi desberdinak (zenbaitetan kontrakoak) eman zizkiguten.

Palestinarako proiektuaren inguruan, hau da, Palestinako herriarentzat ezinbestekotzat duten irtenbideaz galdetu genien aurrena. Hamas-ek Estatu Islamista Bakarraren aldeko apustua egiten duela azaldu zigun haren ordezkariak, Palestina historikoko lurralde osoa hartuko lukeena: behin erlijio islamista oinarritzat lukeen Palestinako Estatua sortuta, bestelako erlijio zein nazionalitatedun jendartea bertaratzea egokitzat joko lukete. Al Fatah-k ordea, epe motz-ertainerako egokitzat joko luke bi estatuen irtenbidea (Israel eta Palestina), betiere, Palestina historikoko lurraldean Estatu Demokratiko Bakarra sortzeko bide bezala, azken hau bailitzateke irtenbidea Fayez-en hitzetan.

Bestalde, azken egunetan Israel eta Palestinaren artean ematen ari diren negozioazioen inguruan, Hamas-eko ordezkariak denbora galtze hutsa kontsideratzen dituen bitartean, Al Fatah-ko diputatuak Palestinako herritarrek  negoziaketei dagokienez esperantzarik ez dutela onartu bazuen ere, beraien presentzia negoziaketetan ezinbestekotzat hartzen dute, Israelekin akordioak sinatu baino, bakerako duten xedea azaltzeko. Akordioak sinatzekotan Israelek bete beharreko baldintza minimoak argi ditu Fayez-ek: Israelek 1967an bereganatutako lurraldeen okupazioaren amaiera, kolonialismo sionistaren amaiera, Palestina estatu subiranotzat  onartzea eta errefuxatuen egoerari dagokionez, Nazio Batuen 194 ebazpenaren onarpena, bueltatzeko eskubidea onartzen duena.

Palestinako Preso Politikoei dagokienez, ados daude bi alderdiak: ez dute gatazkaren erdigunetzat  Israelek preso dituen 7000 Palestinarrak. Gatazkaren muina okupazioa dela azpimarratu zuten biek, hura amaitzen ez den bitartean gaztakak bere horretan jarraituko duela iritzi dute.

Gazako egoera  eta Egipton eman berri diren aldaketak dira ordea bi alderdi politikoen arteko liskarrak agerian uzten dutena. Gazako blokeo egoerari dagokionez, Hamas-eko ordezkariak behin 2006ko hauteskundeak irabazi ostean, gainontzeko palestinar alderdien erasoak jasotzen hasi zirela aipatu zuten; horren aurrean, Gaza alderdi politiko usteletatik babesteko erabakia hartu zuten. Fayez Saqqaek azaldu zigunez, Anai Musulmanak 1929an Britainia Handiak sortu zituen eta Hamas, berriz, OLPko militantzia erasotzeko Israelek eratu zuen. Mugimendu islamistak jendartearen garapen logikoa geldiarazten duela iritzi du, Tunez eta Egipto horren adibide argi direlarik. Beraz, Gazaren blokeoan Israelez gain Hamasek ere erantzukizuna duela ezbairik gabe azaldu zigun diputatuak.

Egiptoko mugimenduen inguruan, Hamaseko ordezkariak horiekiko duen desadostasuna azaldu zigun; beraren hitzetan, Anai Musulmanak Egiptoko herriak demokratikoki aukeratu zituen eta Hamasek Gazan gainontzeko alderdi palestinarrekiko egoera bera paraitzen ari da bere ustetan. Fatah-ko diputatuaren hitzetan ordea, Mendebalde Erdiaren garapenerako ezinbestekotzat jotzen ditu aldaketa hauek, eta bide berria irekitzeko aukera delakoan dago.

Iritzi eta liskar partidista guzti hauen erdian okupazioarengatiko eguneroko zapalkuntza pairatzen duten palestinarrak ditugu, horietariko batzuei kontu hauen inguruan galdetzean ustelkeria hitza izanez aurrenekoa azaleratzen.