Babes zubia Montevideora

Berrian argitaratutako artikulua

Norma Morroni (Hildako manifestari baten ama): "Gobernuaren dirua onartzea semearen bizitza saltzea litzateke, eta hori ez".

Azken urteotako manifestazioen argazki galeria

Gasteizek bere Martxoaren 3a badu, Montevideok ere badauka bere Abuztuaren 24a. Filtroko sarraskiaren urteurrena da: halako egun batez, duela ia hogei urte, diktaduraz geroztiko istilu larrienak gertatu ziren Uruguaiko hiriburuan. Milaka herritar irten ziren kalera, hiru euskal herritarri babes politikoa eman ziezaietela eskatzeko. Polizia tiroka oldartu zitzaien, eta, azkenean, Uruguaiko Gobernuak men egin zien Espainiaren presioei: Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez kanporatu egin zituen.

1990eko hamarkada hasieratik bizi ziren Montevideon. Denera, ia hogei euskal herritarrek jo zuten garai hartan Uruguaira arrazoi politikoengatik. Gehienak Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta bizi ziren lehendik. Garai hartan, alderdi sozialistak zeuden agintean, Madrilen zein Parisen: Felipe Gonzalez zen batean presidente, eta François Mitterrand bestean. ETAko ustezko kideak kanporatzeko ituna egin zutenean, errefuxiatuei lan baimena kentzen hasi zen Frantzia. Horrek Espainiaratzea ekar zezakeela ikusita, askok munduko beste txokoetan bilatu zuten babesa.

Uruguaira joan zirenen artetik, lehenengoa Josu Lariz elgoibartarra izan zen, 80ko hamarkadaren amaieran; pare bat urtean besteek jarraitu zioten, tartean Manueltxo Goitia oñatiarra. "Lanpostua lortzeko modua geneukan", azaldu du Goitiak. Jatetxe bat zabaldu zuten Montevideon bertan, La Trainera , eta guztien artean alokatutako etxe batean jarri ziren bizitzen.

1992ko maiatzean, Uruguaiko Polizia La Trainera -ra sartu zen, eta sarekada bakarrean atxilotu zituen jatetxeko 30 langile inguru; tartean, hamahiru euskal herritar. Herrialdera sartzeko dokumentazio faltsua erabiltzea leporatu zieten. Delitu arina izanagatik, Uruguaiko mugak itxi zituzten egun hartan, inork ez zezan ihes egin. Izan ere, atxiloketek beste arrazoi bat zeukaten: Espainiako Gobernuak iheslarien estradizioa nahi zuen.

Bartzelonako Olinpiar Jokoen eta Sevillako Exporen urtea zen: Espainia oihartzun handia izaten ari zen nazioartean, eta kanpaina mediatiko gogorra abiatu zuen euskal iheslarien aurka. Atxilotu zituzten egunean haiek eramateko hegazkina prest zegoela ekarri du gogora Goitiak. Espainiako Polizia ere bertara joana zen, baita epaile bat ere: iheslariak galdekatzeko eskatu zuen, baina Uruguaiko epaileak ukatu egin zion. "Uruguai bere kolonia bat balitz bezala jokatu zuen Espainiako Gobernuak", azaldu du Montevideoko Euskal Etxeko zuzendaritzako kide Gloria Zuazolak: "Hemen, oso arraroa da inor arrazoi politikoengatik kanporatzea: alde bateko zein bestekoei eman diegu babesa. Bistan zen bi gobernuak negoziatzen aritu zirela".

Legez, hiru hilabeteko epea zeukan Madrilek atxilotuen estradizioa eskatzeko. Apurka, batzuk aske gelditu ziren, eta, azkenean, zortzi eskaera heldu ziren tramitaziora: Lariz eta Goitiaz gain, Mikel Ibañez, Luis Mari Lizarralde, Agurtzane Delgado, Pedro Gomez, Amaia Arakistain eta Juan Jose Urrutia behin-behinean preso gelditu ziren, Uruguaiko Justiziak haiek kanporatu edo ez erabaki bitartean.

Babes politikoa Uruguain

Uruguai, tradizioz, immigraziorako eta babeserako herrialdea da. "Hemen ia ez dago bertakorik", azaldu du Zuazolak: "Indigenak oso gutxi dira: denak akabatu zituzten, eta gainontzeko guztiok etorkinen ondorengoak gara". Uruguaitarren %30 eta %40 artean euskal jatorrikoak direla kalkulatzen da: "Euskal herritarra ez da edonor hemen".

