Borroka internazionalistaren garrantzia azpimarratu genuen larunbatean Arrankudiagan

Euskal Herria Arraundeguorl egun internazionalista from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.

Pasa den larunbatean, maiatzaren 31 ehundak izan ziren Arrankudiagan antolatutako Euskal Herria #Arraundeguorl egun internazionalistara bertaratu eta parte hartzera animatu ziren lagunak.

Goize goizetik eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, asko izan ziren ekimen eta eskaintza kultural ezberdinetan parte hartzera hurbildu zirenak; opor internazionalisten saioa, #VenezuelaBrigadaren hitzaldia, pintxo dastaketa eta azoka, haurren tailer eta ipuin kontaketa, kantu jira, herri bazkaria, Uluka era Rojo Cancionero taldeen emanaldia, Irrien Lagunak, bertso saioa, kontzertuak... borroka eta festa ederki asko uztartu genituen Airaldeako kideek eginiko bideoan argi ikusten den bezala. Eskerrik asko!

@jaloniker-rek ateratako argazkia

Borroka internazionalistan ondar aletxo berria jarri eta eguna borobiltzeko, iluntzeko 21'00etan ekitaldi politikoa burutu genuen frontoian.

Lehen hitzartze eta agurra Aitor Renteria, Txatori eskaini genion. Gazte gaztetik konpromiso politiko handia erakutsi zuen eta horren ondorioz errefuxiatu egin behar izan zuen. Ez zuen sekula eten bere borrokarako konpromisoa eta euskarazko hedabideetan lanean jarraitu zuen. Iheslari politikoen etxera itzultzeko erabakiarekin bat iltzuli zen sorterrira. Larunbatean ezustean agur esan zigun ordea. Orain izar gorri berri bat dugu zeruan, bidea argitzen. Agur eta ohore, Txato!

Askapena zein Ernaiko kideen hitzartzeetan (beherako dituzue irakurgai) argi adierazi genuen borroka internazionalistaren beharrezkotasuna. Joan etorriko elkartasun politikoa munduko zein Euskal Herriko borrokaren historian presente izan da beti, gaurko egunez ordea, inoiz baino beharrezkoa dugu herrion arteko elkartasun eta lankidetza, zapaltzen gaituen sistema Kapitalista, Patriarkal eta Inperialista hau gainditzeko.

Venezuelako brigadista kideek ere berain tartea izan zuten ekitaldian eta bereziki azpimarratu zuten herri mugimenduaren garrantzia. Izan ere soilik herri antolatuak lor baidezake benetako eraldaketa eragin, herrion burujabetza eskuratu eta sozialismoa eraikitzea.
 

Hemen ikusgai dituzu egunak utzitako argazkiak:

Askapenaren hitzartzea:

Gora munduko borrokak!

Gaurko jai eta aldarrikapen egun hau indarrez azpimarratzera dator gure prozesu nazionalean nahiz sozialean internazionalismoak daukan izaera estrategikoa. Azpimarratu hitza erabili dugu, dagoeneko idatzita dagoelako joan-etorriko elkartasun politikoa herri honen historian.

Hasieratik, gure askapen borrokak osagai internazionalista garrantzitsua eduki. Eta horrek, gure borroka mundu mailako askapen borroka antiinperialistei lotzea ekarri du; Kuban, Vietnamen, Argelian edo beste hainbat tokitan. Urtez urte osagai internazionalista hori sendotuz joan da, Euskal Herritik kanpo piztu diren borroketan emandako ekintza eta konpromiso askori esker. Urruneko borrokak izenik ere, gure sentitu ditugu.

Ertamerikako iraultzetan euskal militanteen parte-hartzea, Pakito, Marta, edo eta Begoñaren borroka, mugarria ngarrantzitsua izan dira gure herritik abiatutako elkartasunaren eremuan. Zorionez, baina, euren konpromiso gorena ez da euskaldunon ikur internazionalista bakarra; hor dago 1986an Euskal Herriak NATOri emandako ezezko borobila, hor udaraz udara bizipenak, borrokak elkarbanatzera joandako milaka brigadistak, edo Euskal Herriko kaleak elkartasunez bete dituzten kanpaina guztiak. Urtez urte idatzi den euskal internazionalismo iraultzailearen atalak dira hauek guztiak.

Euskal internazionalismoak ez luke izen hori jasoko baldin eta beste herriek ez balute gureganako, gure borrokarekiko babes eta atxikimendurik adierazi. Iristen zaigun babesa gure herriarentzako elkartasun iraultzailea da, presoentzako elkarrtasuna, gazteria errebeldearentzako, langile klase borrokalariarendako.... Behin ere ez da eten berotasun hori, ez diktadura faxistaren garaian, ez eta gaurko diktadura faxista mozorrotuaren egunetan ere. Berotasun eta bizitasun horren isla argia dira Euskal Herriaren Lagunen komiteetatik. Edo eta Gaur bertan, hemen gure artean aurkitzen diren Venezuelatik Euskal Herrira etorritako lagun brigadistak ere! Benetan ohore handia da gurera etorri izana!

