Hamaika ekimen antolatu dituzte EHL sareko kideek Nazioarteko VIII. #elkartasunastean

Gaurtik hasi eta datorren astean zehar euskal herritarron burujabetza eta askatasuna eskuratzeko duten determinazioa bere egin eta Euskal Herriaren Lagunak (EHL) sareko kideek Europa eta Latinoamerikan ozen egingo dute aldarri: Gora Euskal Herria askatuta!

Amaiur, Sortu, Ernai, Eleak, auziperatuak, tartalariak, Ondarruko Herri-Harresiko kideak eta preso ohien laguntzaz hamaika ekimen antolatu dituzte:

Apirilak 4 Madrilen errepresioaren inguruko hitzaldi bat burutuko dute. Bertan Amaiurreko diputatu batek, ALA (Asociación Libre de Abogados de Madrid) eta torturaren aurkako koordinadorako kide eta abokatu batek parte hartuko dute. Hurrengo egunean berriz Euskal Jaia ospatuko dute. Hasteko Iñigo Cabacasen dokumentala ikusiko dute. Behin dokumentala ikusita pintxo eta Euskal Herriko produktuen gustaketa izango dute eta babarruna bat sabela ondo asetzeko. Egunari amaiera emateko Juanjo Anayam Jose M.Alfaya eta Orlys Pinedarekin musikaldia.

Aragon eta Herrialde Katalanetan berriz, apirilaren 9 eta 11ean hurrenez hurren Tartalarien eskutik hitzaldiak burutuko dituzte.

Italiako herri ezberdinetan ekimen ugari antolatu dituzte “Viva il Paese Basco libero!” aldarria ozen zabaltzeko. Bergamo, Milano eta Brescian besteak beste AFU taldearen kontzertuak, preso ohi edo eta Ondarruko herri harresiko kideekin hitzaldiak, afari eta pintxo jateak, liburuen aurkezpenak... dira besteak beste aurtengo elkartasun asterako prestatutako egitaraua.

Londresen eztabaida irekiak burutuko dituzte elkartasun astean zehar. Lehena apirilaren 5ean izango da "Civil Society-Political Society" izenburupean. Apirilaren 9an berriz independentziaren inguruko jardunaldia antolatu dute eta azkena berriz, Sortuko kide batekin izango dute apirilaren 11ean egungo egoera politikoaren gainean hitz egiteko. Asteari amaiera emateko Alaia Martin, Jokin Uranga, Xamoa eta Benat Gaztelumendi bertsolariekin egun handia izango dute.

Elkartasunak ordea ez du mugarik ezagutzen eta Ozeano Atlantikoa ere zeharkatzera iritsiko da. Txile eta Kolonbian ekimen ezberdinak egingo dituzte eta Argentinan, Buenos Airesen bertan elkarretaratzea egin ostean bertako Txindoki Herriko Tabernan preso ohi batekin telekonferentzia bat egingo dute.

Bolivian berriz apirilaren 11rako Euskal Herriko egoeraren gainean informatzeko jardunaldiak antolatu dituzte. “Euskal Herria Historia de lucha y resistencia” dokumentalaren proiekzioa burutuko dute, panel informatiboak jarri hemengo historia, dispetsioa eta bake prozesua azalduz eta presoei postalak idazteko espazio bat ere zabalduko dute. Egunari amaiera emateko herrien aldeko kantaldia antolatu dute.

Paris, Portugal, Dinamarka, Bretainia, Dublin, Belfast, Cork... munduko txoko ezberdinetan mendi martxak, hitzaldiak, dokumentalen proiekzioak, mahai inguruak... hamaika ekimen burutuko dituzte Nazioarteko VIII. #elkartasunastea n. Eta ekimenari amaiera emateko Frantziar eta Espainiar kontsulatuen aurrean “Gora Euskal Herria askatuta!” lemapean elkarretaratzeak burutuko dituzte.