Bestalde, babes politikorako ere bazegoen sentsibilitate berezia 1990eko hamarkadan. "Diktadura amaitu berria zen, eta errefuxiatuta egondako uruguaitar mordoa etxera itzultzen hasiak ziren 1985az geroztik". Fresko zeuden diktadurako debeku eta errepresioak: gazteek etxetik ezagutzen zituzten erbesteko eta espetxeko istorioak. Beste herrialdeetatik etorritako askok ere Uruguain hartu zuten babes, sasira jotzeko arrazoi politikoa edozein izanda ere: Latinoamerikako erregimen militarrek jazarritako asko errefuxiatu ziren bertan, baina baita, esaterako, Argentinan boteretik kendutako kolpistak ere. "Uruguaitar batentzat, ez zen pentsatzekoa hiru euskal herritarri babesa ez ematea".

Garai hartan, Alderdi Nazionala, alderdi zuria , zegoen agintean: diktaduraren osteko bigarren gobernua zen, Luis Alberto Lacalle presidentea buru zela. Lacalle ez zen euskal iheslariei babesa ematearen aldekoa, eta hori behin baino gehiagotan adierazi zuen. Zuazolaren arabera, harreman ona zeukan Espainiako Gobernuarekin, eta horregatik onartu zuen iheslariak atxilotzea: "Ikus zitekeen nola zetorren kontua. Hor negozio bat zegoen, truke bat".

Baina estradizioak onartzea konplexuagoa zen. Izan ere, Espainiak eta Uruguaik 1885ean sinatutako itun baten arabera, ezin daiteke inor delitu politikoengatik kanporatu. Agiriak, dena den, zabalik uzten du zirrikitu bat hilketagatik eskatzen dituzten kasuetarako. Horregatik, Uruguaiko Justiziak banan-banan aztertu zituen atxilotutako iheslarien auziak.

Elkartasun kanpaina

Atxilotu eta hiruzpalau hilabetera, atxilotuetako batzuk espetxetik irteten hasi ziren: Espainiak ere delitu arinagoak leporatzen zizkien, eta Uruguain zabaldutako auziarengatik —agiri faltsuak erabiltzea— ezin zituzten luzaroan preso eduki. Lariz eta Gomez izan ziren lehenak irteten; jatetxea berriz martxan jarri eta elkartasun kanpainari ekin zioten buru-belarri. Epaia jakiteko falta zen minutu oro baliatu beharra zeukaten euren egoeraren berri eman eta babesa lortzeko.

Ordurako, abian zen errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpaina. Iheslarien senide eta lagunek jarri zuten martxan, baina uruguaitar asko hurbildu zitzaizkien. Haietako bat zen Eduardo Santibañez: alderdi komunistako kide izandakoa zen, eta Bilbon bizitakoa. Errefuxiatuak, dena den, ez zituen lehendik ezagutzen: "Banekien jatetxea zeukatela, baina ez askoz gehiago. Atxilotu zituztenean, epaitegira joan nintzen protesta egitera". Manifestazio batean, iheslarien aldeko elkarte baten berri jakin zuen. Sortu berria zen Atxilotutako Euskal Herritarren Babeserako Batzordea: "Lehenengo bilera eliza batean egin genuen, gauez. Hortik aurrera, lanean hasi ginen: kartzelan bisitatzen genituen... Askok orduantxe jakin zuten euren berri, baina elkartasuna adierazten ziguten hala ere".

Ezkerreko alderdi eta mugimenduek berehala bat egin zuten babes eskaerarekin; Nazio Askapenerako Mugimendua-Tupamaroak gerrillak agiri bat argitaratu zuen Euskal Herriko mugimendu independentista babestuz, baina elkartasun kanpainaren aldarrikapen nagusia babes politikorako eskubidea zen. Asilo eskubideaz hitz egin zedin nahi zuten, iheslariei leporatzen zizkieten delituak eta ETA bera ia aipatu gabe. "Apurka, Euskal Herriko gaien berri izaten hasi zen jendea".

