Larunbatean hasiera emango diogu IV. Formazio Mintegiari
Larunbat honetan, maiatzak 10 hasierako emango diogu aurtengo “Herri jantzia, garaipenaren hazia” IV. Formazio Mintegi irekiei. Aurtengo saioetarako Lasarteko EleBeltz sorkuntza eta eztabaida askerako topagunea aukeratuko dugu, zein leku hoberik formazio politikoa lantzeko halako espazio batean baino?
Goizeko 10:00ak aldera emango diogu hasiera saioari eta Europa ekialdera begira jarriko gara. Azken egunetan albistegi eta egunkariak Ukraniatik datozen irudiz bete zaizkigu, baita manipulazioz ere. Zer da benetan guzti honen atzean ezkutatzen dena? Gabirel Ezkurdiak nazioarteko analistak jokoan dagoena ulertzeko gakoak eskainiko dizkigu.
Atseden txiki baten ostean Luismi Uharterekin jarraituko dugu saioa. Oraingo honetan eskuhartze militar eta konfrontazio zuzena beharrean, inperialismoaren eskularru txuriak izango ditugu mintzagai: transnazionalak.
Goiza amaituta, Xirimiri Kultur Elkartean mahairen inguruan batu eta bazkariarekin batera, apur bat despejatu, elkar ezagutu edo eta goizeko saioak komentatzeko aukera izango dugu.
Arratsaldeko 16:00etan lekuak hartu eta Martxelo Diazekin munduan nahiz Euskal Herrian erreferentzia den eta urteetako askapen borroka daraman herria ekarriko dugu gurera: Palestina. Kasu honetan ordea, azken arabiar matxinadek izaniko ondorioak aztertuko ditugu.
Azken atseden bat eginda, Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik borroka feminista eta internazionalistaren uztarketa eta elkar eragintzaz hausnartzeko aukera izango dugu ariketa eta dinamika ezberdinen bitartez.
Larunbat honetarako plan polita, ez? Bada gurekin eguna pasatzera animatzen bazara, mesedez, idatzi herrijantzia@askapena.eus helbidera.
Oharrak:
Non dago EleBetz? Lasarten bertan aurkitzen da, kale nagusia 62 zenbakia. Fabriken inguruan dago, fabrika okupatu bat baita. Hemen duzue mapa