Maiatzaren 10 eta 17an IV. Formazio Mintegiak antolatu ditugu

Beste urte batez “Herri jantzia, garaipenaren hazia” lemapean formazio mintegiak antolatu ditugu maiatzaren 10 eta 17ko larunbatetarako Lasarteko EleBeltz, sorkuntza eta eztabaida askerako topagunean. Izen emateko idatzi herrijantzia@askapena.eus helbid era.

Aurtengoa formazio mintegiak antolatzen ditugun laugarren urte izango da, izan ere formazio politikoa oso beharrezkoa dela argi baitugu. Garrantzizkoa da kapitalismoak zein inperialismoak Euskal Herrian edo bestelako herri zapalduetan aurrera daramatzaten erasoaldiak ezagutzea. Eta beharrezkoa da, zapalketa hauen aurrean altxatzen diren herri borroka esperientzia ezberdinak ezagutzea. Irakaspenez, pentsamenduz, hausnarketaz, esperientziaz... herria janztea da gure asmoa, biharko egunez bide propioak jorratzen jakin eta garaipena eskuratzeko.

Mintegiari Europa ekialdeaz hitz egInez emango diogu hasiera. Azken garaiotan jasotako gertaerak izango ditugu izpide eta benetan jokoan zer dagoen ulertzeko Gabirel Ezkurdiak hainbat gako emango dizkigu. Transnazionalez ere jardungo dugu eta bereziki munduko sistema kapitalistaren estrukturan betetzen duten papera aztertuko Luismi Uharterekin

Arratsaldean berriz Palestina aldera joko dugu eta arabiar herrialdetako matxinaden ondorioz sortutako eszenatoki berriaren eraginaz jardungo dugu Martxelo Diazekin. Lehen saio honi amaiera emateko, Bilgune Feministaren eskutik borroka feminista eta internazionalistaren berezitasunak eta uztarketa landuko dugu.

Maiatzaren 17an gonbidatu bereziek irekiko dute saioa. Izan ere Venezuelatik etorritako brigadistak izango ditugu gurean eta lehen eskutik azalduko digute Venezuela nahiz latinoamerikako borrokaren perspektiba. Venezuelatik Estatu Espainiarrera egingo dugu salto Iñaki Gil de San Vicenteren laguntzaz eta krisi testuinguruan nazio zapalduoi irekitzen zaizkigun aukerez jardungo dugu.

Arratsaldean Nekane Juradorekin Euskal Herrian eraiki nahi dugun sozialismoaren ezaugarri, tresna eta erronkez arituko gara. Saioa borobiltzeko, internazionalismoaren ingururuko azken dinamika bat izango dugu Askapenako kideen eskutik luzatua.

Mintegietan parte hartzen dutenentzat bazkaltzeko aukera ere eskainiko dugu bi egunetan Lasarteko Xirimiri Elkartean 12 €-ren truk. Eta IV. Formazio Mintegi hauei amaiera emateko, maiatzaren 17rako jaialditxo txiki bat ere antolatzen ari gara.

Beste urte batez, gurekin batera formazio ireki hauetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Izena emateko herrijantzia@askapena.eus helbidera idatzi besterik ez duzu eta Lasarteko Elebetz topagunean batuko gara maiatzaren 10 eta 17an.