Izan ere, haien aurkako kanpaina gogorra ere bazen abian: "Handik heltzen ziren albiste guztiak atentatuenak izaten ziren. Espainiako Gobernuak bideoak bidaltzen zituen, hemengo albistegietan emateko; Rafael Vera [Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkari ohia] bera ere etorri zen". ETAren jarduera Latinoamerikatik prestatzea leporatzen zieten. Bestalde, bi gobernuen arteko akordio baten berri jakin zuten: Espainiak armadarako ibilgailuak eta kreditu bigunak agindu berri zizkion Uruguairi.

Lan diplomatiko zabala egin zuten. MNLri jarraika, Fronte Zabala osatzen zuten gainerako alderdi ezkertiarrek ere adierazi zieten babesa, baina amaierara arte ez ziren zuzenean inplikatu. Hala ere, diputatu batzuek errefuxiatuen aldeko lan itzela egin zutela ekarri dute gogora Santibañezek eta Goitiak. Alderdi Sozialistako Guillermo Chifflet izan zen kasu nabarmenena: garai hartan Barne ministro zen Juan Andres Ramirezi azalpenak eskatu zizkion atxiloketengatik, eta egitasmo bat jarri zuen martxan parlamentariek presoak kartzelan bisita zitzaten. "Izugarrizko arrakasta izan zuen", azaldu du Santibañezek: "Kolore guztietako 50 edo 55 parlamentarik sinatu zuten babes politikoaren aldeko adierazpena". Goitiak azaldu du askok lehendik ere bazutela iheslarien berri, eta ez zutela haiekiko atxikimendua ezkutatu: "Jende piloa ezagutzen genuen jatetxetik; bazekiten lanera joanak ginela. Lacalle presidentearen emaztea gutxienez bi aldiz etorri zen, eta Ramirez Barne ministroa ere bai. Behin galdetu zioten: 'ETAko kideak dira?'. Eta erantzun zuen: 'Ez dakit. Dakidan bakarra da oso ondo ematen dutela jaten'".

Euskal Herritik ere joan zen ordezkaritza politiko bat Uruguaira, tartean Jon Idigoras Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea eta Karmelo Landa, eurodiputatu gisa. "Elkarrizketa ugari egin zizkieten hemengo telebista kateetan", Santibañezen arabera. "Panfletoak banatzen genituen, presoen egoerari buruz hitz egiten genuen... horrela hasi zen jendea egoeraren berri izaten". Iheslariek, estraditatuz gero, torturak sufritzeko arriskua zutela azaltzen zieten, eta Espainian ez zietela bidezko epaiketarik egingo.

Kalean, sinadura bilketari ekin zioten: 15.000 biltzea zen asmoa, baina aise gainditu zuten kopuru hori. Sindikatuek erabateko babesa adierazi zieten errefuxiatuei, eta bi irrati katek jarraipen zabala egin zioten kanpainari. Azaroaren 13an musika jaialdi bat ere egin zuten, Euskal Herritik joandako artistekin. "Gaia bazter guztietan zegoen", azaldu du Santibañezek: "Kalean pintaketak ikus zitezkeen: Euskal herritarra izatea ez da delitua".

Atxilotu gehienek, ordea, preso jarraitzen zuten, kaleko baikortasunarekiko zuhur. Haietako bat zen Goitia: "Uruguaitarrek ezin zuten sinetsi handik bidaliko gintuztela. Baina guk lehenengo egunetik genekien: hilketa egozten zietenak, kanpora. Batzuen estradizioa nahitaez onartu behar zuen Uruguaik, Espainiaren presioagatik. Eta delitu handienak guk geneuzkan. Bagenekien hemen bukatu behar genuela".

1993ko otsailean heldu ziren epaiak. Uruguaiko bigarren mailako zigor auzitegiko Alfredo Gomez Tedeschi epaileak Lizarralde, Ibañez, Goitia eta Delgado estradita zitzatela agindu zuen. Lariz, Arakistain, Urrutia eta Gomezi, berriz, "heriotzarik gabeko ekintza armatuetan parte hartzea" egozten zien Espainiako Justiziak, eta, horregatik, Uruguaik ez zuen onartu haien estradizio eskaera. Hor markatu zuen Gomez Tedeschik delitu politiko baten muga. Sententziak zioenez, "talde armatu bateko kide izatea ez da soilik zerikusirik ez duen zerbait: Espainiako Estatuaren eta Uruguairen arteko estradizio itunetik kanpo dago espresuki. Izan ere, ituneko IV. atalak dioenez, estatu baten barne segurtasunaren aurkako delitu oro delitu politiko tipiko bat da". Definizio horrek, berez, ez ditu kanpoan uzten hilketagatik akusatutako pertsonak. Beraz, salbuespena justifikatzeko, beste aurrekari batera jo behar izan zuen: diktaduraren osteko lege batek amnistia eman zien preso politikoei 1985ean, salbu eta delitu horrexegatik zigortutakoei. Hala, Uruguaik "lehenbiziko estradizio politikoa" onartu zuen, Goitiaren hitzetan.

