#Brigadak14 aurkeztu ditugu Txantrean

Atzo, Txantreako auzotegi lokalean egon ginen aurtengo brigada kanpaina aurkezten eta mahainguru bat egin genuen Saharako lurralde okupatuetan egondako brigadista batekin.

Aurkezpena 19.30tan hasi zen askapena eta brigaden inguruko azalpen labur batekin. Bertaratutakoei azaldu zitzaien brigaden helburu nagusia zein den: joan-etorriko internazionalismoa praktikatzea, brigadaren helmugako lurraldean gertatzen dena jasoz gero hemen kontatzeko eta hemen gertatzen dena bertako jendeari kontatzea, borrokan ari diren herri langileen arteko zubi-lana eginez. Hitzaldira hurbildutakoek interes berezia agertu zuten Gaztela-Aragoi eta Herrialde Katalanetara egin behar diren brigadekiko, izan ere, dakizuen bezala, aurten lehen aldiz antolatuko dira brigada hauek.

Ondoren, 2012 urtean Saharako lurralde okupatuetan egondako brigadista batek bere esperientzia kontatu zuen. Bertaratutakoek esan zuten bezala, Saharar herriarengan pentsatzean kanpamenduak etorri ohi zaizkigu burura, haietaz gehien ezagutzen duguna hori baita, lurralde okupatuetan blokeo mediatiko ikaragarria dagoelako. Baina Askapenaren brigadak lurralde okupatuetara joaten dira, eta bertan saharauiek jasaten duten errepresio bortitza eta bazterketa izugarriaren lekuko izaten dira brigadistak. «Basakeria horien berri emateko ezinbestekoa da brigada hauek antolatzea», azpimarratu zuen brigadista ohiak, «komunikabideen bitartez ez baitzaigu heltzen hango berririk».

Beraz, jarrai dezagun gure elkartasuna borrokan dauden herriei gerturatzen.

HAMAIKA HERRI BORROKA BAKARRA!