Hau Hebroneko egoera da. Hau apartheida da.

Aidako errefuxiatu gunea atzean utzita, Hebroneko bidea hartu zute euskal herriko brigadistek. Zisjordaniako hiriburu ekonomikoa eta Jerusalemen ondoren herririk populatuena da eta bizi duen egoera administratibo berezia bertatik bertara ezagutzeko irrikitan ziren. Hebroneko emakume taldea, manifestazioak, umeen eskubideen aldeko eragilea edo preso politikoen senitartekoekin egoteko aukera izan dute. Ikusi:

Hebronera heldu gara eta kaleak bizi bizirik dagoz nonahi: dendak, edateko postu higigarriak, taxien etengabeko joan etorria, jende andana gora eta bera ibiltzen. Kaleetan dagoan bizitza ikaragarrizkoa da. Aldi berean, Hebronera heldu bezain laster jabetu gara Nikaba nahiko ohikoa dala, ez da apenas emakumerik belorik gabe ikusten.

Bazkalordua da eta jatetxe batera abiatu gara. Aurkitu dogun lehenengora sartu, janaria eskatu, eskilarak igo, eta hara…banaketa sexuala dagoan jatetxe batean sartu gara, gizonak alde batean, emakumeak eta umeak bestean.

Bazkalostean, bere etxean hartu gaitu palestinar kide batek. Bi familia desberdinetan lo egiteko proposamena egin deusku lau brigadistoi. Dudarik gabe proposamena onartu dogu. Hebronen inguruan eta berak burutzen dauan lanaren inguruan mintzatu eta gero, egotzi jakun etxera abiatu gara bikote bakoitza. Familiekin afaldu, keinuen bitartez komunikatu, eta oheratu gara.

Abuztuaren 14ko goizean, Hebroneko emakume eragile batekin dogu hitzordua. Bertako emakumeen errealitatea eta eragilearen funtzioak ezagutzeko helburuarekin. Elkartean aktibo diren familiako kide batek eta bere lagun batek egoitzara gidatu deuskue, biak ala biak emakumeak. Hitzordu honen ostean, Palestinako preso politikoen defentsan jarduten dauan eragile batekin elkartu gara. Presoen egoitzarako bidean, Hebroneko elkartasunarekin topo egin dogu. Elkartasun kalkulaezina. Ura, botikak, generadoreak, janaria, erropa, panialak, etab. Gazara heltzeko prest dagoz. Dana Hebroneko herritik bildua, antolakuntzaz eta auzolanean. Suhiltzaileentzako kamioi bat eta guzti han dago prest, Gazara joateko Israeldarren baimena noiz jasoko zain. Egun, ura, argia, eta oinarrizko elementuen faltan dira Gazan sionisten basakeriaren eta sarraskiaren ondorioz. Argi ikusi dogu, Hebroneko herria ez dala besoz gurutzatuta geratu. Elkartasunak ez dau etenik izango anai-arreben artean. Ezta guttiago ere.

Gure bideari jarraituz, presoen egoitzan, Palestinako preso politikoen egoeraren berri jaso dogu. Eragilearen jatorria azaldu eta presoak jasaten dabezan eskubide urraketak entzun doguz: tortura sistematikoa, erailketak, isolamendua, bisiten ukazioak, medikuntza esperimentuak etab. luze bat. Elkarrizketa honen amaieran, hitzordu bat lotu deusku preso den senide batekin.

Abuztuaren 15a, egun seinalatua zan gure egutegian. Okupazio sionista eta Hebroneko egoera berezia ezagutu ez ezik (H1 eta H2), brigade honek parte hartuko eban lehenengo manifa zalako. Lehenik ordea, okupazio sionista ikusi beharra egoan. Palestinako kide batekin ibilaldi bat egin dogu kolonia sionistak bertatik bertara ikusiaz. Palestinarrentzat egoera honek zer suposatzen dauan ikusi ahal izan dogu: mugimendu askatasun eza, check-pointak, lurren eta etxeen desjabetzeak, etxeen suntsiketak, kolonizazioa, militarizazioa. Hau Hebroneko egoera da. Hau apartheida da.