Lehenengo gose greba

Iheslariek helegitea jarri zioten epaiari, eta protesta egin zuten. "Bi gobernuek pagaburu gisa erabili gaituzte, bien arazoak estaltzeko", zioten 1993ko urriaren 25ean argitaratutako komunikatu batean: "Espainiako prentsa atzerakoienetik iritsi diren intoxikazio kanpainak eta Espainiak Uruguaiko Gobernuari emandako kreditu bigunak izan dira gure estradizioaren prezioa". Egun horretan bertan, gose grebari ekingo ziotela iragarri zuten.

Protestaren laugarren egunean, helegiteen auzitegiak Delgadoren estradizioa ere ukatu zuen, eta aske gelditu zen hura; beste hiru sententziei, ordea, eutsi egin zien. Urrutiak eta Arakistainek ere preso jarraitzen zuten, fiskaltzaren helegiteari buruzko epaia iritsi artean.

Espetxetik atera bezain pronto, presoen bozeramaile bihurtu zen Delgado: "Preso dauden kideek amaierara arte eutsiko diote grebari". Azaroaren 12an manifestazio jendetsua egin zuten Montevideo erdialdean, Cagancha plazatik hasi eta presoak zeuden espetxeraino. Grebalariak ahultzen hasiak ziren nabarmen: tentsioa apal, eta buruko mina izaten zuten. Goitiak, gainera, bihotzeko arazoak zeuzkan. 24. egunean, arriskuaz ohartarazi zuten zaintzen zituzten medikuek. Presoek, baina, ez zuten onartu indarrez elikatzerik.

Ordurako kendua zioten Barne ministro kargua Ramirezi. Haren ordezkoa, Raul Iturria, negoziatzeko prest agertu zen. Presoak hainbat kargudun politikorekin bildu ziren kartzelan; ustez akordioa lortu zuten, eta, aurki aske geldituko zirelakoan, gose greba bertan behera uztea erabaki zuten azaroaren 19an, 26 egun barau egin ondoren. "Irteteko eguna geneukan", oroitu du Goitiak. "Oso ondo zihoan: ia ez genuen sinisten". Abendu hasieran, Urrutia eta Arakistain ere libre geratu ziren. Beste hirurek, ordea, estradizio bidean jarraitzen zuten.

Espainiaren presioa areagotu egin zen. "Norbaitek ordaindu beharra zeukan. Halako despliegearekin, Espainiako Gobernua ezin zitekeen besterik gabe erretiratu". Martxoaren 3an, Uruguaik 92 anbulantzia eta hainbat polizia auto jaso zituen Espainiatik. Madrilek, gainera, 15 milioi dolarreko kreditu biguna eman zion ospitale militarra berritzeko.

1994ko abuztuaren 11n, baraualdiari berriz ekitea erabaki zuten presoek. "Uruguaiko Gobernuak traizionatu gaituela sentitzen dugu", zioen haien komunikatuak: "Agindu ziguna ahaztu du, bizkarra eman digu eta irribarrez hartu ditu Espainiako Gobernuaren eskaintza berriak". Handik astebetera, fiskalak Uruguaiko auzia ixteko eskatu zion epaileari. Jokaldia argi ikusi zuten Goitiak eta beste errefuxiatuek: "Uruguaiko kausa kendu eta Espainiakoa jarriko ziguten". Bidea libre zegoen estradiziorako. Hiru presoek azken baliabideari heldu zioten: janariari ez ezik ura edateari ere uko egingo ziotela jakinarazi zuten.

