Noarekin bilera egin ostean Gasteizko Euskal Herria-Palestina saretik euskal jendarteari mezua

Gasteizko Euskal Herria-Palestina saretik euskal jendarteari:

Euskal Herria Palestina Sareko 4 kide bildu ginen ostegunean Noa kantaria eta Gil bere taldeko musikariarekin ia bi orduz. Bilera adeitsu joan zen.

Noa eta Gil beren jarrera eta ibilbidearen gainean luze eta zabal jardun zitzaizkigun. Beren bakearen aldeko konpromisoaz, beren jarrera politikoez, bai eta beren jarrerak defenditzeagatik Israelen bertan ultraeskuindarren aldetik pairatu behar izan dituzten eta pairatzen dituzten eraso eta bazterketaz. Geuk ez ditugunak ez zalantzan jartzen eta ez gutxiesten.

Noa eta Gil saiatu ziren halaber ulertarazten gatazkaren konplexutasuna "ez da txuria edo beltza", "hainbat alderdi" eta horrekin batera palestinar eta israeldar gizartearen radiografia bana egin ziguten. Neurri handi batean planteatu zuten gatazka erlijio ikuspegitik. Bi aldeetan fanatikoak daudela azalduta eta musulman fanatikoek israeldarrak bukatu nahi dituztela. Nahiz eta onartu Hamas Estatu israeldarretik sostengatuta izan zela bere garaian Palestinako Askatasunerako Erakundea (OLP) ahultzeko, gatazka termino erlijiosoetan kokatu zuten nagusiki.

Era berean, gatazka konpontzeko gaur egun dagoen egoeratik abiatu behar dela, iraganean gehiegi arakatu gabe. De facto dagoenatik abiatu beharko zen elkarrizketa.

Batzuetan aipatu zuten Israel eta Palestinan bertan, baita kanpotik ere, bultzatu behar dena bakearen aldeko jarrerak direla, baina gatazka historiko-politiko honen zergatiei ekitea aldi batera utzi zuten elkarrizketan zehar.

Bi Estatuen irtenbidea babesten dutela aipatu ziguten, aurreko beste agerraldi batzuetan egin duten bezala. Estatu bakar bat non israeldar eta palestinar biziko liratekeen ez dute bideragarri ikusten, haien ustez, kolokan jarriko lukeelako israeldarren kultura eta hizkuntza.

Gure aldetik, guk argitu genien ez dagokigula guri zein irtenbide politiko beharko lukeen esatea.

Galdetu genien -gutunean artista eta akademikoek egin bezala- palestinarren eskubideen gainean eta hauek dira Noa eta Gilen hitzetatik atera genituenak:

  • Errefuxiatu palestinarren aferean, beren hitzetan "errealistak izanda ezinezkoa da errefuxiatuak itzultzea beren jaioterrietara", izan ere, arazo teknikoak alde batera utzita, errefuxiatuetako askok israeldar estatuaren mendeko lurretara itzuli beharko luketen heinean, horrek -berriz ere- "israeldar estatus judutarra kolokan jarriko luke judutarren hizkuntza, kultura...". Gaineratu dute errefuxiatuen afera poliedrikoa izan daitekeela Palestinan eta munduan, hau da, mundu osoan zehar daudela errefuxiatuak eta inork ez duela beren eskubideak aldarrikatzen (hainbat adibide eman ditu). Judutarrak beraiek behinola beren lurrera izandakora itzultzen bide dira Isralera joatean. Galdetu genionean nola defenditu ahal den judutar horien "itzultzeko" (komatxoak gureak dira) eskubidea eta palestinar errefuxiatuena ukatu, erantzuna izan da israeldar estatuaren gaineko azalpen bat (Israel da judutarren herrialde judutar bakarra, musulmanek, latinoek, anglosajoiek, germaniarrek... hainbat aukera dute, judutarrek bakarra). Planteatu zuten onartzen dutela errefuxiatuei konpentsazioak ematea, baina ezinezkoa dela bueltatzea, “nora? itzuliko lirateke?”. Zonalde horretan orain jende asko bizi dela eta ezin dela handik “kendu”.

  • Okupazioa: West Bank (Zisjordania) mugatu zuten. Estatu israeldarrak 1948tik aurrera okupatutako gainontzeko lurrak kontuan hartu gabe.

  • Apartheid-aren gainean, Israelen bizi diren palestinarrak judutarrekin berdintasunean bizi dira beren arabera. Ezin da alderatu, apartheidaren Sudafrikarekin, adibidez. Behin baino gehiagotan azaldu zuten Israel estatu demokratiko bat dela herritar guztientzat.

Bukatzeko eta PACBIren (Palestinian Campaign for the Academic & Cultural Boycott of Israel) irizpidei kasu eginez, ohartarazi genien Palestina eta Israelen arteko "gatazka" ezin dela simetria faltsuz aurkeztu, bi herri berdintasunean gerran, orekan, okupatzaile/okupaturik ez balego bezala. Erantzun argirik ez dugu jaso kasu honetan, baina Gasteizko kontzertuan eta gainerakoetan Noak botatzen dituen hitzaldiak aski argigarri dira.

Ulertu ahal dugu Noaren jarrera, eta Israelen jazarria izan daitekeela ere bai. Tamalgarria da, ordea, "ezkertiar" eta "bakezalea" (horrela aurkeztu zigun bere burua) den israeldar bat horrela entzutea. Berari azaldu diogu espero dugula boikot kanpainaren bidez, Israelgo Estatuaren jarrera -eta bere herritar gehienena tamalez- higatzea. Konponbide justu bat behartu dezagun.

 Euskal Herria Palestina Sarea-Gasteiz