Herri mobilizaziora joan gara. 20 bat minutuko atzerapenarekin abiatu da manifa. Euskaldunen antzera, puntualitatea ez da palestinarren ezaugarri nagusia. Bai ordea indarra eta kemena. Oihuekin, Palestinako banderekin eta txaloekin aurrera goaz. Gizonak lehenik, umeak gero eta emakumeak azkenik. Manifaren amaieran polizia palestinarraren kordoi batekin aurkitu gara, Hebron erdian dagoan check point bat babestuz. Herritarrek kordoia gainditzen saiatu diranean, polizia palestinarrak beraien kontra kargatu dau. Hortik aurrera enfrentamentuak izan dira manifestari eta polizien artean. Manifa "erdi desegin" eta gero, polizia palestinarrak alde egin dau. Orai militar sionistak eta manifestariak enfrentatzen dira. Txarraskak eta balak alde batean, harriak eta ondak bestean. Egun horretan atxilotu bat (kazetaria) eta 13 bala zauritu egon ziran.

Abuztuaren 16an ume palestinarren eskubideen aldeko eragile batekin elkartu gara. Umeek jasaten dabezan eskubide urraketen berri izatea dogu helburu. Egoitzan gagozalarik hezkuntzaren, osasunaren, mugimendu askatasunaren, kolonoen erasoen eta atxiloketen berri jasotzen dogu. Gaur egun 16 urtetik behera, 300 bat ume dagoz kartzelaratuak. Israelen legediaren arabera, 12 urtetik aurrera presoratua izan zaitezke. Palestinarrek sufritzen dabezan eskubide urraketak, umeek ere pairatzen dabez. Gatazka politikoaren alde gordinetarikoa da honakoa.

Hitzordu honen ostean nazioarteko eragile kristau bateko bi kiderekin elkartu gara, egoera surrealista bezain probokatzailea ikusteko. Larunbatero, Hebroneko kolonoek, alde zaharretik ibilbide bat egiten dabe. Ibilbide hori diskurtso politico-erlijiosoaz mozorratzen dabe alde zaharraren egunerokoa eteteko eta palestinarrak probokatzeko. Ibilbide guztian noski militarrez babestua dagoz. Martxa sionista amaituta, kristauen egoitzara joan gara. Bertan palestinarrek sufritzen dabezan eskubide urraketen berri emon deuskue: mugimendu askatasuna, etxeen eraisketak, lurren desjabetzeak eta biolentzia militarra. Militarrek erabiltzen dabezan gas pote eta bala ezberdinen erabilerak eta ondorioak azaldu deuskuez. Ez dogu tarte askorik izan familia batekin geratuak baigengozan beraien testigantzak jasotzeko asmoz. Elkarrizketa honetan, errepresio sionistaren eragina lehen eskutik jaso nahi gendun. Besterik gabe, egongelan jasarri gara eta bizipenak kontatzen hasi da elkarrizketatua. Kolonoen erasoak batetik eta militarren erasoak bestetik, nahiz eta estuki loturik dagozan. Adibide batzuk laburki aipatzearren, kolono talde batek 9 urteko alabari ilea erre eutsoen; edota lehenengo intifadako testuinguruan nola balaz zauritua izan zan kontatu deusku. Aldi berean adibide zehatz asko eman dauz, nola orturatua izan dan deskribatuz (ehundaka aldiz atxilo egon baita). Hiru adibide hauek testigantzaren lagin txiki bat besterike ez dira. Palestinarren egunerokoa, gogorra bezain gordina da. Testigantza hau milaka eta milaka palestinarrek bizi izan dabenaren adibide bat besterik ez da. Hura Hebronen pasatu gendun azken gaua izan zan.

Hebroneko azken hitzordua preso politiko baten senideekin izan dogu. Presoaren ama eta anaia azaldu dira. Amaren begiradak mina eta sufrimena transmititzen eban. Ez zan guttiagorako, bere semea egoera oso larrian baitago. Hogei urterekin atxilotu ondoren, biziarteko zigorrera kondenatua izan zan. Jadanik 12 urtez preso izana dago. Sakabanaturik, esperimentu medikalak egiten deutsiez: xiringak lepoan sartu, eta pilulak hartzera behartuz (60 bat pilula egunean). Gaur egun ez dau bere ama nor dan gogoratzen. 100 kilorekin espetxeratu eban eta 40 kg eskas pisatzen dauz orai. Iaz ibiltzeko gai bazan ere, gaur ez da ere kabuz zutitzeko gai. Ama honen begirada bihotzean, Nabluserako bidea hartu dogu.