Protesta hark zekarren arriskua zela medio, Filtro ospitalera eraman zituzten Goitia, Lizarralde eta Ibañez, Poliziaren zaintzapean. "Ez genuen ezer hartzen", azaldu du Goitiak: "Entxufatuta egoten ginen, ordutik ordura odola hartzeko". Bost egunean lau kilo galdu zituzten, eta, orduan, medikuen sindikatuak ez zuen lagundu nahi izan, halako arriskua hartzea "etika profesionalaren aurka" zihoalako. "Okerrena burua da", oroitu du Goitiak: "Nik beste biak ikusten nituen, eta Lizarralde egunetik egunera zurbilago zegoen. Jan gabe bai, baina urik edan gabe...".

Kanpoan, protestak indartu egin ziren. "Grebalariak aske irtengo dira, edo hilda": kanpainaren mezuak egoeraren larritasuna islatu asmo zuen. Herritarrak ospitalearen parean elkartzen hasi ziren. Filtro ingurua kanpaleku bihurtu zen. "Erreakzio automatikoa izan zen", argitu du Santibañezek: "Ez zen soilik euskal herritarrengatik. Haiei babes politikoa ukatuta, uruguaitarrei ere ari zitzaizkien eskubide bat kentzen". Baina Uruguaiko Gobernuak erabakia hartuta zeukan. "Atxilotutako euskal herritarrak hiltzaileak dira euren herrialdean", esan zuen ordurako Barne ministro zen Angel Maria Gianolak: "Delituen frogak aurkeztu dizkiote gure Justiziari, eta hilketa ez da delitu politikoa".

Sarraskia eta estradizioa

Abuztuaren 23an, Uruguaiko sindikatu nagusiak greba orokorrera deitu zuen. Hurrengo egunean zen amaitzekoa Uruguaiko auziaren epea: ordu gutxiko kontua izango zen estradizioa. "Erabakia hartua zegoen", esan du Santibañezek: "Bagenekien ezingo genuela estradizioa saihestu, baina inpotentziak kalera irtenarazi gintuen". Manifestazioa antolatu zuten hurrengo arratserako. "Sindikatuek lanuzte orokorrera deitu zuten Filtrora joateko". 4.000 pertsonak inguratu zuten ospitalea; aurreko egunetan bezala, familia ugari zeuden tartean. Baina egun hartan ehunka polizia ere bazeuden. "Haien mugimenduak suma genitzakeen: jendea Filtrotik urrunarazten saiatu ziren, eta orduan hasi ziren egurra ematen", azaldu du Santibañezek: "Diktaduratik ikusi gabeko errepresioa izan zen". Polizia tiroka oldartu zitzaion jendetzari. "Zaurituak artatzen ari ziren erizainei ere egiten zieten eraso", Zuazolaren hitzetan. Presoek ospitaleko leihotik ikusi zuten eszena: "Barrikadak ikusten ziren, eta jendea lurrean. Milaka lagun. Medikuak leihotik aldentzeko esan zidan: bazekiten han behean tiroka ari zirela".

Istiluek gauerdira arte iraun zuten. Balantze ofizialaren arabera, manifestari bat hil zuten eta 36 zauritu, horietako hamabost balaz. Iheslariak 22:30ean atera zituzten ospitaletik. "Anbulantzia guztiak okupatuta zeuden istiluengatik, eta azkenean armadako bat ekarri zuten", oroitu du Goitiak. "Hegazkina goizetik zegoen Carrascoko aireportua. Medikuek goitik behera aztertu zuten, eta esan ziguten: 'Ezin dugu ezer egin, ez dauka akatsik'. Guk esaten genien lasai egoteko, gure asmo bakarra bidaia hura pasatzea zela, ez gintzaten torturatu". Azkenean, Gurutze Gorriko mediku batekin egin zuten bidea.

Protestek biharamun garratza ekarri zuten. Istiluen berri ematen aritutako bi irrati kateak itxiarazi egin zituen gobernuak: bat ez zuten berriz zabaldu. Idigoras eta Delgadori sei ordu eman zizkieten herrialdea uzteko, indarkeria bultzatzea egotzita. Fernando Morroni manifestari gaztearen heriotzagatik, lau poliziari auzia zabaldu zieten, baina guztiak absolbitu zituzten. Istiluekin lotutako beste bi heriotza isilarazi egin zituzten. Gianolari, berriz, ohorezko gurutzea eman zion Espainiako enbaxadak. Goitia, Ibañez eta Lizarralde Espainiaratu eta espetxean sartu zituzten. Baina Goitiak irribarrez nabarmendu du Espainiak "bi urte, hiru hilabete eta hamar edo hamabost egun" behar izan zituela hasierako asmoaren zati bat betetzeko: "Denbora asko da. Astia eman zigun harremanak sortzeko, gure berri emateko. Publizitate txar hori guztia, zertarako? Gu bezalako hiru pailazo atxilotzeko?".

