36 nazioetako jatorrizko emakumeek Buenos Airesen martxa handi bat egin zuten atzo

Atzoko egunean, Argentinako hiriburuan egun garrantzitsua bizi izan zuten jatorrizko emakumeek. milaka lagun bildu ziren “buen vivir” izeneko legea beharrezkoa dela aldarrikatzeko, emakume indigenen errespetua exijitzeko, gizarteak isildu eta baztertu dituen emakumeen eskubideak aldarrikatuz eta jatorrizko herrien arteko “erlazio armonikoa” berreskuratzearen alde. Historian lehen aldiz, 36 nazioetako jatorrizko emakumeek Buenos Airesetik martxan handi bat egin zuten. Estatu osoko adin guztietako emakumezkoak eta gizonezkoak batu zituen mobilizazio honek. Era baketsuan aurrera eraman zuten manifestazioa eta jai giro paregabean.

Hemen Garazi eta Nahiak Topatuko "Zutik munduko emakumeok" blogean otsailean egindako artikulua: Argentinako jatorrizko emakumeen martxa

Mobilizazio masiboa “jatorrizko emakumeen lehen martxa” kanpainian kokatzen da. Mobilizazioaren amaieran, 200 bat jatorrizko emakume legegintza jauregira iritsi eta diputatuen aurrean “Consejo de Mujeres del Buen Vivr” (Bizitze Onaren Emakume Kontseilua) sortzeko lege aurreproiektua aurkeztu zuten, bi urtez herriz herri asanbladetan biltzen egon ostean Argentinako jatorrizko emakume guztien artean adostu dutena. Proposamen honek jatorrizko herri bakoitzeko bi aholkulari izendatuko ditu, haien antzinako filosofiarekin bat egiten dutenak. Kontseilu honek, ondoren, kontsulta, parte-hartze, informazio eta difusio prozesu bat aurrera eramanen du “Buen Vivir” edo bizitze ona ziurtatuko duten politika eta araudiak proposatzeko eta aurrera eraman ahal izateko.

“Lehen aldiz Argentinako Estatuak dituen 200 urteetan, jatorrizko emakumeok gure hitza hiriburura dakargu. Gure proposamena bizitze onaren aldekoa da eta honekin guztiarekin Argentinako herria esnatzea eta gure pausoak jarraitzea espero dugu”, adierazi du Moira Millánek, martxaren koordinatzaile maputxeak. “Lurraren zaindari garen heinean, 36 jatorrizko herriek zeukaten erlazioa berreskuratu nahi dugu, Estatu logika berri bat ezartzeko, arbasoek zeukaten “bizitzeko artean” oinarrituko dena”, gaineratu du.

“Kongresura goaz Argentinako herriarekin hitz egin nahi dugulako” gehitu zuen Millanek, eta azaldu zuen jatorrizko emakumeak direla Argentinako beste kanpainia politikoaren protagonista, emakumeek egina eta ibilia.

Manifestazioa Roca genozidaren monumentutik hasi zen eta honi bizkarra emanez, “iraganaren ordezkari iluna” kontsideratzen dutelako, gaur egun ere jatorrizko herrien existentzia ukatzen duen sistema baten fundatzailea. “Arazoa ez da Julio Argentino Roca, arazoa funtzionario eta gizarteko sektore askok mantentzen duten logika da” ziurtatu zuen Millanek.

Oihu, dantza, musika eta jatorrizko herrietako jantzi koloretsuen artean, aldarriak ere agertu ziren, indigenenganako errespetua eta justizia eskaerak. Jatorrizko Herri bakoitza ordezkatzen duten koloredun banderak ere altxatu ziren.

“Gaur historia egiten ari gara” gehitu zuen koordinatzaileak, isildutako eta baztertutako emakumeak munduaren aurrean tinko agertzen hasi dira, “buen vivir” eta beste mundu bat posible dela sinesten dutelako.

“Espero dugu gure ahotsa entzuna izatea eta lurraren uterotik herri berri bat jaiotzea” amaitu zuen Moira Millánek.