Jai herrikoiak libre! Askapeña aurrera!
Gaur goizean, Bilbon, Askapeña, Bilboko Konpartsak, Gora Iruñea, Iruñeako Peñen Federazioa, Donostiako Piratak eta Gasteiozko Txosnek prentsaurreko bateratua burutu dute Askapeña Konpartsa internazionalistaren ilegalizazio eta disoluzio eskaera salatzeko.
Hemen Bilboko Konpartsek agerraldian irakurritako testua:
Beste behin ere, eraso berria jaso duen konpartsa bati elkartasuna agertu behar diogu Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostiako konpartsakideok eta jai arloko bestelako pertsonok.
Argazki honek ez du bere zentsua galtzen, behin eta berriro suertatu arren. Askapena konpartsak azken 24 urteotan Bilboko Konpartson Federazioko kide gisa egiten duen lana argia da. Ahalegin hori jai gunetik defendatuko da, hori baita euren zeregina: jai herrikoiak eta parte-hartzaileak aurrera eramatea. Jarduera arriskutsu horretan dihardu Askapeñak.
Baina, behin eta berriro, marmotaren eguna balitz bezala, Auzitegi Nazionalak Madrilera joanarazi eta sumariotan sartzen gaitu; jaietako lana jazarri eta kriminalizatzen du. Horretarako, gure festa ekimenekin loturarik ez duten bultzada politikoei jarraitzen die.
Argi utzi beharra dugu marmotaren egun honetaz nazka-nazka eginda gaudela. 2015ean gaude, baina, zentzugabe bada ere, badirudi denboran ezin dugula aurrera egin, maiztasun handiz atzerantz salto egiten duen denboraren makinan harrapatuta. Makina horrek behartzen gaitu gure elkartasuna agertzera eta, bereziki, elkartasuna ez dela delitua errepikatzera. Kasu honetan, elkartasun internazionalista ez dela delitua.
Gai honetaz fribolitatez joka gintezke, kontuan hartuta konpartsa baten ilegalizazioaz arinkeriaz aritzea zail xamarra dela, baina egingarria dugu, jaia eta parranda baikara. Hortaz, une batez fribolitateari ekin eta Madrili proposatuko diogu Denboraren Ministerioa sor dezan. Egungoa ez den garaian harrapatuta daudenez, gutxienez ofizial bilaka dezaten, horretarako Ministerio bat eratuz. Ea zortea daukagun eta, denbora-bidaia joan eta denbora-bidaia etorri, galtzen zaizkigun eta tarte batez atsedena hartzen dugun.
Baina arinkeriak alde batera utzita, argi utzi nahi dugu Askapeñak eta beste konpartsok lan egiten jarraituko dugula 1978tik hona egin dugun bezala, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, parekideak, iraunkorrak eta euskaldunak egiteko. Hain arrakasta handia duen eta, urtez urte, Bilbon, Iruñan, Gasteizen zein Donostian berresten den jai eredu hori. Espazio politiko askori gustatu ez eta, gure lana desbideratzeko asmoz, honelako trikimailuz eraso egiten duten jai eredua. Bada, esandakoa. Jarraitzen eta jarraituko dugu elkartasuna hertsatzen ez duten jai herrikoien alde lanean... eta hori ezin da ilegalizatu... jai herrikoiak ezin dira ilegalizatu, Auzitegi Nazionaleko jaun eta andereak, eta hori hemen... mundu errealean .. erabat zabaldutako sentsazioa da jendartean.
ASKAPEÑA KONPARTSAren irakurketa euskal internazionalismoaren aurkako prozesua abiatzean eta fiskaltzaren aldetik konpartsaren disoluzio eskaeraren aurrean
Entzutegi Nazionalak bost euskal internazionalisten aurka abian jarri berri duen prozesuaren aurrean, ozen salatu nahi dugu Estatu Espainolak bere diskurtso zapaltzailea zalantzan jartzen duen ahots oro ixilarazteko beste behin ere egin duen saiakera, oraingo honetan fiskaltzak eginiko Askapena erakunde internazionalistaren eta gure konpartsaren beraren disoluzio eskaerarekin.
Oraingoan, estatuaren botere faktikoek beste pauso bat eman dute eta, modu esperpentikoan, bere lana jai herrikoien defentsan eta sustapenean baino garatzen ez duen erakunde baten disoluzioa galdegiten du. ASKAPEÑA KONPARTSAren desegitea eskatzen duen autoak ez du inongo arrazoi edo zergatirik agertzen eskaera azaltzeko, beste hainbestetan ezagutu izan dugun eraikuntza judiziala baino ez; Egin, Egunkaria, AEK, Udalbiltza, Joxemi Zumalabe, eta abar kriminalizatu eta ehorzteko erabili izan duen eraikuntza judiziala baino ez, denborarekin izan dituzten absoluzio epaiek muntaia huts bezala agerrarazi duten berbera.
ASKAPEÑA KONPARTSAren konpartsakideoi egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da, Bilboko herritarrei, jaien bitartez, gure herriaren senide diren herrien errealitate eta borrokak ezagutaraziz. Konpartsa irekia gara, zabala eta gardena, gure lana jai eredu aske, alegera eta herrikoia garatzen egiten duguna, zeinetan bidezko aldarrikapen guztiek lekua izango duten, bai feminismoak, zein ekologismoak, autogestioak, edo elkartasunak eta, noski, internazionalismoak.
Eraso honetan guk ezin dezakegu ASKAPEÑA KONPARTSAREN aurkako agresioa soilik ikusi; Bilboko Kopartsen eta, oro har, Euskal Herri osoko jai eredu herrikoiaren kontrako erasoa da. Ez da jaiak bizitzeko gure eredu alternatibo honek jasan izan duen lehenengo erasoa, bai ordea larriena, bere garrantziagatik; ez da zigorraldi edo etenaldi bat: behin betiko desagerrarazi nahi gaituzte. Jaietan izan eta egoteko modu ezberdin horren flotazio-marrari erasoa da, eta, haren aurrean, konpartsa guztien erantzun irmo, argi eta ahobatekoak bakarrik dauka lekua.
Ez daukagu ezkutatzeko ezer. Internazionalistak gara. Jaia maite dugu, pozak, zorionak, elkartasunak eta borrokak haien lekua izango duten jaia. 24 urteko gure historian zehar, ASKAPEÑA KONPARTSAren ehundaka konpartsakideok modu publiko eta irekian egin dugu lan, xede bakarrarekin: Bilbon jai herrikoiak defendatu eta sustatzea, mundu hobe, justuago eta solidarioago baten aldarrikapenaren barnean.
Lan horretan aritu gara, ari gara, eta, kontrakoak kontrako, arituko gara.
JAI HERRIKOIAK LIBRE!
ASKAPEÑA AURRERA!