Samara Velte (Berria)

Norma Morroni (Hildako manifestari baten ama): "Gobernuaren dirua onartzea semearen bizitza saltzea litzateke, eta hori ez"

1994ko abuztuaren 24an, Fernando Morroni gaztea lanetik heldu zen Montevideoko Lavalleja auzoko bere etxera. Oso baldintza xumeetan bizi ziren morronitarrak; oraindik, uralitazko xaflek eta nola hala elkartutako adreiluek osatzen dituzte etxe gehienetako teilatu eta hormak. Egun hartan, Filtro ospitalera zihoala esan zion amari, euskal iheslarien estradizioaren aurka protesta egitera. "Kontuz ibili", esan zion hark, "irratian esan dute Polizia militarra erotuta dabilela".

Egun hartan, semea ez zitzaion etxera itzuli Norma Morroniri (Colonia, Uruguai, 1944): Poliziaren hamabi balak harrapatu zuten. Filtroko sarraskian ofizialki hildako manifestari bakarra da. Gertakari haren ostetik, manifestazioetako lehen ilaran hartu zuen lekua Normak. Ia hogei urte geroago, erantzuleak epaitzeko eskatzen jarraitzen du.

Filtroko sarraskia gertatu aurretik, bazenuen errefuxiatuen berri?

Mundu guztia zegoen horrekin adi. Ez soilik euskal herritarrak zirelako: urteak zeramatzaten hemen lanean, eta hemengo politikariak ere joaten ziren haien jatetxera. Gainera, bagenekien ez zeukatela aukerarik, Espainiako Gobernuak ibilgailu militarrak eskaini zituelako estradizioen truke. Hemen, Frente Ampliok egina zeukan ospitale aurrean kontzentratzeko deia, eta jende asko elkartu zen: familiak, pertsona helduak, denak. Kanpaldiak egiten zituzten, mate termoekin eta aulkiekin.

Fernando ere joan zen. Zuri zer esan zizun?

Tarte baterako zihoala esan zidan, gero urtebetetze festa bat zeukalako. Badakizu, gazteek esaten dituzten gauza horiek. Goizeko ordubata aldera, bere lagunak deika etorri zitzaizkion: "Nando, Nando!". "Nor dabil Fernandori deika?", galdetu nuen: "Zuekin ez al zegoen, bada?". Baietz esan zidaten, baina tiroka hasi zirenean korrika hasi zirela, eta bigarrengo aldiz atzera begiratu zutenerako, ez zegoela beraiekin. Eroria zen ordurako.

Poliziak ez zizun deitu?

Hasieran ez zekiten ezer, baina polizia etxean izena esaten ari nintzen unean miliko bat agertu zen, esanez ospitale militarretik deitu zutela, familia hara joan zedila. Iritsi nintzenean, hiru mediku agertu zitzaizkidan: prestatu nahi ninduten. "Ez, ez dut entzun nahi", esaten nien, "semea ikusi nahi dut". Eta azkenean erakutsi zidaten. Etsai okerrenari ere ez diot desio ikusi behar izan nuena. Ezin nuen sinistu. Eroaren pare jarri nintzen: "Atera ezazue hemendik!". Etxera iritsi nintzenean, beste seme-alabak zain neuzkan: "Ama, eta Nando?". Dakidan bakarra beraiek kontatu didatena da: ohe gainean saltoka hasi nintzela, "hil egin didate, hil egin didate" oihukatzen.

Errefuxiatuek bazuten horren berri: beldurtuta joan zitzaizkizun.

Tramiteak egiten ari nintzela, lagun batzuk etorri zitzaizkidan, esanez kanpoan Euskal Herriko brigada bat zegoela. Esan zidaten: "Errespetua adierazi nahi dizute, baina ez dakite entzun nahiko diezun". Sartzeko esan nien: haiek ez zeukaten ezeren errurik. Nire semeak ikasitakoa baino ez zuen egin: solidarioa izaten, laguntza behar duenari ematen.

Hor hasi zinen militatzen.

