Estatu sionistaren aurpegi arrazista eta bortitza agerian, beste behin ere

Hiru gazte israeldarren ustezko bahiketa, egoera nahasi eta susmagarrian, izan da Estatu sionistak beste ofentsiba militar bat burutzeko erabili duen aitzakia. Gertakizun hauek testuinguru zehatz batean gauzatzen direla argi izan behar dugu ordea, Hamas eta Fatah-ren arteko akordioa publikoa egin eta aste gutxietara, eta baita preso palestinarrek atxiloketa administratiboen aurkako burutzen ari diren gose greba luze baten hain zuzen ere.

Ustezko baiketata aitzaki gisa baliatu du Estatu sionistak lurralde palestinarren okupazioa areagotzeko, kaleak indar militarrez hartu, etxez etxe sartu eta jendea atxilotzeko. Jazarpen honen ondorioz gazte palestinarrak hil dituzte azken egunetan eta beste ehundaka bahitu, ziegetan torturen bidez informazioa ateratzen saiatuko direnak. Herri palestinarraren borroka ahultzeko ahalegin berri batean aurrean gaude. Nablus, Hebron, Ramallah, eta beste hiri eta herri askotako kaleak herri palestinarraren aurkako zigorraren intentsifikazioaren lekukoak dira, ejerzito sionistak gauzatuta, Mahmud Abbas-en gobernuaren laguntzarekin (badaude jada soldadu sionistekin batera polizia palestinaren parte-hartzearen salaketak).

Bitartean, Estatu "demokratikoek" beste alde batera begiratuko dute, herri palestinarraren zapalketaren jarraipena bideratzen, bere zapalketaren ezinbesteko laguntzaileak izaten. Haientzat, sionistentzat bezala, pertsona guztien balioa ez da berdina. Oraindik ez digute esan zenbat hildako, bahitutako eta torturatutako palestinar balio duen israelda bakoitzaren bizitzak. Halakoetan argi geratzen da beste behin ere Estatu sionistaren eta gainontzeko Estatu askoren ezaugarri nagusietako bat: diskriminazioa, bazterkeria, arrazismoa.