Independentzia mintzagai izan dugu Zizurren

Zizurren burutzen ari duten independentziaren astearen baitan, hitzaldia eskaini genuen atzo Esparru gaztetxean. Hitzordua 19.00tan izan zen eta 30 pertsona inguruk parte hartu zuten.

Askapenako militantea den Guillermo izan zen hizlaria eta independentzia zer den azaltzen hasi zen. Argi utzi zuen estatu bat izatea ez dela nahikoa independenteak izateko: Kontua da botere politiko eta ekonomikoa noren eskuetan dagoen. Adibide bezala hego Amerikako herrien kasua aipatu zuen. Espainiar eta poltugardar inperioetatik askatu eta estatu propioa eraiki zuten, baina estatua minoria kapitalista baten eskuetan egon da, inperio yankiaren esanetara gainera. Azpimarratu zuen Venezuelan, Bolivian eta Kuban kasu, oso argi dutela hau eta horregatik mintzatzen direla “bigarren independentzia” eskuratzeaz. Honetarako herriak estatuaren estruktura osoa eta botere ekonomikoa eskuratu beharra ditu, hau da, sozialismoa eraiki.

Puntu hau argituta independentzia lortzeko internazionalismoaren beharraz mintzatu zen. «Independentzia eta sozialismoa lortuko bagenitu Euskal Herrian, baina munduko gainerako herrien babesik gabe, egun bakarra ere ez genuke iraungo: potentzia kapitalistek edozein baliabide erabilita erasotuko gintuzkete», azaldu zuen, eta Kubaren praktika internazionalista jarri zuen eredutzat. Azpimarratu zuen munduko herri guztiak, bakoitza bere berezitasunekin, barku berdinean gaudela, eta elkarlanaren eta elkartasunaren bitartez ekin behar diogula hain ongi antolatua dagoen klase kapitalistari aurre egiten, benetako independentzia lortu nahi badugu.