Hor hasi nintzen semea gabe bizitzen ikasten, eta kalera ateratzen. Lehenbizi, ikusten eta entzuten; gero apurka sartu nintzen injustiziaren, zigorgabetasunaren, tratu txarren eta ulertzen ez ditudan gauza horien guztien mundu horretan.

Kalte-ordainik jaso duzu inoiz?

Astebetera eskaini zidaten. Beraiek horrela konpondu nahi dute dena: negoziatzen. Abokatua etorri zen paperekin. Han zeuden gure kideak; asko, zaurituak. Eta paperak atera zituen: "Ea, hainbeste ipiniko dugu zaurituengatik, hainbeste hildakoengatik...". Semea hil zidaten, eta gainera ordaindu nahi izan zidaten! Zero askoko zifra bat eskaini zidaten, baina niri ez zitzaidan axola. Manera onekin, mahaitik altxatu nintzen, eta barkatzeko eskatu nien kideei. "Baina Norma", esan zidaten, "zuk behar duzu dirua". Semea ez zidaten itzuliko. Pobreak ona daukan bakarra duintasuna da: behar ditudan gauzak edozein kideri eska diezazkioket, baina haien dirua onartzea neure semearen bizitza saltzea litzateke. Eta hori ez. Orain, behintzat, lasai etzaten naiz ohean. Eta ikusten duzu ez daukadala ezer: hainbeste urteren ondoren, kideek kanpoko laguntza lortu didate etxea osatzeko.

Fernandoren heriotza onartu zuten, baina beste bi isilarazi egin zituzten.

Beste gazte bat goizaldean hil zuten, Roberto Facal. Auzoko zinegotzia zen, eta batetik bestera ibiltzen zen argazkiak egiten eta irratikoekin hizketan. Manifestazioaren ostean etxera zihoala harrapatu, hil eta etxeko lorategian utzi zuten botata. Gero homosexualen arteko arazoak zirela esan zuten, baina gezurra da dena: etxetik ostu zizkioten gauzak kutsu politikoa zutenak ziren. Ikurrin bat eraitsi zioten, Che-ren irudiak, liburuak... Bestea militar baten semea zen: Alejandro Font. Aitak ez zuen nahi izan Filtrokoarekin nahasterik.

Ordutik zer moduzko harremana izan duzu gobernuarekin?

Ezta bat ere. Orduan ez ziren gerturatu, eta gerora ere ez. Filtrokoa gertatu zen lekuan merkataritza gune handi bat egingo dute orain. Ahazten ari da kontua: nork pentsatuko du hor jendea hil zutela? Pentsatuko dute zein polita den saltoki handi bat.

Gobernu aldaketarekin ere ez zen ezer aldatu?

Ez. Izan zitekeela uste genuen: ateren bat zabal ziezagukeen bakarra zen. Baina ezta hori ere. Ministerioari paperak eskatu genizkionean, ezertarako balio ez zuten batzuk eman zizkigun, besteak galdu zirela esanez. Baina gehiago ez: Tabare Vazquez, Pepe Mujica... ez da inor hurbildu.

Baina Frente Ampliok babestu zuen Filtroko manifestazioa.

Ospitale aurrean biltzeko deia egin zuten, eta beraiek ere agertu ziren oldartu baino lehentxeago. Zergatik alde egin zuten gero? Politikariak han geratu izan balira, ez zuketen tiro egingo. Baina joan egin ziren, eta deitutako jende berbera hantxe utzi zuten.

Diktaduran errepesioa sufritutako gobernu batengandik beste zerbait esperoko zenukeen.

Denak MNLkoak ziren, eta orain gobernuan daude: presidente, Barne ministro, Defentsa ministro... eta ez diezazkietela milikoak ukitu! Mujica han goian eseri da, eta orain Obamarekin paseatzera doa. Eta hemen, herria zigortzen dute. Orain izkinan geratzen zaituzte eta eraman egiten zaituzte: han bezala da.

Ez al dago memoria historikoa lantzen duen instituziorik?

Ez, ez dute onartzen. Jazarri egiten dituzte. Abuztuaren 14an ikasle martirien omenezko manifestazioak egiten dira urtero; aurtengoan Polizia infiltratu zen, eta gazteak kolpatu zituen. Beldurraren bidez egiten dute presio, jendea ez dadin gehiago manifestazioetara joan.