Askapenaren komunikatua Hondurasko gertakarien aurrean

Azken asteetako hauteskunde prozesuan bizitako gertaeren aurrean, Askapenak bere elkartasun osoa erakutsi nahi dio Hondurasko herriari.

Ezagunak dira Hego Amerikak bere burujabetza berreskuratzeko hasitako bidean jasan behar izan dituen eraso eta estatu kolpe saiakerak. Venezuelan, Bolivian eta Ekuadorren baina, kapitalaren botere hegemonikoek ezin izan zuten herritarren borondatea lapurtu. Paraguayn ordea, 2012an lortu zuten Lugo presidentea boteretik kentzea, aurrez 2009an Hondurasen Manuel Zelayaren aurka erabilitako estatu kolpe estrategia bera errepikatuz. Amerikar Estatu Batuen babes eta zuzeneko parte-hartzearekin, itxuraz biolentziarik gabeko estatu kolpea diseinatu eta burutu zuten, kokapen geopolitikoagatik eta militarki duen izaera estrategikoagatik ezaguna den lurralde honetan. Hilabete batzuk geroago, aurretik deituta zeuden hauteskundeak erabili zituzten estatu kolpeari mozorro demokratikoa jartzeko.

Ordutik, etengabea izan da herri mugimenduak jasan beharreko errepresio gogorra: hilketa selektiboak, nekazari zein herri mugimenduko militanteen aurkako jazarpena, eta baita hainbat kazetariren erailketa ere. Guztiak isilpean pasa dira mendebaldeko hedabide eta gobernuen ahotatik.

Lau urte hauetan baina, indarrak bildu eta ezkerreko alternatiba bat eraikitzeko gai izan dira Hondurasen, azaroaren 24ean ospatu ziren hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. LIBRE alderdiak irabazteko aukera handiak zituela erakutsi zuen kanpainan zehar. Baina beste behin ere, interes inperialistek herritarren borondatea lapurtu eta haien boterea bermatu nahi izan dute zonaldean. AEBen laguntzaz, kapitalaren botereak kontrolaturiko egiturek oniritzia eman diete hauteskunde emaitzei, herritarrek eta nazioarteko hainbat begiralek iruzur zantzuak erakutsi dituzten arren. Errepresioak ez du etenik izan eta dagoeneko hasi dira LIBREko militanteen kontrako eraso eta erailketak.

Garai gogorrak bizi ditu Hondurasek, eta Askapenak bere elkartasun osoa erakutsi nahi die bertako herritarrei, eraso inperialisten gainetik benetako independentzia eta burujabetzaren aldeko borrokan jarrai dezaten.