Honek guztiak gure borrokan berresten gaitu, Euskal Herriaren aldeko gure konpromisoa sendoan. Borrokan jarraitu eta gure askapen nazional eta sozialean sakontzeko konpromisoan. Preso politiko eta iheslari oro etxera ekarri eta guztion artean Euskal Estatu burujabe eta sozialista bat eraikitzeko konpromisoan. Baina, helburu guzti hauek betetzeko, ezinbestekoa da gaurdanik Euskal Herri internazionalista eraikitzen jarraitzea. Gainerako herri borrokalariekin bat eginez, elkar elikatuz, gure askatasun osorantz egingo dugu aurrera! Atzerapausurik gabe!

Horiek dira hartu beharreko konpromisoak. Hori da guregandik espero dutena bai hemen dauden burkideek, bai gure artean, zoritxarrez, ez daudenek ere.

Erantzukizuna handia da. Ez diezaiegun huts egin, eurek guri ez digute huts egingo eta.

 

Gora Euskal Herria askatuta eta sozialista!

Gora internazionalismoa!

 

Ernairen hitzartzea:

Gora munduko gazte borrokalariak!

Duela 35 urte Euskal Herriko gazteok borrokarako antolatu behar genuela argi ikusi genuen. Baina borroka hori aurrera eramateko, ezinbestean, munduko txoko ezberdinetara begiratu behar genuela ohartu ginen, eta hala, borroka internazionalistaren bidean lehen pausuak eman genituen. Bide hartan El Salvador, Kortsika, Italia, Herrialde Katalanak edota Irlandako lurretan borrokatzea tokatu zitzaigun, eurekin batera porrotak zein garaipenak bizitzea. Orduantxe konturatu ginen herrien arteko elkartasun politikoa praktikan jartzea ezinbestekoa genuela bakoitzaren biziraupenerako.

Elkartasuna herrien arteko samurtasuna dela zioen internazionalista nekaezin batek eta hala dela uste dugu guk ere. Euskal Herri aske eta burujabe bat nahi badugu behar beharrezko dugu sistema kapitalista patriarkalari eta inperialismoari hortzak erakusten dizkieten kideekin bat egitea.

Lehen Euskal Herria Arraundeguorl honetan, internazionalismoaren estrategikotasunaz mintzatu gara. Patriarkaturik gabeko mundua betaurreko moreak jantzita ikuskatzen ikasten gabiltzan moduan, gaurkoan, inperialismorik gabeko mundua ikusteko betaurreko gorriak jantzi behar ditugula ikasi dugu. Geure egunerokotasunean, ahal dugun neurrian, internazionalismoa praktikan jar dezakegula ondorioztatuz. Heziguneetan Israeli boikota eginez, brigada ezberdinetan parte hartuz edota borrokan dauden gazte errebelde ezberdinen esperientziak ezagutuz.

Gazteok zapalkuntza espezifikoa bizi dugu, bai hemen zein munduko beste edozein txokotan. Horregatik hain zuzen ere, geure indarrak batu eta etsaiari aurre egiteko estrategia martxan jarri dugu, geure moduan, gazteon problematika landu eta bestelako eredu baten alde lanean dabiltzan hamaika txokotako kide internazionalistekin. Gazte eta errebelde izateak, ordea, badu bere zigorra. Mundu borrokalari honetan milaka dira errepresioaren jo puntuan izandako eta oraindik diren gazteak; hemen ere, ondotxo dakigu zer den hori. Larrutik oraindu zuten duela 20 urte Uruguayko Filtroko ospitaleko gertakarien harira eraildako Fernando Morronik eta Roberto Facalek. Eurentzat, zein egun eredu bilakatu diren Pakito, Begoña edo Martarentzat, eta baita gaur hemen egon ezin diren borrokalarientzat geure mirespen guztia. AUPA ZUEK! Ondare izugarria utzi diguzue eta besteak beste, zeuei esker gaude gu gaur hemen, internazionalismoaren bidean harri berriak jartzen.

Euskal Herrian hasi eta mundu oso bat dugulako eraldatzeko, irabazteko, segi dezagun lanean, segi dezagun ernai! Euren testigua eskuartean dugula eta orainaren jabe izaki, batera ekinez aise lortuko ditugu geure helburu guztiak!

 

Gora Euskal Herria internazionalista!

Gora Euskal Herria sozialista eta feminista!