"Ikusgarria da nola Iraultza Bolivarrak erabat aldatu duen Venezuelako hezkuntza"

Madril hobeki ezagutzeko aukera politaren ostean Venezuelara iritsi ziren euskal herriko brigadistak. Lehen egunetan UNEFAren (Universidad Nacional Experimental Politécnica de las Fuerzas Armadas) egoitza batera joan ziren. UNEFA goi-militarren seme-alabentzako unibertsitate elitista zen lehen, baina Chavezen gobernuak berreskuratu zuen eta herriari zabaldu zizkion bere ateak. Gaur egun, unibertsitate hau oso berezia da, aliantza zibiko-militara sortzeko tresna dira eta hemen ikasleen formakuntza hiru arlotan egiten da: akademikoa, ideologikoa eta militarra.

Hemen brigadistek bidali diguten bisitaren kronika:

UNEFAn bertako ikasleak politikoi formatzeko asteburu osoan zehar konferentziak eta eztabaidak zeuden antolatuta. Estatu guztietako ikasleek eta irakasleek hartu zuten parte, eta baita guk ere. Aipatzekoa da irakasle, errektore eta ikasleen arteko harremana: denek uniforme berdina eramaten dute, ekintza berdinetan hartzen dute parte eta harreman naturala daukate haien artean.

Gure lehenengo hitzaldia bertan eskaini genuen. Jendeak interesa agertu zuen eta parte hartzea oso handia izan zen.

Gure hitzaldiaz gain, Kolonbiako Marcha Patriotica mugimenduko kideen eskutik ere formazioa jaso genuen, eta izugarri ikasi genuen bertan bizi den gatazkari buruz. Gure hedabideek erabat estaltzen duten egoera bizi da bertan, errepresio maila oso bortitzarekin (hildakoak, iheslariak, mehatxuak, torturak...). Bertan ezinezkoa da lan politikoa egitea paramilitarren biolentzia jasan gabe.

Asteburua pasata Misión Madres de Barrio ezagutu genuen. Misio honi esker emakumeak euren artean antolatu egiten dira, euren beharrak zeintzuk diren eta asetzeko behar dituzten tresnak definitzeko. Asanblada moduan funtzionatzen dute eta proiektu asko sortzen dituzte elkarrekin, hala nola baratzeak.

UNEFAko eraikinetara bueltatu eta klaseetara sartzeko aukera eman ziguten, ikasleei zuzenean Euskal Herriko egoerari buruz hitz egiteko. Gure historia azaldu eta gaur egungo egoera esplikatu ondoren, Ikasle Abertzaleak erakundearen inguruan sakondu genuen. Bederatzi gelatan sartu ginen eta ikasleen harrera izugarria izan zen: interesa agertu zuten eta galdera asko egin zizkiguten.

Brigadak aurrera jarraitzen du eta guk beraiekin! Hurrengo egunetan kronika eta argazkiak jasotzen joango gara eta zuei hemen eskaintzen.

Herrion borrokak iruten ari gara!