Preso palestinarren sostengua kudeatzen duen erakundearekin bildu da brigada

Ramalah hirian Addameer, Presoen sostengu eta giza eskubideetarako elkartearekin bildu gara, Sahar Francis zuzendariarekin hain zuzen ere.

Elkarte honen lan esparrua preso eta atxilotuei aholkularitza legala ematea, beren giza eskubideen urraketen aurreko defentsa eta honen inguruko datuak biltzea eta argitaratzea da. Nazioartean harreman batzuk dituzte eta nazioarteko ekimenetan parte hartzen dute, hala nola EEBBetan dauden preso politikoen aldeko kanpainak (Puerto Rico-ko independentistak, afroamerikarrak, Guantanamokoak…). Zentzu horretan, euskal preso politikoen egoerari buruzko ezagupena badaukate eta, azaldu digutenez, aurten urtarrilaren 12ko Bilboko manifestazioari begira manifestu bat helarazi zuten.

Munduan beren askatasunaren alde borrokatzen ari diren hainbeste herritan gertatzen den bezala, Palestinan errepresaliatu eta preso asko daude, 5.000 preso politiko baino gehiago, hain zuzen ere. Hauek, euskal presoekin gertatzen den bezala, sakabanatuta daude Estatu sionistan zehar, 4 galdeketa-zentru, 4 atxiloketa-zentru militar eta 17 kartzeletan (hauetako kartzel bat Autoritate Palestinarraren eskuetan izanda).
Preso politiko palestinarrak “segurtasun gune”-etan dituzte kartzelen barruan, gainontzeko presoei aplikatzen zaizkienak baino neurri gogorragoak pairatzen.

Familia eta abokatuen bisitak mugatzen dizkiete eta baimen bereziak behar dituzte. Horretaz gain, jaso dezaketen liburu kopurua mugatuta dago eta arabiarrez idatzitako egunkarien artean Al’ Quds baino ezin dute jaso. Honi gehitu behar zaio ikastea debekatuta daukatela.

Osasunari dagokionez, janariaren kalitatea oso baxua da eta kantitatea oso eskasa. Honek behartzen du kartzeleko kantinan janariak erostera, arazo ekonomiko bat sortuz ere. Are gehiago, kantinan dauden produktuak Estatu sionistan ekoiztuak dira, palestinarrak baino garestiagoak. Modu horretan, gainera, preso palestinarrak estatu zapaltzailea finantziatzera behartuta daude.

Higiene egoera, beste lekuetan bezala, oso txarra da eta asistentzia medikua oso urria. Entzun dugunak gogora ekarri digu hurbiletik ezagutzen ditugun euskal presoen kasu asko. Izan ere, gaixotasun larriak dituzten preso askok barruan jarraitzen dute eta kasu batzuetan ez dituzte ezta tratatzen ere. Adibide argiena orain dela hilabete batzuk kartzelan hildako preso batena. Nahiz eta minbizia izan ez zioten tratamendurik eman eta 4 hilabetetan hil zen.

Emakumeen kasuan, gizonek pairatzen dituztenetaz aparte, emakume bezala beste beheramendu batzuk pairatzen dituzte. Haien artean, erditzearena dago. Izan ere, kasu hauetan bilurrak ipinita ospitalera eramaten dituzte eta ohera lotzen dituzte. Egunean zehar umearekin 3 momentutan baino ezin dute egon eta behar bezalako janaria ez diete ematen. Umeak 2 urte beteta kentzen diete zaintza.

Badaude ere 18 urte baino gutxiagoko ume asko Estatu sionistaren kartzeletan, 190 zehazki, helduen antzeko egoeran. Aipatu behar da pasa den urteraino, adin txikikoak 16 urtera arte hartzen zituztela sionistek, ez 18ra arte. Izan ere, soldaduei harriak botatzeagatik edo antzekoengatik kartzelara sartzen dituzte askotan. Denbora luzez ez bada ere, esperientzia traumatiko honek markatzen ditu psikologikoki ume asko eta nahiko ohikoa da ikasketak uztea kartzelatik pasatu ostean, zego(z)kien ikasketa-kurtsoa(k) galduta.

12 urte baino gutxiagoko umeak ez dira kartzelara bidaltzen baina atxilotzen dituzte ere. Ordu batzuetarako besterik ez bada ere, militarrek erabiltzen dituzte umeak informazioa ateratzeko (zein ume eta gazte parte hartzen duten protestetan…).

Topaketan atxilotze-uneari eta hurrengo egunekoei buruz hitz egin digute ere eta oso hurbila egin zaizkigu entzundakoak. Ez da beharrezkoa luzatzea Estatu zapaltzaileen morroiek borrokalarien aurka erabiltzen duten bortizkeriari buruz. Atxilotze-tartea 60 egunetara arte hel daiteke legez eta 30 egunez luza dezakete. Tortura sistematikoa izateaz gain, presioa handitzeko batzuetan senitartekoren bat atxilotzen dute eta atxilotuaren aurrean eramaten dute galdeketara.

Estatu sionistak erabilitako beste figura juridiko bat atxilotze administratiboa da. Honen bitartez posiblea dute pertsona bat 6 hilabetez atxilotuta mantentzea bere kontrako kargurik izan gabe. Kasu batzuetan babesik gabeko egoera hau 2 eta 3 urteetara heldu da, kargurik gabe libre geratu arte. Beste behin ere, euskaldun batzuen kasuak etorri zaizkigu burura.

Presoen inguruko bilera batean ezin utzi galdetu gabe Autoritate Palestinarrak eta Estatu sionistaren gobernuak hasitako negoziaketen harira preso batzuen askatzeari buruz. Egun hauetan jaso ditugun iritzi guztiek kointziditu dute ez dutela ezertarako balio izango eta presoena antzezpena besterik ez dela.

Oraingo honetan erantzun bera jaso dugu. Izan ere, Osloko negoziaketak baino lehenago presondiegietan jarraitzen zuten 104 presoak oraingo negoziazioak hasi baino lehen askatuko zituztela adostu baziren ere, gobernu sionistak preso horiek 26 lagunetako 4 multzotan banatu ditu, era gradualean askatzeko. Era honetan, sionisten ustetan, palestinarrek ez badute betetzen negoziaketetan adostutakoa, eten dezakete edozein momentutan askatze-prozesu hori. Gainera, askatutako presoek uko egiten badiete ezarritako baldintzei (adibidez herri palestinar batzuetara joan ezin izatea) kartzeleratuak izango ziren berriz. Hau guztia gutxi izango balitz, dela egun batzuk askatutako 26 presoek oso gertu zuten beren kondena betetzeko momentua. Kasu batzuetan 6 hilabete barru geratu behar ziren libre, beste kasu batzuetan hurrengo urtean, eta beste batzuen kasuan 2015an beranduenez. Argi ikusten da zergatik antzezpen hitza erabiltzen den negoziaketa hauei buruz hitz egitean.

Bukatzeko, Estatu sionistaren estrategia zitalaz hitz egitean aipatu behar dugu bertako autoritatearen konplizidadea estrategia honetan. Hain zuzen ere, Autoritate Palestinarraren agindupenko indar errepresiboek okupatutako lurretako borrokalariak atxilotzen dituzte ere, eta kasu batzuetan indar sionisten esku utzi. Militante palestinarrei buruzko informazioa (eta honekin, atxilotuak izateko oso posibilitate erreala) sionistei pasatzen diete ere. Euskal Herrian ezagutzen dugun ohiko praktika ere.